Toponimo hau Eako mapa toponimikoan agertzen da, beraz, lekukoa gaur egungoa da, ez dago lekuko zaharragorik.
Amumasolo agertzen den irudia:
Orotariko Euskal Hiztegian bilaketa egin eta ez dago, baina bada amuna, amona hitzaren aldaera. Euskal izen arrunta bada, baina Amuna antroponimoa ere izan zen Erdi Aroan eta hainbat toponimo sortu zituen, batzuk blog honetan aztertuak.
Baezpada, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) delakoan bilaketa egin eta, berriz, ez dago amuma, Eako inguru horretan amoma da erabiltzen den hitza amona esateko.
Toponimoaren amuma- loturik dago Amuna antroponimoa edo amuna izen arrunta. Aldaketa bakarra, un- > um- izan da, Gazume toponimoan bezala.
Beharbada egun erabiltzen den amoma hitzaren aurreko aldaera *amuma izan zen, gero, asimilazio bokalikoaren eraginez /o/ bihurtua: amuna > *amuma > amoma, a-u-a > a-o-a. Toponimoak gordeko luke aldaera zahar galdua, baina horretarako datu gehiago beharrezkoak lirateke.
Badago toponimo paralelo bat, Donostiako Atxumaitz toponimoa. Bere oinarrian, proposatutako etimologiaren arabera, aitona izena izango zelako. Bi toponimoek aldaketa bera jasango zuten, un- > um-.
Laburtuz, Amumasolo toponimoko oinarria Amuna/amuna izena izango zen, beharbada antroponimoa, baina ezin da alde batera utzi izen arrunta izatea, 'amona'.
No hay comentarios:
Publicar un comentario