lunes, 26 de febrero de 2024

Domika toponimoa

 Domika da Meñakako baserri bat. Domikagana toponimo eratorri dago, herri berean, bukaeran gan 'gain' duela. Toponimoaren lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira eta aipatuako izendegian agertzen dira: Domica (1704, 1780, 1796). Beste guztiak antzekoak dira, batzuetan Domike aldaera dute, i-a > i-e asimilazioagatik. Bada bat, bestelakoa: Dominica (1798). Ziurrenik izen berreraikia da, norbaitek pentsatu zuen izena laburtua zela, fenomeno ezaguna da toponimo batzuetarako bi aldaera daudela, sudurkariduna, gaztelaniaz erabili ohi dena eta sudurkarigabea, euskarazkoa. Horrela, herri izenetan baina ez soilik izen handietan bikoteak daude, Galdakao / Galdácano, Lazkao / Lazcano... Horrela, norbaitek Domika ikusi eta uste zuen Dominica osatuagoaren aldaera zela, euskarazkoa, eta aldaera osoa, asmatua jarri zuen, beste inon agertzen ez dena.
Etimologia emateko egokia da uste izatea aspaldian *Dominika izan zela, gerora sudurkaria galdu zela, Domika bihurtuz. Latineko Dominica euskaraz Domeka antroponimo emakumezkoaren sortzailea da, tarteko erromantze batetik, erdiko bokalak salatzen duen bezala. Domekaren lekukoen artean ez dago /i/ bokala duenik eta, beraz, pentsa daiteke Domika toponimoan ez dagoela Domeka antroponimorik, nahiz eta hori ziurra ezin izan, garai zaharretako lekukotza txikia delako.
Domika azaltzeko nabarmena da loturik dagoela Domeka antroponimotik, biek jatorri bera dutelako. Baina toponimoa -ika atzizkia duten beste toponimoen artean sartzekoa da. Oinarrian Dominus latina genuke eta beharbada, esanahi oso antzekoa izango zuen Domizko gaina toponimoak. Bietan oinarri bera, Dominus, ziurrenik antroponimo bihurtua, izen arrunta bazen ere. Ondoren, jabetza adierazteko, batean -itz genuke, latineko -is mailegatua eta bestean -ika, latinetik zuzenean jasoa, aldatu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario