lunes, 19 de mayo de 2025

Larreategi toponimoa

 Larreategi da Soraluzeko baserri bat, Lazkaon ere baserri izena da. Soraluzeko toponimoaren lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Larreategui (1857).
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen bigarren erditik lekuko gutxi batzuk daude, deitura bihurtua:

Elgoibar eta Ermua ez daude Soraluzetik urrun eta, beraz, toponimoaren lekukotzat har ditzakegu. Baina toponimo honek badu aldaera bat, Larriategi, eta Dokuklik web-gunean lekuko zaharrak daude, XVI. mendearen erdialdekoak, Soraluzekoak eta Elgoibarkoak:
Larriategiren lekukoak zaharragoak dira, ez askogatik, eta kopuruz handiagoak eta orduan, azken hau izango zen toponimo jatorrena, eta bestea, aldaketa baten ondorengoa: Larriategi > Larreategi. Bilakaera hori ez da ohikoa, baina izena ere ez da eta azalbide bat baino gehiago daude aldaketa hori argitzeko.
Toponimoa Larriategi bazen, etimologia aldatuko da hasierako elementuarekin, ez bukaerako -tegi atzizkiarekin, aldatu gabe dirauelako. Hasierakoa Narriate antroponimoa izan liteke, Narriate + -tegi > *Narriategi > Larriategi. Bi aldaketa gertatuko ziren, hala izan bazen, batetik haplologia gertatu zen antroponimoaren azken silaba eta atzizkiaren hasierakoa berdinak zirenez, bat bihurtu ziren. Aldaketa nabariena hasierako kontsonanteari dagokio, n- > l- bilakaera gertatu delako. Hau ez da oso ohikoa baina jakina da inoiz gertatu dela, horren lekuko bat Liquete deitura litzateke, Niketi antroponimotik sortua bada, behintzat.
Proposatutako etimologia zuzena bada, Larreategi toponimoaren oinarria Narriate antroponimoa litzateke, Narreate toponimoa bezala. Narriateren lekuko antroponimikoak oso gutxi dira eta aipatutako biak izan daitezke ezagutzen zaizkion bakarrak. Bide batez, interesgarria da bi toponimoetan ia > ea bilakaera gertatzea, antroponimotik urrundu dituen aldaketa jasanez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario