Mostrando entradas con la etiqueta Narriate. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Narriate. Mostrar todas las entradas

lunes, 19 de mayo de 2025

Larreategi toponimoa

 Larreategi da Soraluzeko baserri bat, Lazkaon ere baserri izena da. Soraluzeko toponimoaren lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Larreategui (1857).
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen bigarren erditik lekuko gutxi batzuk daude, deitura bihurtua:

Elgoibar eta Ermua ez daude Soraluzetik urrun eta, beraz, toponimoaren lekukotzat har ditzakegu. Baina toponimo honek badu aldaera bat, Larriategi, eta Dokuklik web-gunean lekuko zaharrak daude, XVI. mendearen erdialdekoak, Soraluzekoak eta Elgoibarkoak:
Larriategiren lekukoak zaharragoak dira, ez askogatik, eta kopuruz handiagoak eta orduan, azken hau izango zen toponimo jatorrena, eta bestea, aldaketa baten ondorengoa: Larriategi > Larreategi. Bilakaera hori ez da ohikoa, baina izena ere ez da eta azalbide bat baino gehiago daude aldaketa hori argitzeko.
Toponimoa Larriategi bazen, etimologia aldatuko da hasierako elementuarekin, ez bukaerako -tegi atzizkiarekin, aldatu gabe dirauelako. Hasierakoa Narriate antroponimoa izan liteke, Narriate + -tegi > *Narriategi > Larriategi. Bi aldaketa gertatuko ziren, hala izan bazen, batetik haplologia gertatu zen antroponimoaren azken silaba eta atzizkiaren hasierakoa berdinak zirenez, bat bihurtu ziren. Aldaketa nabariena hasierako kontsonanteari dagokio, n- > l- bilakaera gertatu delako. Hau ez da oso ohikoa baina jakina da inoiz gertatu dela, horren lekuko bat Liquete deitura litzateke, Niketi antroponimotik sortua bada, behintzat.
Proposatutako etimologia zuzena bada, Larreategi toponimoaren oinarria Narriate antroponimoa litzateke, Narreate toponimoa bezala. Narriateren lekuko antroponimikoak oso gutxi dira eta aipatutako biak izan daitezke ezagutzen zaizkion bakarrak. Bide batez, interesgarria da bi toponimoetan ia > ea bilakaera gertatzea, antroponimotik urrundu dituen aldaketa jasanez.

viernes, 28 de febrero de 2025

Narreate toponimoa

 Narreate da Kuartangoko tontor bat, lekuko zaharrena da Narreate (1897). Geroko lekukoetan Narreate ere agertzen da, baina Narriate bat dago, 1992. urtekoa.
Xx. mendeko beste lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

NARREATE, monte de Anda.
Toponimoak euskal itxura du, baina analisia iluna izan daiteke; badirudi bukaeran ate hitza dagoela, baina aurrekoa zailagoa da. Beste aukera bat dago, Erdi Aroan Narriate antroponimoa izan zen, lekuko oso gutxi utzi zituen, XI. mendekoa da Donemiliaga Kukulako Monnio Narriate de Fonte cea, 335. agirian, 1063. urtean. Beste lekuko antroponimiko bat eta bi patronimiko daude P. Salaberriren Euskal deiturategia. Patronimia liburuan:
Narriate (Narriate testis, 972, Ubieto, 1976, 90, 105. or.). Ikus AV, 20. or.
Narriatez: Nunuso Narriatteç de Lohinaç (Elorrio, 1013, Hid. et al., 1988, 1). Donemiliagako dokumentazioan Alvaro Narriatez ageri da 1032an (Ubieto, 1976, 197, 198. or.).
Bi izenak, antroponimoa eta toponimoa, lotzeko aldaketa txiki bat beharrezkoa da, beharbada bokal disimilazioa zuzendu nahian ia > ea bilakaera gertatu zen, Narriate > Narreate.