martes, 14 de agosto de 2018

Otxandibar toponimoa

Otxandibar Villamayor de Monjardin (N) herriko toponimoa da. Lekuko zaharrena da Ochandivar (1572). Gerokoak dira Chandibar (1813, 1835) eta Chandivar (1895, 1907). Aldaketa bakarra, toponimoaren lehenengo fonemaren galera, hau da, aferesia. Berdin gertatu zitzaion Otsondoa toponimoari, eta bi toponimoetan galera iraunkorra izan zen.
Azterketa etimologikoari dagokionez, agerikoa da Otxandibar dela analizatzeko aldaera. Euskal toponimo askotan bezala, bi elementuz osaturik dago, kasu honetan antroponimoa, Otxando, eta izen arrunta, ibar. Beraz, garai bateko Otxandoren ibarra zenak luzaroan iraun du, gure egunetaraino.
Antroponimoari dagokionez, Otxanda ere izan zitekeen, toponimoa lehenego aldiz bildu zenerako antroponimoaren azken bokala galdua zen eta zalantzarako lekua sortu. Horrek beharbada adierazten du toponimoa askoz lehenago sortua zela, edo sortu zenetik idatzi zenera arteko tartean herria erdaldundu zela eta aldaketak arinago gertatu zirela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario