lunes, 27 de junio de 2022

Gomezkorta toponimoa

Gomezkorta da Bergarako baserri bat, Elosua auzokoa.
Lekuko zaharrenak XVI. mendekoak dira eta ez dute ezberdintasunik egungo izenarekin. Horrela, Gomezcorta hasten da testuetan agertzen 1548. urtean eta hurrengoetan berdin agertzen da, 1555. urtean eta abarretan.
Inoiz Gomozcorta jasotzen da, 1731. urtean edo Gomoscorta 1808. urtean. Baina hasierako lekuko askoz ugariagoen artean, gaur egunera arte.
Toponimoak bi elementu lituzke, Gomez antroponimoa eta korta izen arrunta. Gomez egun deitura da baina garai batean antroponimoa izan zen, baita Gomitz aldaera ere, hau ohikoagoa euskal lurretan.
Bitxia da XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

GOMEZKORTA (GONAZKORTA) (prop.) Elosua auzoa, Bergara
Gonazkorta aldaera hori ez da behin ere agertzen Bergarako baserriaren orriaren lekuko ugarietan. Beharbada oso izen berria berria izan zen, baina lekuko gehiagorik ez dago.
Aipagarria da baserria baino lehenago saroi bat zela, korta, bertako hizkeran. Jakinik XVI. menderako etxea eraikia zela, saroi hori lehenagokoa da eta izen zaharrak iraun zuen; beraz, izendapena XVI. mendekoa baino aurrekoa da.
Komistain toponimoaren sarreran informazio gehiago dago Gomitz/Gomez antroponimoaz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario