viernes, 12 de febrero de 2021

Enekotegi toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Elgeta ingurukoa izango zen. Lekuko bakar hori Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) liburuan agertzen da, 29. agirian, 1451. urtean:

Pedro de Enecotegui
Toponimoak bi elementu lituzke, Eneko antroponimoa eta -tegi atzizkia. Biak oso ezagunak, baina bada beste aukera bat, oinarriko antroponimoa Enekot hipokoristikoa izatea, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuaren 175-176. orrialdeetan agertzen dena:
Enekot (Eneko): Enechot (1211, Iratxe, 256, 274. or.), Ennecot (Larraga, 1330, LPN, 236), Enecot d’Imarcoain (Iru., 1350, Ur., 1952: 92), Enecot (Suh., 1353, Goih., 1966: 163), Enecot Carpentero (Gurbizar, 1366, LPN, 468), «Enecot, fijo de Garcia Yeneguiz» (Biotzari, ibid., 473. or.), Enecot (Gares, ibid., 552. or.), Enecot (Leizpartze-Lizaratzu, 1368, Goih., 1966: 189), Enequot de Orbaycieta (1413, Castro, XXX, 35, 23. or. Hau Eneco de Orbaiceta moduan ere ageri da), Enecot de Urdaniz (1414, ibid., XXXI, 476, 262. or.), Enequot de Qualbategui (Dg., 1422, Doc.Gasc.II, 329), Enecot de Gurpide (1423, Zier. & Ram., 2001, 32, 92. or.). Orpustanek (2000: 219) Joana Albretekoaren idazkari izan zen Enecot de Sponde edo Ezponda aipatzen du.
Enekoten oinarria Eneko da eta atzizkia, -ot(e). Beraz, bi antroponimoak izan litezke, Enekot + -tegi > *Enekotegi izango zelako. Gertaera antzekoa dugu Txomingotegi toponimoan, oinarriak *Txomingo edo *Txomingot(e) izan litezke, baina kasu honetan ez dago antroponimo hauen lekuko zuzenik.
Aukera gehiago daude oinarrian Eneko izateko, izena oso hedatua izan zelako, baina Enekot ez da ezinezkoa, nahiz eta Salaberrik ematen dituen lekukoak Nafarrak edo Ipar Euskal Herrikoak izan. Beharbada irizpide honi loturik, oinarria Eneko izango zen, beste aukerari atea erabat itxi gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario