lunes, 19 de febrero de 2024

Lupizarrate toponimoa

 Lupizarrate da Arabako aurkintza bat, Donemiliaga eta Zalduondo herrietan dagoena. XIX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

LUPIZARRATE, 1830, término de Zalduendo.

Toponimoak bi elementu izango zituen, azkena harrate izena, hitz elkartua, harri eta ate izenez sortua. Beste elementua, hasierakoa, Lupiz izango zen eta bi azalbide daude hitz horretarako, bietan -itz atzizkia genuke, patronimiko sortzailea alde batetik eta jabetzakoa, toponimian. Toponimoaren hasierak gogorarazten ditu Lupiaran eta Lupiola toponimoak, hauetarako Lupi antroponimoa proposatu dugu. Toponimo honetarako berdin egingo dugu, Lupiz hasiera dela patronimikoa, dela jabetza adieraztekoa, jatorri bera izango zuten -is latinetik euskarara egokituz.
Aipagarria da Lupi antroponimoaz sorturiko toponimoak euskararen sartaldean izatea, Araban eta Bizkaian, beharbada inguru horretako beste arkaismo bat.

Eguneraketa (2024-11-29):
Sarreran emandako lekuko zaharrena XIX. mendearen lehen herenekoa da baina bada beste lekuko zaharrago bat, XVIII. mendearen erdialdekoa, 1748. urteko agiri batean agertzen diren toponimoen artean Lupizarrate dago, beraz, ia mende batean aurreratuko litzateke toponimo honen lekukotza.

No hay comentarios:

Publicar un comentario