martes, 4 de mayo de 2021

Zubimusu toponimoak

 Zubimusu toponimoa ugaria da Gipuzkoan, bost dira izen hori duen lekuak: Urretxu-Zumarragan zubia, Gabirian baserria, Zestoan auzoa, Donostian hiri-parkea eta Villabonan aurkintza.
Lekuko zaharrak badira, XVIII. mendearen bigarren erditik hasita. Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 392. orrialdean:

... Zubimusu chiqui [...] Zubimusu...
Badago lekuko bat zaharragoa dena Donostiako toponimia izeneko lanean:
*ZUBIMUSU: Zubimusu (1773, D.U.A.-D-16-1990-1), Zurimusu (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Simusu (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Zubimusu (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Zubi-músu (16) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Zubimusú (1864, Casa de labor, N.P.G., 70 orr.), Zubi-mushu (1933, casa, E.B.S.S., 25 orr.); Zubimusu, Zubimuxu (1989, D.U.T.B.). 64-5-6, M.
Subimusu-menor (1842, casa, O.P.A., H-574, nº 633).
Azken lekuko hau, Subimusu-menor, 1775. urte inguruko Zubimusu chiqui izenaren itzulpena izan liteke.
Toponimo hauetan diren elementuak bi dira, aski ezagunak, zubi eta musu, eta biak elkarturik zubi-musu sortuko zen, Orotariko Euskal Hiztegian jasoa dena:
ZUBI-MUSU (Lar, s.v. punta, extremo). Extremo de un puente.
Aipatutako iturria Larramendiren hiztegikoa da, 1745. urtean. Donostiako toponimoaren lehenengoa 1773. urtekoa da, ia garaikideak dira eta lekuko toponimiko hauek erakusten dute zubi-musu hitza ezaguna eta erabilia zela Gipuzkoan, gutxienez bost toponimo sortzeko.

1 comentario:

  1. Irunen ere badago Zubimusu toponimoa, hainbat alorretako elementuekin lotua: Zubimusu baserria (XX. mende erdialdean eraitsia), Zubimusu erreka (Hondarribiko mugan isurtzen da Bidasoa ibaira), Zubimusuko zubia (gaur egun betelanak, errepideak eta biribilgune batek hartu dute haren lekua), Zubimusuko Malda (hala deitu izan zaio, herri hizkeran, Hondarribia kalearen maldari), eta Zubimusu kalea (hau Hondarribiko lurretan, mugakide duen Mendelu auzoan).

    ResponderEliminar