Mostrando entradas con la etiqueta Legundia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Legundia. Mostrar todas las entradas

sábado, 23 de febrero de 2019

Andrelendia antroponimoa

Behin baino ez da agertu Andrelendia izena, Antonio Ubietoren Obituario de la catedral de Pamplona liburuan, testua 1277. eta 1286. urte artean kopiatua izan zen, hildakoak aurreko urteetakoak dira. Mende horretakoak eta, beharbada, aurrekoetakoak. Hildakoen artean bada, 19. orrialdean Andrelendia femina, ekainaren 3an hila, urte ezezagunean.
Izenak bi zati lituzke, andre eta *Lendia. Azken hau ez dago beste inon, baina bada oso antzekoa den bat, Legundia. Leundia toponimoaren sarreran izen hori apagai izan zen, jatorriz Leodegundia, germaniar izena, eta hemengo lekukoetan Legundia eta Leundia aldaerak izan zituen. *Lendia azken urratsa izango zen, beharbada Andrelendia izen elkartuaren barruan zegoelako. Bilakaera horrelakoa izango zen: Leodegundia > Legundia > Leundia > *Lendia, nahiz eta azken honen lekukorik ez izan. Beharbada izena hasieran Andreleundia izan zen eta ondoren laburtua izan zen.
Beraz, Andrelendia izenak bi aldaetik aberasten ditu euskal antroponimia, Andre(a) antroponimotik eta Le(g)undia antroponimotik.

sábado, 14 de julio de 2018

Leundia toponimoa

Arrasateko toponimo honen informazio osoa, eta urria, Onomasticon 15: Arrasateko toponimia liburuan ageri da, 279. orrialdean. Lekuko bakarra dago, ahoz bildutakoa. Beraz XX. mendeko lekukoa litzateke.
Erdi Aroan bazen antroponimo germaniar bat, Leodegundia. Euskal Herrian bildutako antroponimo honen lekukoek hiru aldaera erakusten dituzte: Leguntia, Legundia eta Leundia. Donemiliaga Kukulako kartularioan bada domna Leguntia Esceverrianensis, 279, 1053. urtean. Legundia Leireko agirien artean bada: dompna Legundia de Javerri, 121. Azkenik, Leundia aldaeraren lekuko ezagun bakarra: Leundia de Gorrauz, 231, 1141. urtean. Iruñeko katedraleko agiri bilduman.
Kontuan izanik Leundia aldaera, hau izan zitekeen Leundia toponimoaren sortzailea. Ez zen inolako aldaketaren beharrik. Gainera, antroponimoa erabilia izan zen duela ia milurtea, beraz toponimoa sortuko zen garai hartan edo lehenago. Gerora, mende batzuetara, antroponimoa ez zen gehiago erabiliko.
Toponimo honek, beste askok bezala, iraupen luzea erakusten du, nahiz eta herri izena ez izan. Toponimo honen kasuan, gainera, milurte ia oso bat joan zen idatzirik gertatu gabe.