viernes, 5 de mayo de 2023

Lekosaez toponimoa

 Lekosaez da Busturia udalerriko baserri baten izena. Badu toponimo eratorri bat, Lekosaezondo, hau ere baserria.
Toponimoaren lekuko zaharragoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan, gehienak XVIII. mendekoak, baina bat da aurreko mendekoa:

Lecosaenz [N, TO]
Lecosaenz+ (la casa de), Busturia, a.1745, FogVizcayaMs.
Lecosaenz+ (la cassa de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.
Lecosaez+ (la casa de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Lecosaiz+ (la casa de), Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.

Lecosaenz [N, NO]
Lecosaenz (San_J(ua)n de) [Lecosaenz (la cassa de) (pr.n.res)], Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.
Lecosaenz (de los herederos de) (Domingo de) [Lecosaenz (la casa de)], Busturia, a.1745,
FogVizcayaMs.
Lecosaenz (ynquilino) (Juan de), Forua, a.1745, FogVizcayaMs.
Lecosaez (Juan de) [Lecosaez (la casa de)], Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.

Hiru dira oikonimo honen aldaerak: Lecosaenz, Lecosaez eta zaharrena, Lecosaiz. Bigarren elementuaren aldaerek erakusten ditu Santxoren patronimikoetako bat dela, aldaera ugari dituena, toponimo honetan Saez, Saenz eta Saiz. Blog honetan bada beste toponimo bat, egitura berdintsua duena, Lopesantxesobia, aurrean Lope antroponimoa duena eta bukaeran hobi hitza, eta artikulua. Lekosaez antzekoa da, baina hasierako elementua, antroponimoa, ez da hain argia. Baina gerta liteke aldaketa batzuen ondorengoa izatea. Lehenik, hasierako fonema galdu zuen, zehatzago, e- bokala. Ondoren, n- > l- bilakaera gertatu zen, joera dago hasierako n- edo l- trukaketa egiteko, horrela, lasai : nasai, lapur : napur... Bestela, sudurkari disimilazioa ere gerta zitekeen, n-n > l-n. Edonola ere, hasierako sudurkaria aldatuko zen, etimologia zuzena bada. Bilakaera osoa eginez: *Enekosaenz > *Nekosaenz > Lekosaenz. Beraz, oinarriko antroponimoa Eneko izan liteke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario