Logorri da Arabako toponimian behin eta berriz agertzen den toponimoa. Aurkintza bat da Iruña Okan, Urkabustaizen, Kuartangon eta Zuian. Azken herri honetan tontorra ere bada. Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan ere badira Logorri izena duten batzuk:
LOGORRI, término de Trespuentes. Labrantíos de Tortura, Domaiquia y Onraita.Urkabustaizko toponimoak lekuko zaharrena du, Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala web gunekoa, Lugorri, 1600. urtekoa. Lekuko honek zalantza uxatzen du, bi etimologia aurkez zitezkeelako, lohi + gorri edo lur gorri. Lehenengoaren kasuan lohi izenaren azken bokala galduko zen eta bestean bokalen asimilazio bat, u-o > o-o. Hala gertatu zen Urbabustaizko toponimoan eta, ziurrenik, besteetan.
LOGORRIA, 1827, labrantío de Arlucea.
Lur gorri hitz elkartua ezaguna da, bi elementuak agerikoak ditu, lur eta gorri eta lugorri aldaera ere bada. Aipagarria da lur hitzaren lekuko zaharrenean lur gorri hitz elkartua dagoela, XIII. mendekoa:
Lurgorrieta. (1283) Arzam 332.Logorri toponimoa dagoen herri batzuetan Lugorri ere bada, Kuartangon aurkintza da, Zigoitian aurkintza eta alorra da eta Zuian Lugorriaga izeneko basoa dago. Gainera, Iruraiz-Gaunan Lugorrieta aurkintza dago.
Esanguratsua da Logorri eta Lugorri toponimoak Araban izatea, ez beste lurraldeetan, horrek erakusten du lugorri aldaera erabiltzen zela. Baina badira lur gorri hitz elkartuarekin sortutako toponimoak, Lurgorri da Bizkaiko hiru herritan dagoen toponimoa eta, gainera, Gipuzkoako Hondarribian ere bada izen bereko labarra. Bizkaikoak dira, Mendexako iturburu bat, Berriatua herriko baserri bat eta baso bat eta, azkenik, Urduñako iturburu bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario