Angaliturri da Ataungo bi toponimoren oinarria:
Angalliturribekoa
Angaliturri beekoa: (= Andragal iturri del término inferior).
Izaera: aurkintza
Kokalekua: Inzarzu-Insusti
Erreferentzia: 24. karp. 178. zk. 9694 erreg.
Angalliturrierreka
Angaliturri erreka: (= regata de Andragal iturri). 1758 “Andragallaiturri”.
Izaera: erreka
Kokalekua: Inzarzu-Insusti
Erreferentzia: 24. karp. 177. zk. 9693 erreg.
Angaliturri izenaz gain, beste elementuak dira, beheko eta artikulua eta erreka izena, baina interesgarriena, zalantzarik gabe Angaliturriren oinarrian dago. Azken elementua iturri da eta hasierakoa erabat iluna litzateke ez bagenu XVIII. mendeko lekukoa, toponimoa guztiz argitzen duena, Andragallaiturri (1758), hau da, Andragalla iturri. Andragalla izen elkartua litzateke, horrelakoak ez dira gutxi euskal antroponimian, Andramiliamadura toponimoan Andramilia antroponimo emakumezkoa dago, hau da, andra + Milia. Andragallaren bigarren izena Galla litzateke. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta ez da lekukorik aurkitu. Horrek esan nahiko luke azken bost mendeetan erabili ez dela. Hala ere, Galla izeneko emakume ospetsu bat dago Gipuzkoako historian eta San Juan de la Peñako kartularioan hainbat aldiz agertzen da, bigarren liburuan. Aurkitutako lekukoak XI. mendearen erdialdekoak dira. Lehena 96. agirikoa, 1048. urtean:
Ego humillima Galga de Ipuçcha servorum Domini ultima ancilla...Hurrengoa 117. agirian, 1055. urtekoa:
Ego quidem senior Garcia Açenariz et dona Gayla... [...] tradidi dona Gailla de anime Enneco Garziaiz...Eta azkena, 175. agirian, 1056-1064. urteen artekoa:
Et ego Blasquita, filia de domna Galga et de senior Garcia Azenarez...Antroponimoak hiru grafia izan zituen, Galga, Gayla eta Gailla, eta horrek erakusten digu alboko palatala bat zegoela, hau da, egun Galla bezala idatziko genukeena. Jakina, Oñatiko toponimoaren Andragalla ez da ziurrenik agirietakoa, baina antroponimoaren lekukotzak argi uzten du erabilera urrikoa izan zela. Beraz, toponimoaren sorrera data ez dago XI. mendetik oso urrun eta Erdi Arokoa izan zelako ziurtasun ia erabatekoa izan dezakegu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario