Mostrando entradas con la etiqueta soro. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta soro. Mostrar todas las entradas

martes, 29 de octubre de 2019

Emandasoro toponimoa

Ezkioko toponimo honen lekuko bakarra bada Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa izeneko liburuan, beraz, lekukoa 1625. urte ingurukoa litzateke. Horrela agertzen da Ezkio herriko etxe izenen zerrendan:
... Izaguirre, Mendizabal, Igarzabal, Osinalde, Berroeta, Aeta, Hemandasoro, Zubiaurre.
Toponimoaren hasieran <h> badago ere, jakinik XVII. mendean, eta are askoz lehenago ere Gipuzkoako euskaran hasperena galdua zegoela, toponimoa idazterakoan ez da kontuan hartu. Lekuko bakarra denez, azterkekorik besterik ez dago eta blog honetan analizatutako toponimo gehienak bezala, bi elementuz osaturik litzateke, emanda- ezezaguna eta soro, hau oso hitz arrunta.
Zalantza bakarra, orduan, lehenengo elementuari dagokio. Hitz antzekorik bilatu eta egokiena gaztelaniazko demanda litzateke, euskarara mailegatu demanda bezala, hau da, aldaketarik gabe. Hitzak izan du erabilera, nahiz eta handia ez izan. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, bi esanahia izan ditu:
1. (Lcc, Urt).
Demanda.
2. (V-gip, G-azp). Ref.: Etxba Eib; Elexp Berg.
Disputa, discusión, jaleo.
Beharbada garai batean toponimoa *Demandasoro izan zen eta gero hasierako d- galdu zen, agian horzkari disimilazioagatik edo hasierako d- hitzen urritasunak, areago toponimian, erraztuko zuen bere galera. Demanda izena toponimian ez da ohikoa, bain badira ale batzuk, adibidez, Burgosko Demanda mendilerroa.

martes, 10 de septiembre de 2019

Muniosoro toponimoa

Muniosoro toponimoa Zumaiakoa da. Egun, bi dira izen hori duten bi baserri, biak izen eratorriak, Muniosoroberri eta Muniosorobekoa. Eta duela mende erdi inguru, XX. mendearen bigarren erdialdean bazeuden bi izen: Muniosoro eta Muniosoro bekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan aurkitutakoak. Beraz, garai batean Muniosoro izango zen eta gero Muniosorobekoa sortuko zen eta azkenik, Muniosoroberri.
Lekuko zaharrenak ez dira antzinatasun handikoak baina toponimoa nahiko zaharra da, jakinik toponimoaren egitura, Munio antroponimoa eta soro izena. Munio, beste antroponimo asko bezala, ez zen heldu Erdi Aroaren bukaeraraino, eta horrek esan nahiko luke toponimoa Munio galdu baino lehenago sortuko zela, eta orduan Muniosoro izenak bost mende baino gehiago izan behar ditu.

sábado, 6 de julio de 2019

Bertutesoro toponimoa

Elgoibarko bi baserritan dago Bertutesoro toponimoa, Aiastia (San Migel) auzoan, Bertutesoro eta Bertutesoroberri, hain zuzen. Toponimoa zaharra da, baserria baino zaharragoa, ziurrenik. Archivo Municipal de Elgoibar (1346-1520) liburuan badaude toponimo honen lekuko zaharrenak, 9. agirian, 1452. urtean, guztira lau lekuko dira, 28. orrialdean:
"Ytten, en Bertutesoro otro pedazo de tierra e manzanal e nogales que sollía tener e poseer el dicho Ochoa de Ayastia..."
Hurrengo paragrafoan:
"Ytten, enzima de Vertutesoro otro pedazo de tierra e xara que sollían tener e poseer el dicho Ochoa de Ayastia..."
Azken lekukoak 29. orrialdean:
"... una costanera el arroyo de Vertutesoro, e por la otra el manzanal de Lope de Aizpuru."
Hurrengo paragrafoan:
"... e por la otra el arroyo de Bertutesoro e tierras e roveldades de Pero Pérez de Basarte e de su hermandad."
Toponimoak ez du inolako aldaketarik erakutsi, beharbada egituraren gardentasunagatik. Izan ere, toponimo hau oso erraza da analizatzeko, bi zati lituzke, biak izenak, bertute eta soro. Alde horretatik ez da nabarmentzeko ezer. Hala ere, toponimo honen bitartez badugu bertute izenaren lekuko zaharrena. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, birt(h)ute lehenengo aldiz Etxepareren liburuan agertzen da, eta bertute, Leizarragaren lanetan. Beraz, mende bat aurreratu litzateke hitz honen lekukotasuna, XVI. mende erdialdetik, XV. mende erdialdera. Orotarikoaren arabera, "Bert(h)ute es la forma propia de la tradición septentrional, y birtute la de la meridional. Se encuentra, sin embargo, bertute (alternando con bir-) en Lizarraga de Elcano, Añibarro, Moguel, Lardizabal (3), Arana (SIgn 6), Arrue, Arrese Beitia (AmaE 102) y Villasante (Jaink 84), y, como forma única, en Ubillos, Soroa, Mocoroa y Txillardegi.". Beraz, Hego Euskal Herriko bertute aldaeraren bizitasuna nabarmenduko litzateke eta uste izatekoa da toponimoa aldatu ez bada Elgoibarren bertute aldaera erabiliko zutelako.

martes, 2 de julio de 2019

Munikosoroa toponimoa

Debako toponimo honetaz lekuko bakarra omen dago, Archivo Municipal de Deba. II. Libro de Apeos y Ventas de Tierras Concegiles. (1482-1483) liburutik hartutako eta, beraz, Erdi Arokoa, 159. agirian, 1483. urtean:
"En la huerta e vergel de Pero Ochoa de Yribe en Amilaga que es en termino e juridiçion de la villa de Monreal de Deva a veynte y dos dias del mes de febrero año de mill e quatroçientos e ochenta e tres años vendieron todos los deputados juntamente a Ferrando de Yndo dos pedaços de tierra en la cuesta de Yndo, la vna pieça que el dicho Ferrando solia labrar ençima del camino en la cuesta de Yndo llamado Munycosoroa como esta çercado por los balladares viejos e mugaça1 alderredor..."
Dirudienez toponimoa gero desagertu zen, berriz agertu ez delako. Hala ere, lekuko bakar honek nahikoa informazioa ematen du, analisi etimologikoa ahalbidetzeko. Blog honetako toponimo gehienak bezala, bi elementuz osaturik izango zen, azkeneko -a artikulua zenbatu gabe: Muniko- eta soro. Lehenengoa Muniko antroponimoa izango zen, azkena soro hitz arrunta eta toponimoan oso ezaguna.
Toponimo honek, nahiz eta bizitza oso luzerik ez izan, Muniko antroponimoaren informazioa handitzeko beste lekuko bat bada.