Mostrando entradas con la etiqueta ibar. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ibar. Mostrar todas las entradas

martes, 20 de octubre de 2020

Askasibar toponimoa

 Askasibar izeneko baserriak badaude Bergaran eta Arrasaten, herri mugakideak direnak. Arrasateko toponimoaren lekuko zaharrena XV. mendekoa da, beraz, toponimo goiztiarra da. Arrasateko toponimia liburuan badira toponimo honen lekuko zahar eta berri, 219. or.:


 Toponimoa ez da aldatu azken mendeetan, nahiz eta aldaketa gutxi batzuk izan txistukarietan, sartaldeko euskaran gertatutako neutralizazioagatik.
Etimologia emateko orduan, argi dago azken zatia ibar dela, hitz ezaguna. Hasierakoa ilunagoa da, aldaketa txiki bat gertatu delako, rz > s, hain zuzen. Aldaketa bera Ibaseta toponimoan izan zen, jatorriz *Ibarzeta izango zelako. Askasibar toponimoan, aldiz, *Askarzibar zaharragoa izango zen jatorrizkoa, azkar + -tza + ibar elementuak banaturik.
Azkar zuhaitz izena da, eta toponimian ondorengo ugari utziak ditu. Orotariko Euskal Hiztegiko hitz honen sarrera:
azkar. (V-m-gip; Dv (V)), azkarro (G-goi), askar (V-gip; Lcq 62, A, que cita msLond). Ref.: A; AEF 1955, 72; Iz ArOñ (askar); Elexp Berg .
Arce. Cf. LzG: "azcarro, árbol; arce"; "ascarrio, árbol; arce (LC Lopidana, hacia 1800, vienen varios años en que se rematan suertes de ascarrios)";"puedan podar para hoja los azcarros" (OM San Vicente Arana, 1667)". v. astigar.
Eukalitus, azkar [...] eta urretxak. (1918) ForuAB137. Azkarrak, alboan, / berderik zeunkazan. Gand Elorri 126.
Askasibar sortzean gerta liteke asimilazioa jasatea, hau da, jatorriz *Azkasibar izan eta ondoren bi txistukariak berdindu ziren. Dena den, ez dago horrelako lekukorik.

martes, 28 de julio de 2020

Ibaseta toponimoa

Ibaseta Markina-Xemeingo toponimoa da. Egun toponimo eratorrien bitartez ezaguna da, Ibasetaburua basoa eta Ibasetaerdikoa eta Ibasetaormaetxe baserriak.
Lekuko zaharragoak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:
Ibaseta [N, TO]
Ybaseta (la casa de), Cenarruça, a.1641, FogVizcayaMs.
Ybaseta (la cassa de), Zenarruza, a.1704, FogVizcayaMs.
Ybasetta (la casa de), Bolibar/Cenarruza 18.1796, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Beazcoa (la casa de) [Achondoa (barrio de)], Jemein (Santa_Maria de) 18.1796, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Vecoa (la caseria de) [Erdoza (cofradia de)], Jemein, a.1745, FogVizcayaMs.
Ybaseta_de_Medio (la casa de), Jemein, a.1704, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Erdicoa (la caseria de) [Erdoza (cofradia de)], Jemein, a.1745, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Goicoa (la casa de) [Achondoa (barrio de)], Jemein (Santa_Maria de) 18.1796, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Hormaechea (la casa de), Jemein, a.1704, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Ormaechea (la casa de) [Achondoa (barrio de)], Jemein (Santa_Maria de) 18.1796, FogVizcayaMs.
Ybaseta_Ormaechea (la caseria de) [Erdoza (cofradia de)], Jemein, a.1745, FogVizcayaMs.
Ybasetabeacoa (la casa de), Jemein, a.1704, FogVizcayaMs.

Toponimoak ez du aldaketarik azken mendeetan baina iluna da. Aldaketa bat jasan zuen eta horrek toponimoaren esanahia ilundu du, rz > s bilakaera, hain zuen. Atzeranzko urratsa eginez, berreskutatuko genuke *Ibarzeta, eta horretan elementuak nahiko argiak dira, ibar + -tza + -eta, tarteko urrats batean *Ibarzeta izango zen.
Aipatutako bilakaera ezaguna da toponimian eta baita lexiko arruntean ere. Esate baterako, uso dena, sortaldeko inguruan urzo bada. Toponimoan eta lexikoan aldaketa bera bada, garai berean gertatu ziren biak? Hala balitz, garai zaharretan kokatu beharko genuke, beharbada milurte bat baino zaharragoa da, nahiz eta aldaketaren kronologiaz gauza ziurrik ez jakin.

 Eguneraketa (2022-01-29):
Toponimoaren lekuko zaharrago bat dago La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuko 53. agirian, 1500. urtean:

En la yglessia y monasterio de Nuestra Señora Sancta Maria de Çenarruça a quinze dias del mes de mayo año del Señor de mill y quinientos años en presçençia de nos Ochoa Martinez de Anchia, notario y Martin Saez de Arranguiz, escrivano del rey e de la reina, nuestros señores, e de los testigos de jusso escriptos, estando y presentes ayuntados en cavildo a campana tañida de coro, el señor don Pedro Lopez de Ybaseta abbad del dicho monesterio...
Lekuko hau gehitua, toponimoak 500 urte baino gehiago baditu, eta aldaerarik ez du erakutsi. Horrek berretsiko luke hemen emandako etimologia.
 

martes, 23 de julio de 2019

Nagiibarra toponimoa

Toponimo honetaz iturri bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa, hain zuzen:
NAGUIIBARRA, 1722, labrantío en Margarita.
Toponimoaren egitura oso gardena da, bi elementuz osatutakoa, toponimo askotan bezala, eta biak asko ezagunak edozein euskaldunentzat, nagi izenlaguna eta ibar izena, -a artikuluaz ahaztu gabe.
Esanahia, zalantza handirik gabe, "Nagiaren ibarra" litzateke, baina toponimo honetan nagi ez litzateke izenlagun hutsa, izengoiti bihurtutakoa baizik, ziurrenik. Normala da izengoiti batzuek antroponimiarako jauzia egitea, adibidez, apal izenlaguna Apal(a) antroponimo bihurtu zen, toponimo batzuk sorraraziz: Apalasoloa eta Apalasagasti toponimoak, eta Apalo bezala, Apaloberro toponimoa.
Beraz, arrazoiak badira susmatzeko nagi hitzak ere bide horretan sartua zegoela, nahiz eta lekukotasun handirik ez utzi.
Bada aipatzekoa den beste zerbait, guregana heldu den lekuko bakarrean, egungo idazkeran Nagiibarra genuke, eta hor ikusten da bi elementuak bereiziak zeudela, badirudi hiztunek oraindik bazutela toponimoaren egitura gogoan eta horrek beharbada adieraz lezake euskaldunak oraindik bazirela.

martes, 14 de agosto de 2018

Otxandibar toponimoa

Otxandibar Villamayor de Monjardin (N) herriko toponimoa da. Lekuko zaharrena da Ochandivar (1572). Gerokoak dira Chandibar (1813, 1835) eta Chandivar (1895, 1907). Aldaketa bakarra, toponimoaren lehenengo fonemaren galera, hau da, aferesia. Berdin gertatu zitzaion Otsondoa toponimoari, eta bi toponimoetan galera iraunkorra izan zen.
Azterketa etimologikoari dagokionez, agerikoa da Otxandibar dela analizatzeko aldaera. Euskal toponimo askotan bezala, bi elementuz osaturik dago, kasu honetan antroponimoa, Otxando, eta izen arrunta, ibar. Beraz, garai bateko Otxandoren ibarra zenak luzaroan iraun du, gure egunetaraino.
Antroponimoari dagokionez, Otxanda ere izan zitekeen, toponimoa lehenego aldiz bildu zenerako antroponimoaren azken bokala galdua zen eta zalantzarako lekua sortu. Horrek beharbada adierazten du toponimoa askoz lehenago sortua zela, edo sortu zenetik idatzi zenera arteko tartean herria erdaldundu zela eta aldaketak arinago gertatu zirela.