Arabako toponimo honen lekuko bakarra XVIII. mende hasierakoa da eta G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan bada:
"ACHAMICU, 1704, labrantío en Adana"
Lekuko gehiago bildurik ez dagoenez, lekuko bakar honekin azterketa egin beharra dago, jakinik lekuko bakarrek eragiten duten ziurtasun eza nabarmena.
Analisi etimologikoa egiteko, toponimoa ikusi eta berehala sumatzen da bukaerako silaba, batere ohikoa ez dena eta askotan denbora urrunera eramaten duela, eta baita ere kanpoko hizkuntzetara, Mutriku toponimoa bezala.
Atxamiku toponimoak, aldiz, ez du hain bide luzerako aukera emango, izan ere, gure etimologiaren arabera, toponimoa Erdi Aroan sortuko zen.
Atxamiku izenak bi elementu izango lituzke, Atxa 'Aita' eta Domiku. Biak antroponimoak, Aita, Mitxelenak adierazi bezala, praenomen bezala erabilia izan zen, gaztelaniaz zein euskaraz. Beraz, Atxa Domiku izeneko gizon bat izan zen toponimoari izena utzi ziona. Gerora, mendeen joanetan, izena laburtu zen, ziurrenik lehenik bokalarteko /d/ galdu zen eta ondoren /o/ bokala, eta prozesu hori bukatua izango zen XVIII. menderako.
Aita izenaren erabileraren beste lekuko toponimiko bat litzateke Txarabitana, hemen aztertutako toponimoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario