Mostrando entradas con la etiqueta Otxoeta. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Otxoeta. Mostrar todas las entradas

jueves, 20 de septiembre de 2018

Otsaita toponimoa

Otsaita Berrizko (B) toponimoa da.
Lekuko zaharrak baditu, Erdi Arokoak. Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo II liburuan bada bat, XVI. mende hasierakoa: Ochoa de Ochayta, 1504. urtean, 134. agirian.
Bilduma horretako hurrengo liburuan gehiago badira, Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo III liburuan: Ochoa de Ochayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria. Beste grafia batekin ere badaude: Martin de Osayta, 1512. urtean, 166. agirian; Martin de Osayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria; Mari Ochoa de Osayta, XV-XVI. mendeetakoa, 223. agiria.
Blog honetako Otzango toponimoa bezala, lekuko zahar batzuek <ch> erakusten duten bitartean, beste batzuetan <s> badago.
Hurrengo mendeetako lekukoetan <ch> bada, hala nola, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuko lekukoak, XVIII. mendekoak:
"Ochaita [N, TO]
Ochaitta (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Ochayta (la casa de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs.
Ochaita_Veytia (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs.
Ochayta_Ueytia (la casa de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs.
Ochayta_Veittia (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1796, FogVizcayaMs.
Ochaita_de_Suso (la caseria de) [Eytua (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs."
Beraz, toponimo honen lekukoek bost mende bete dituzte, baina ziurrenik toponimoa mende batzuk zaharragoa izan daiteke, ohi den bezala.
Analis etimologikoa egiteko, argi samar dago bi elementuz osaturik dagoela, otsa- eta -ita, lehenengoa otso izenaren edo Otxoa antroponimoaren eratorpeneko aldaera, bestea izan liteke -eta atzizki ezagunaren aldaera, eta gero aldaketa gertatu zen: *Otsaeta > Otsaita.
Beste aukera bat, atzizkia -ita izatea, adibidez gaztelaniaz ohiko txikigarria bada, casa > casita... Horrek ez luke eskatuko inolako aldaketarik: Otsa- 'otso/Otso' + -ita > *Otsaita antroponimo hipokoristiko emakumezkoa, Otxoeta bezala.
Beharbada *Otsaita bazen Otxoeta antroponimo ezagunaren aldaera, zaharragoa. Horrek azalduko luke otsa- erabiltzea, Otxando antroponimoan bezala, cf. blog honetako Otsandola eta Otsondoa toponimoak. Edo Otxango antroponimoa, Otxango eta Otzango toponimoen sortzailea izana.
Beste aldetik, aipagarria da <ch> eta <s> grafien agerpena, horrek adieraz lezake lehenagoko ahoskeraren afrikatua <ts> zela, hala bazen ere Otsoeta toponimo bizkaitarrean ere.
*Otsaeta edo *Otsaita ustezko antroponimoak galdu ziren eta ez da lekukorik geratzen Otsaita toponimoa baizik.
Hala izan bazen, Otsaita toponimoaren etimologia argitzeaz gain, antroponimo galdu baten aztarren bakarra izango genuke.

Otsoeta toponimoa

Otsoeta Zornotzako baserria da.
Lekuko zaharrik ez bada ere, Erdi Aroko antroponimo bat dago, guztiz egokitzen dena, Otxoeta. Alfonso Irigoienek Pertsona izenak euskaraz liburuan hauxe jarri zuen:
"3.267. [...] Bada OCHOETA / OCHETA ere, seguru asko emakume-izena, eta baita-ere O[T]SOTA: Ochoeta, (1330, PN-XIV, F.Est., 236 orr.), Larraga-n; Ocheta de Saragueta, (1366, PN-XIV, F.Pamp.Mont., 550 orr.), (en la ciudat et Nauarreria de Pomplona); Osota, (1330, PN-XIV, F.Est., 300 orr.), Artaxona-n.
XIII menderako OCHOETA: Ochoeta, (1288 inguruan, El gran Pr. Nav., dok. 498)".
Irigoienek eman zituen lekuko guztiak nafarrak ziren, XIII-XIV. mendeetakoak; beraz, Zornotzako toponimo honek lekuko bat gehiago biltzen du, toponimikoa, beharbada lehenengoa, eta Bizkaikoa. Horrek adieraziko luke antroponimo honek agiri zaharretan bildutako hedapena baino handiagoa ezagutu zuela.
Antroponimoaren elementuak Otxoa antroponimoa eta -eta atzizki hipokoristikoa, erromantze batetik mailegatua, Irigoienek adierazten duen bezala beste lan batean, De re philologica linguae uasconicae V liburuan bildutako Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vascónica, 19. orrialdean.
Nabarmentzekoa da toponimoaren afrikatua, Irigoienen lekuko ia guztiek <ch> dute, Osota izan ezik, eta hau ziurrenik egun <ts> digrafoz idatziko genuke, Otsoeta bezala. Beraz, toponimoak afrikatu zaharra gordeko luke.
Beste aukera etimologiko bat litzateke otso animalia izenari -eta atzizki multzogarria eranstea, baina toponimian ez da ohikoa horrelako egitura. Horri gaineratu behar zaio etxe izena dela eta horiek, blog honetan behin eta berriz ikusi bezala, normalean antroponimo batez osaturik daude.
Beraz, Otxoeta antroponimoaren lekuko toponimiko bat litzateke Zornotzako Otsoeta baserria.