martes, 3 de marzo de 2020

Donikendi toponimoa

Arabako toponimo honi buruzko bi aipu baino ez dira ezagutzen, biak Gerardo Lopez de Gereñuren
Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan jasoak:
DONEQUENDI, 1713, labrantío de Gauna.
DONIQUENDI, término de Alegría.
Bi lekukoetatik, bata egungoa da, Dulantziko toponimoa dela adieraziz, Doniquendi; bestea XVIII. mende hasierakoa, Gauna herrixkako nekazaritza eremua, Donequendi. Kontuan izanik bi herriak mugakideak direla, kokapen zehatza jakin gabe ere, bi lekukoak toponimo bakartzat hartuko ditugu.
Toponimo honen azterketa etimologikoaz, Donebikendi toponimoaren azalpena honetarako ere egokia da, done 'santu' eta Bikendi antroponimoa. Erdi Aroko Donebikendi osorik bazegoen ere, Donikendi aldatu da, mendeak ere igaro dira eta bokalarteko /b/ galduko zen eta ondoren ei bokal multzoa soildu zen, lekuko zaharragoan /i/ galduz eta berriagoan /e/. Bebarbada bokal asimilazioak eragina izan zuen aldaketan.
Nabarmentzekoa da Donebikendi eta Donikendi toponimoak Arabakoak direla, santu honen kultuaren sustraien zahartasuna toponimian ere islatu delako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario