Mostrando entradas con la etiqueta Muniko. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Muniko. Mostrar todas las entradas

martes, 2 de julio de 2019

Munikosoroa toponimoa

Debako toponimo honetaz lekuko bakarra omen dago, Archivo Municipal de Deba. II. Libro de Apeos y Ventas de Tierras Concegiles. (1482-1483) liburutik hartutako eta, beraz, Erdi Arokoa, 159. agirian, 1483. urtean:
"En la huerta e vergel de Pero Ochoa de Yribe en Amilaga que es en termino e juridiçion de la villa de Monreal de Deva a veynte y dos dias del mes de febrero año de mill e quatroçientos e ochenta e tres años vendieron todos los deputados juntamente a Ferrando de Yndo dos pedaços de tierra en la cuesta de Yndo, la vna pieça que el dicho Ferrando solia labrar ençima del camino en la cuesta de Yndo llamado Munycosoroa como esta çercado por los balladares viejos e mugaça1 alderredor..."
Dirudienez toponimoa gero desagertu zen, berriz agertu ez delako. Hala ere, lekuko bakar honek nahikoa informazioa ematen du, analisi etimologikoa ahalbidetzeko. Blog honetako toponimo gehienak bezala, bi elementuz osaturik izango zen, azkeneko -a artikulua zenbatu gabe: Muniko- eta soro. Lehenengoa Muniko antroponimoa izango zen, azkena soro hitz arrunta eta toponimoan oso ezaguna.
Toponimo honek, nahiz eta bizitza oso luzerik ez izan, Muniko antroponimoaren informazioa handitzeko beste lekuko bat bada.

Munikola toponimoa

Bizkaiko Zaldu herriko toponimoa. Alberto Erraztiren Onomasticon 24: Zaldutik Zaldibarrera : toponimian barrena liburuko informazioa erabili dugu. Liburuan azaltzen du lehenago bazen Munikola izeneko baserria, baina egun desagertu zenez, bere ingurua izendatzeko erabiltzen da. Toponimo honek hainbat izen eratorri sortu zituen: Munikolaburu, Munikolaldea, Munikolaurrea eta Munikolazpia.
Interesgarriena aipatutako liburuan 743. orrialdean dago, han lekuko zaharrenak agertzen direlako, baita ere aipu etimologiko bat.
Lekuko zaharrenak:
"1441 Municolas, montte de (BFA.: ZUA, Dok. His., 3/8)
1462 Municola, dho ffuiz consu casa y caseria del dho logar de (BFA.: ZUA, Dok. His., 2/10)
1563 Munycola, desde Egoarbiça hasta (BFA.: ZUA, Dok. His., 1/3)
1605 Municola, dha casa y caseria de (BFA.: ZUA, Men. Kon., 6/4)
1618 Municola, en el termino de (BFA.: ZUA, Dok. His., 3/97)
1620 Municola, por unas pieças que labraron en (BFA.: ZUA, Kon. Lib., urt. 1, 38/2)
1628 Municola, estando en la cassa y caseria de (BFA.: ZUA, Dok. His., 3/95)
1658 Municola, joan de achotegui inqno de la cassa de (BPAH.: NOT, PRG, 139. p. s., eka.30)
1662 Municola, montes y zerros de... e yduyzarraga (BFA.: ZUA, Men. Kon., 6/5)"
Orrialde berean toponimoaren zatiketa egiten du:
"Osagaiak: Muniko + ola"
Baina Muniko horrek badu oin-ohar bat:
"Mitxelena, K.: “456.- muni (vizc.) «ribazo», var. de muna. Poco seguro” (AV, 130. or.). Adibide honetarako, nik neuk, baliagarri izan litekeela uste dut, askoz gaitzago litzateke Munio antroponimotik eratorria izatea, batez ere, lekuzko morfema genitiboa daramalako."
A. Erraztik eginiko zatiketa ontzat har badaiteke ere, Muniko horretaz eginiko analisia ezin onartzekoa da, jakinik Muniko antroponimoa badela, blog honetan erakutsi bezala. Beraz, toponimo honetan Muniko antroponimoa eta ola izena lotuz sortu zen, ziurrenik Erdi Aroan.

jueves, 27 de junio de 2019

Munikokasko toponimoa

Munikokasko toponimoa nafarra da, Baztan herrikoa. Lekuko zaharrik ez du, ahoz jasotako Munikokáxko lekukoa 1994. urtean. Besterik ez.
Lekuko bakar hori fidagarria bada, toponimoak bi zati lituzke, Muniko antroponimoa eta kasko izena. Azken honek baditu hainbat esanahi, baina interes handiena duena bigarrena da, "Punta, vértice, cúspide", Azkueren arabera. Beraz, Baztanen inoiz *Muniko izeneko toponimoa izango zen eta honen zati gorenari Munikokaxko deitu. Jatorrizko toponimoa galdu eta bere toponimo eratorria geratuko zen, aurrekoaren oroigarri. Jakina, Muniko antroponimoa izango zen ustezko *Muniko toponimoaren sortzailea.
Beste azalbide batzuk bilatu daitezke, kasko izenaren polisemia kontuan hartuz, baina hau izan daiteke sinpleena, toponimoak eskainitako datu urriak erabiliz.

Munikorta toponimoa

Arabako toponimo honetan badago iturri bat, Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa:
"MUNICORTA, término de Aramayona."

Lekuko zaharragorik ez badago ere, toponimoak elementu ezagunak dituenez, analisirako aukera bada. Baina azalpen bakarrerako lekurik ez dago, toponimoak bi azalbide badituelako. Batetik Muni- 'Munio' antroponimoa eta korta, eta bestetik Muniko antroponimoa, blog honetan aztertutakoa, eta korta. Azken azalbide honetan, haplologia gertatuko zen, Muniko + korta > *Munikokorta > Munikorta, bi silaba berdinak batuz.
Ez dago jakiterik zein den interpretazio zuzena, biak posibleak direlako, eta oinarria Muniko izan bazen, haplologia toponimo sortu bezain laster gertatuko zen.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

martes, 18 de junio de 2019

Muniko antroponimoa

Muniko ez da oso antroponimo ugaria. Euskal Herriko lekuko gutxi ezagutzen zaizkio. Behin antroponimoa: Monico Munio, XI. mendekoa, Azkarate eta García Caminoren Estelas e inscripciones medievales del País Vasco liburuko 138. orrialdean, jatorria beharbada Arabakoa, hango Museo Arkeologikoan dagoelako. Gero, liburu berean, idazkunen onomastika azterketan, hauxe jarri zuten, 316. or.:
"27. Monico [18]; 28. Munin(co); 29. Munio [18, 22, 75, 81]; 30. Munnio. Izen honen oinarria den —Munio— hauxe da, agian, Sancio eta bere deribatuekin, bilduma erdiarotarretan gehien agertzen den pertsona-izena. Egia esan. bera da gure zerrenda laburrean gehien errepikatzen dena. Horren barianteak ere ugariak dira, bai oinarrizko formaren inguruan (Munius, Munio, Munnio, Munno, etab.) eta bai forma hipokoristikoetan (Monico, Muninco, etab.). J. Caro Barojaren esatez. «el nombre de Munio, Muño, tan conocido en la Edad Media, sobre todo en la zona vasca, fue el de los primeros poseedores de fundi», zeintzuek gero Muniain bezalako toki-izenak eman baitzituzten (1945; 74-75)."
Antroponimoaz gain, patronimikoa ere behin agertu da Erdi Aroko testuetan, A. Irigoienen Las lenguas de los vizcaínos: Antroponimia y toponimia medievales, 393. orrialdean Didaco Munnicoiz bizkaitarra dago, Cartulario de San Juan de la Peña izeneko liburutik hartua, 1053. urtekoa.
Nahiko argia da Munio eta Muniko izenen arteko lotura, azken hau Munio-ren hipokoristikoa litzateke, Muni- eratorpen aldaera eta -ko atzizi txikigarria dituela.
Lekuko urri hauei beste batzuk gehitzekoak lirateke, Errioxako agiri zaharretatik hartuak. Francisco Javier García Turzaren Documentacion medieval del monasterio de Valvanera liburuko 209. agirian, 1088-1116 urte inguruko agiri horretan bi dira Muniko dutenak (edo *Muñico?):
Munnico Garacia de Pareadiello
Munnio Munnico
Agiri horretako izenetan nahiko ugaria da Munio, beste bietan agertzen delako, bat antroponimo moduan, bestea patronimiko moduan:
Munio Sancio de Viniegra
Beila Munnioz
Errioxako lekuko hauek Munnico aldaera erakusten dute, sudurkari bikoitza dutenak. Munnico izan liteke euskal Muniko-ren kideak, lurralde erdaldunetan sudurkaria aldatu gabe geratu zelako. Baina bada beste aukera bat, erdaran sortua izatea. Villamoñico izeneko herria, Alberto González Rodríguez-en Diccionario etimológico de la toponimia mayor de Cantabria liburuan, 443. or.:
"Villamoñico (Valderredible)
Villamoñico < VILLA [DE] MOÑICO
Moñico es un antropónimo común en la Edad Media. Derivado del nombre personal MUNIUS, de origen prerromano"
Dirudienez, Moñico antroponimoa ezaguna zen gaztelaniaz. Beste toponimo eratorri bat izan liteke Ávilako Muñico herria, antroponimoa zena herri izen bihurtua. Hala izan bada, hedapen nahiko handia izan zuen Moñico/Muñico izenak, baina sorrera zein hizkuntzatan izan zen, erdaraz ala euskaraz? Muniko euskaraz azaltzea erraza da, lehenago erakutsi bezala, baina erdaraz ere, Muño antroponimoa eta -ico atzizki txikigarria lotuz Muñico sortuko zen. Beraz, sorkuntza bi hizkuntzetan gerta zitekeen, baina ezin jakin hori benetan gertatu zena edo hizkuntza batean sortu eta bestera mailegatu?