Mostrando entradas con la etiqueta Eneko. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Eneko. Mostrar todas las entradas

miércoles, 4 de junio de 2025

Anekone toponimoa

 Anekone da Elduaingo baserri bat. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

ANEKONEA (col.) Elduain
Toponimoak hiru elementu izango zituen, bukaeran artikulua, aurrerago genitiboa eta, oinarrian, antroponimo bat izan ohi da eta horrek Eneko gogorarazten du, Enekogorta toponimoan dagoena, beste askoren artean. Baina oztopo bat dago, hasierako bokala. Zoritxarrez ez dugu lekuko zaharrik eta ezin jakin inoiz *Enekonea izan den edo egungo izena eta ezagutzen zaion bakarra noizkoa den. Beraz, aurkezten dugun lotura ez da batere ziurra, izan ere, bokal aldaketa horrek ez du inolako azalpenik eta horregatik etimologia, datu gehiago jakin gabe, zalantzazkoa litzateke.

viernes, 5 de mayo de 2023

Lekosaez toponimoa

 Lekosaez da Busturia udalerriko baserri baten izena. Badu toponimo eratorri bat, Lekosaezondo, hau ere baserria.
Toponimoaren lekuko zaharragoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan, gehienak XVIII. mendekoak, baina bat da aurreko mendekoa:

Lecosaenz [N, TO]
Lecosaenz+ (la casa de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.
Lecosaenz+ (la cassa de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.
Lecosaez+ (la casa de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Lecosaiz+ (la casa de), Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.

Lecosaenz [N, NO]
Lecosaenz (San_J(ua)n de) [Lecosaenz (la cassa de) (pr.n.res)], Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.
Lecosaenz (de los herederos de) (Domingo de) [Lecosaenz (la casa de)], Busturia, a.1745,
FogVizcayaMs.
Lecosaenz (ynquilino) (Juan de), Forua, a.1745, FogVizcayaMs.
Lecosaez (Juan de) [Lecosaez (la casa de)], Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.

Hiru dira oikonimo honen aldaerak: Lecosaenz, Lecosaez eta zaharrena, Lecosaiz. Bigarren elementuaren aldaerek erakusten ditu Santxoren patronimikoetako bat dela, aldaera ugari dituena, toponimo honetan Saez, Saenz eta Saiz. Blog honetan bada beste toponimo bat, egitura berdintsua duena, Lopesantxesobia, aurrean Lope antroponimoa duena eta bukaeran hobi hitza, eta artikulua. Lekosaez antzekoa da, baina hasierako elementua, antroponimoa, ez da hain argia. Baina gerta liteke aldaketa batzuen ondorengoa izatea. Lehenik, hasierako fonema galdu zuen, zehatzago, e- bokala. Ondoren, n- > l- bilakaera gertatu zen, joera dago hasierako n- edo l- trukaketa egiteko, horrela, lasai : nasai, lapur : napur... Bestela, sudurkari disimilazioa ere gerta zitekeen, n-n > l-n. Edonola ere, hasierako sudurkaria aldatuko zen, etimologia zuzena bada. Bilakaera osoa eginez: *Enekosaenz > *Nekosaenz > Lekosaenz. Beraz, oinarriko antroponimoa Eneko izan liteke.

jueves, 4 de mayo de 2023

Enekokorta toponimoa

 Arabako toponimo hau lekuko bakar batez ezaguna da, XVI. mende bukaerakoa. Rueda y molinos de Álava liburuan dago, 147. or.: enecocorta, 1596.
Toponimoaren azterketak ez du zailtasunik, bi elementu izango zituen, Eneko antroponimoa eta korta izena. Oso antzekoa da Enekogorta toponimoa, Alonsotegi eta Barakaldo artekoa, Bizkaian. Aldatzen den bakarra kortaren hasierako kontsonantea da, Arabakoan ahoskabea eta Bizkaian ahostuna. Bitxia da haplologia ez gertatzea, bi silaba berdinak edo oso antzekoak elkarren ondoan jarriz gero, bat galdu ohi da baina aipatutako bi toponimo hauetan ez da gertatu, Bizkaiko toponimoan bi silaba oso antzeko zeuden eta Arabakoan bi silaba ia berdin zeuden. Bietan ez zen fusiorik gertatu, beharbada toponimoaren elementuak oso argiak zirelako eta haplologiaren ondorengoa ilunagoa gertatuko zitzaien hango hiztunei. Beraz, toponimoen gardentasunak eragotziko zuen haplologia gertatzea.

viernes, 10 de febrero de 2023

Enekogorta toponimoa

 Enekogorta da Alonsotegi eta Barakaldo arteko pinudi bat.
Toponimoaren lekuko zaharrik ez dago, baina egitura gardena du eta aldaketarik gertatu ez bada, analisia oso erraza du, alde batetik korta hitza, gorta aldaera zaharrarekin. Bestetik, Eneko antroponimoa egun ere ezaguna eta erabilia, baina mende batzuetan galdua izan zen.
Interesgarria da aipatzea haplologiarik gertatu ez dela, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak elkarren ondoan jartzen direnean bat galtzen dela. Hala gertatu izan balitz, toponimo honetan *Enekorta bezalakoa izango genuke. Ez zen hala gertatu, agian elementuak hain ezagunak izateak oztopatu zuen aldaketa hori.

miércoles, 1 de febrero de 2023

Enekoetxea toponimoa

 Enekoetxea da Arizkungo etxe bat. Lekuko zaharrenak XVIII. mendearen hasierakoak dira:

enecorena (1700)
enecorena, la [casa] de (1726)
eneconea (1817)
enekoetxea (1998)
Ikus daitekeenez, toponimoan aldaketa bat gertatu da, hasierako -(r)en + -a galdu dira eta ordezkaturik gertatu dira etxe + -a jarriz. toponimoaren oinarrian Eneko antroponimoa dago, Erdi Aroan nahiko erabilia izan zen eta gero mende batzuk igaro ziren galdu zela, eta XX. mendean berriro erabilia izan da. Enekoalor eta Enekoarria toponimoetan ere antroponimo bera dago.
Enekoetxea toponimoa, dirudienez, Erdi Arokoa litzateke, izan ere, garai horretan Eneko antroponimoa erabilia izan zen.

viernes, 27 de enero de 2023

Enekoalor eta Enekoarria toponimoak

Enekoalor da Akerretako aurkintza bat. Ez du lekukotza zaharrik, ezagutzen zaion lehenengoa 1996. urteko enekoalor da.
Enekoarria da Orbarako aurkintza bat. Lekukotza XX. mendean hasi zen, enecoarria (1916) lekukoarekin.
Bi toponimoak nafarrak dira eta bere analisiak ez du zailtasunik, aldaketarik gertatu ez zaie, behintzat, hala dirudi. Bi toponimoetan Eneko antroponimo ezaguna dago, bigarren elementuak dira alor eta harri, egungo hizkeran ere ohikoak.
Interesgarria da bi toponimo xume hauetan Eneko izatea, aspalditik ez da izan erabilia.
Dokuklik web-gunean lekuko batzuk badira, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Bilaketa egin da 1500-1800 urte tartea hartuz eta oso lekuko gutxi agertu dira, bi gizon besterik ez:

Nafarroako toponimoetara itzuliz, bietako lekukotza nahiko berria da, horrek esan nahi du inportantzia gutxikoak zirela, baina sortu zirenetik iraun dute, mendeak eta mendeak igaro arren.

miércoles, 17 de noviembre de 2021

Nekoralde-Nekoralde toponimoa

 Albiturko herriko baserri honek bi izen ditu, iturriaren arabera. horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialaren arabera, Nekolalde da. Baina 1:5000 web - Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunearen arabera, Nekoralde izena izango zuen.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

NEKORALDE (prop.)
Lekuko zaharragorik ez dago eskura, baina dauden lekukoekin etimologia eman daiteke. Toponimoak hiru elementu lituzke, Eneko PI, ola izena eta alde postposizioa. Jatorrian, beraz, *Enekolalde izan zitekeen, baina lehenengo bokala galduko zuen Nekolalde bihurtuz. Azken urratsa albokoen disimilazioa izango zen, l-l > r-l gertatuz. Fenomeno antzekoa, baina dardarkariekin, Altamugarri-Artamugarri toponimoan dago, jatorrian Artamugarri zena Altamugarri bihurtu zen, r-r > l-r disimilazioaren eraginez.

viernes, 12 de febrero de 2021

Enekotegi toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Elgeta ingurukoa izango zen. Lekuko bakar hori Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) liburuan agertzen da, 29. agirian, 1451. urtean:

Pedro de Enecotegui
Toponimoak bi elementu lituzke, Eneko antroponimoa eta -tegi atzizkia. Biak oso ezagunak, baina bada beste aukera bat, oinarriko antroponimoa Enekot hipokoristikoa izatea, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuaren 175-176. orrialdeetan agertzen dena:
Enekot (Eneko): Enechot (1211, Iratxe, 256, 274. or.), Ennecot (Larraga, 1330, LPN, 236), Enecot d’Imarcoain (Iru., 1350, Ur., 1952: 92), Enecot (Suh., 1353, Goih., 1966: 163), Enecot Carpentero (Gurbizar, 1366, LPN, 468), «Enecot, fijo de Garcia Yeneguiz» (Biotzari, ibid., 473. or.), Enecot (Gares, ibid., 552. or.), Enecot (Leizpartze-Lizaratzu, 1368, Goih., 1966: 189), Enequot de Orbaycieta (1413, Castro, XXX, 35, 23. or. Hau Eneco de Orbaiceta moduan ere ageri da), Enecot de Urdaniz (1414, ibid., XXXI, 476, 262. or.), Enequot de Qualbategui (Dg., 1422, Doc.Gasc.II, 329), Enecot de Gurpide (1423, Zier. & Ram., 2001, 32, 92. or.). Orpustanek (2000: 219) Joana Albretekoaren idazkari izan zen Enecot de Sponde edo Ezponda aipatzen du.
Enekoten oinarria Eneko da eta atzizkia, -ot(e). Beraz, bi antroponimoak izan litezke, Enekot + -tegi > *Enekotegi izango zelako. Gertaera antzekoa dugu Txomingotegi toponimoan, oinarriak *Txomingo edo *Txomingot(e) izan litezke, baina kasu honetan ez dago antroponimo hauen lekuko zuzenik.
Aukera gehiago daude oinarrian Eneko izateko, izena oso hedatua izan zelako, baina Enekot ez da ezinezkoa, nahiz eta Salaberrik ematen dituen lekukoak Nafarrak edo Ipar Euskal Herrikoak izan. Beharbada irizpide honi loturik, oinarria Eneko izango zen, beste aukerari atea erabat itxi gabe.