viernes, 30 de diciembre de 2022

Duengo toponimoa

 Duengo da Gaubea udalerriko erreka-zuloa, sakana. Joan den mendearen erdialdeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

DUENGO, término de Bóveda.
Lekuko gehiagorik ez dago eta izena nahiko iluna da. Erdarazkoa da zalantzarik gabe, /ue/ diptongoaz gain, kokapena ere badago, erdararen eremuan.
Toponimoaren etimologia emateko interesgarria da Doñela toponimoa, Dominus antroponimoaren eratorria delako, Domnella hipokoristikoaren bitartez. Duengo ere antroponimoa izan zitekeen, Dominus izenean sortua, baina atzizkia -ico izango zen. Hala gertatu bazen, Dominus + -icus > Dominicus izena sortuko zen, hau ezaguna, baina ondoren erdararen eraginez aldatuko zen. Domnus antroponimoak erakusten du laburketa bat zela, Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) tesian azaldua:
[Domnus] [M, NOM]
Var. de Dominus (vid.), con síncopa KajantoCognomina 96, 362; Domno KajantoCognomina 363; vid. tamén Donno(ne). Para os seus resultados na toponimia, vid. PielNPoss 120.
Donnus 11.1026 TSamos 297; 11.1037 TSobrado I 159

Domnus+
Doniz (Johanne) 12.1121 (s.13) CDXubia 75
Gainera, gaztelaniaz hitz arrunta da dueño, dominicus izenetik sortua. Hasierako hitza Dominicus bazen gerta liteke bilakaera batzuetatik igaro ondoren Duengo izatea, dueño hitzetik hurbil, baina atzizkiak hitza zerbait aldatuko zuen.
Laburtuz, Duengo toponimoaren jatorria *Duengo antroponimoan bilatu beharko genuke, eta hau latinaren Dominicus antroponimoaren ondorengoa litzateke, erromantzearen bilakaera jasoa.

miércoles, 28 de diciembre de 2022

Doñela toponimoa

 Doñela da Iruña Okako aurkintza bat. Toponimo eratorri bat du, Doñelapea, hau ere aurkintza.
Toponimo beraren lekuko zaharrak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

DONELA, término antigua ermita de Trespuentes.
DOÑELA, 1706, labrantío de Trespuentes.
DOÑUELA, 1784, labrantío de Trespuentes.

DOÑELARAN, 1714, labrantío de Villodas.
DOÑALARAN, 1706, labrantío de Trespuentes.
Ikus daitekenez, bi toponimo daude, Doñela eta Doñelaran, honen bigarren elementua haran dela. Doñela interesgarria da, antroponimo batez osaturik dagoelako, beste elementurik gabe. Gainera, emakumezko izena da, Domnella, Dominus antroponimoaren hipokoristikoa, bukaeran -ella atzizki txikigarria dago. Kanpoko jatorria du, latin-erromantzezkoa eta aspaldian erabilia izan zen, horrela, Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) tesian jasoa du duela milurte bateko lekuko bat:
[Domnella] [F, NOM]
Fem. de Domnellus (vid.).
Donnella 10.950 TSobrado I 49
Bukatzeko, toponimo honek baditu nabarmentzeko alde batzuk, alde batetik antroponimoa, lurralde honetan gutxi ezaguna, gainera emakumezko izena da. Beste aldetik, antroponimo soila dago toponimoan, ez da ezer gehiago gehitu.

Doñakua toponimoa

 Doñakua da Arabako Donemiliaga udalerriko basoa. Toponimo honen lekuko batzuk daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

DOÑACUA, (1719), labrantío de Villafranca. 1849, monte de Vicuña.
DOÑACUAZABALA, término de Elburgo.
Villafranca eta Burgelu/Elburgo oso hurbil daude, Bikuña urrun dago. Beraz, alde batetik Doñakua eta Doñakuzabala toponimoak Villafranca eta Burgelu herrietakoak ziren, beste aldetik, bazen Bikuñako herrian beste toponimo bat, hau ere Doñakua izenekoa. Azken hau ziurrenik Doneakue toponimoaren aldaera baino ez da. Orduan, Doneakue eta Doñakua toponimo beraren aldaerak lirateke, Doneakue zaharrena litzateke.
Azken honen sarreran etimologia bat eman genuen, done + Jakue zen, hagionimo bat edo santu izen bat.

lunes, 26 de diciembre de 2022

Donoperi toponimoa

Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, XVIII. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

DONOPERI, 1713, labrantío de Heredia.
Lekuko bakarra bada, ez da zaila analizatzeko, nahiz eta bokal aldaketa bat jasan, asimilazio bat: e-o > o-o. Atzera eginez, *Doneperi eskuratuko genuke, eta orduan analisia gardena litzateke. Toponimoak bi elementu lituzke, done eta Peri, Petri edo Perai(o) antroponimoaren aldaera. Hagionimo hau Mitxelenaren eta Irigarairen Nombres vascos de persona lanean bi antroponimotan agertzen da:
Bet(i)ri Pedro: [...] Nos resulta difícil de explicar el a. vizc. Peri(a), conservado en el Confiteor probablemente por arcaismo, de donde procede el top. Dineperiaga (sic) en (S. Pedro) de Deusto y no de *Doneperuaga, como quería J. Gárate RIEV 24, 358: Bet. Iandone Periari (dos veces) «a S. Pedro»), Cap. Iandone (la segunda vez Iaundone) Periagaz san Pablori lit. «con S. Pedro a S. Pablo», pero VJ Iandone Peri, eta Paulori, Iandone Peri, eta Juan San Paulori.
[...]
Parai, *Perai Pelayo: top. Donaparai (sin duda de *Perai) Aberásturi (Alava), (Do)neperi ermita de S. Pelayo en Bermeo (Vizc.), Donaperi (señalado como dudoso por Eleizalde: ¿en qué sentido?) top. de Adana (Al.), que podria proceder también de Peri «Pedro».
Bi aukera daude, baina, beharbada, kontuan izanik toponimoaren zahartasuna Peri litzateke Petri ezagunagoaren aldaera. Jakina, hau ere ez da erabat ziurra eta lagungarria litzateke lekuko zaharragoak aurkitzea.

Gatxalbide toponimoa

Gatxalbide da Zigoitia udalerriko aurkintza bat. Araban bazen beste toponimo oso antzeko bat, Gatxalbidea, Gasteizkoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan bada XVIII. mendeko lekuko bat:

GACHALBIDEA, 1760, labrantío de Gamarra Mayor.
Toponimo hauek gogorarazten dute Gazalbide toponimoa, inguru berekoak direnak, hau da, Gasteiz udalerrikoak edo hurbilekoak. Toponimo honetarako eman zeneko etimologia zen gatzari -> gazal- + bide. Gatxalbide izenak azalpen berdina izango luke, baina ezberdintasun batekin, txistukaria, frikaria izan beharrean afrikatua da. Alternantzia bera aurkitzen dugu Gaziturri eta Gatxiturri toponimoetan, hauetan oinarria gatz zen, eta Gatxalbide toponimoetan gatzari, hau da, gatz + -ari atzizkia.

sábado, 24 de diciembre de 2022

Gaziturri eta Gatxiturri toponimoak

Gaziturri da Arabako hainbat herritan dagoen toponimoa. Urkabustaizen iturburua da, Zuian erreka eta aurkintza da eta Donemiliagan iturburua eta aurkintza.
Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan lekuko zahar eta berri batzuk daude:

GACITURRI, monte de Abecia. 1704, labrantío de Vitoriano.
GACITURRIA, 1723, labrantío de Chinchetru.
Gatxiturri da Gasteizko aurkintza bat, aipatutako likuruan lekukoa ere duena:
GACHITURRI, término de Lubiano.
Toponimo hauek aurkintzaz gain, iturburua eta erreka ere badira eta izanak lotzekoak dira izenarekin, toponimoen elementuak bi direlako, gatz eta iturri. Orotariko Euskal Hiztegian hitz elkartu hori agertzen ez bada ere, Araban behin eta berriz azaltzen da. Aipagarria da lekuko gehienetan gaziturri dela baina azkena gatxiturri dela, dirudienez honetan afrikatua islatu zen.

viernes, 23 de diciembre de 2022

Zubimozu toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra ezagutzen da, XVIII. mendekoa eta Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan dago:

ZUBIMOZU, 1716, labrantío en Echábarri Viña.
Toponimoak ez du misterio handirik jakinik bazela zubi-musu hitz elkartua, Euskal Autonomi Erkidegoko hainbat toponimotan dagoena, Durangoko Zubimosu-Zubipunta toponimoan, Gipuzkoako Zubimusu toponimoetan eta Arabako Fusimusu toponimoan, azken honetan zalantzazkoa.
Etxabarri-Dibiñako lekukoa zaharrena litzateke, urte gutxiagatik bada ere.
Aipatzeko geratzen da bigarren txistukaria <z> dela, beharbada asimilazioa gertatu da, z-s > z-z, baina hori ez da azalpen bakarra.