Gomezkorta etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Gomezkorta etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022(e)ko ekainaren 29(a), asteazkena

Gomeztegi toponimoak

 Gomeztegi agertzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako toponimian.
Arabako toponimoaz, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuaren lekukoa dago:

GOMESTEGUI, caserío de Oquendo.
Bizkaiko toponimoaz, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan daude XVIII. mendeko lekukoak:
Gomeztegui [N, TO]
Gomestegui (la cassa de), Ybarruri, a.1704, FogVizcayaMs.
Gomesttegui (el molino de), Ybarruri 18.1796, FogVizcayaMs.
Gomesttegui (la casa de), Ybarruri 18.1796, FogVizcayaMs.
Gomeztegui (el molino de), Ybarruri, a.1799, FogVizcayaMs.
Gomiztegui (la caseria de) [Lejarzegui (cofradia de)], Ybarruri, a.1745, FogVizcayaMs.

Azkenik, Gipuzkoako Usurbilen Gomeztegi izeneko etxea dago. Lekuko zahar bat dago, Lope de Isastiren Compendio de la historia de Guipuzcoa izeneko liburuan badago Usurbilgo etxeen artean Comestegui izeneko bat, 1625. urte ingurukoa. Lekuko honek zailtzen du besteentzat egokia den etimologia. Hala ere, Gomeztegi > Komestegi bilakaerak ez du oztopo handirik, g-t > k-t herskarien ahoskabetasun asimilazioa alde batetik, eta bestetik z > s aldaketa herskari aurrean ez da fenomeno ezohikoa.
Gipuzkoako toponimorako bilakaera ontzat hartuz, hiru toponimoetarako analisi bera izango genuke, Gomez antroponimoa eta -tegi atzizki ezaguna. Komistain toponimoaren sarreran informazio gehiago dago antroponimo horretaz.

2022(e)ko ekainaren 27(a), astelehena

Gomezkorta toponimoa

Gomezkorta da Bergarako baserri bat, Elosua auzokoa.
Lekuko zaharrenak XVI. mendekoak dira eta ez dute ezberdintasunik egungo izenarekin. Horrela, Gomezcorta hasten da testuetan agertzen 1548. urtean eta hurrengoetan berdin agertzen da, 1555. urtean eta abarretan.
Inoiz Gomozcorta jasotzen da, 1731. urtean edo Gomoscorta 1808. urtean. Baina hasierako lekuko askoz ugariagoen artean, gaur egunera arte.
Toponimoak bi elementu lituzke, Gomez antroponimoa eta korta izen arrunta. Gomez egun deitura da baina garai batean antroponimoa izan zen, baita Gomitz aldaera ere, hau ohikoagoa euskal lurretan.
Bitxia da XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

GOMEZKORTA (GONAZKORTA) (prop.) Elosua auzoa, Bergara
Gonazkorta aldaera hori ez da behin ere agertzen Bergarako baserriaren orriaren lekuko ugarietan. Beharbada oso izen berria berria izan zen, baina lekuko gehiagorik ez dago.
Aipagarria da baserria baino lehenago saroi bat zela, korta, bertako hizkeran. Jakinik XVI. menderako etxea eraikia zela, saroi hori lehenagokoa da eta izen zaharrak iraun zuen; beraz, izendapena XVI. mendekoa baino aurrekoa da.
Komistain toponimoaren sarreran informazio gehiago dago Gomitz/Gomez antroponimoaz.