sábado, 6 de julio de 2019

Bertutesoro toponimoa

Elgoibarko bi baserritan dago Bertutesoro toponimoa, Aiastia (San Migel) auzoan, Bertutesoro eta Bertutesoroberri, hain zuzen. Toponimoa zaharra da, baserria baino zaharragoa, ziurrenik. Archivo Municipal de Elgoibar (1346-1520) liburuan badaude toponimo honen lekuko zaharrenak, 9. agirian, 1452. urtean, guztira lau lekuko dira, 28. orrialdean:
"Ytten, en Bertutesoro otro pedazo de tierra e manzanal e nogales que sollía tener e poseer el dicho Ochoa de Ayastia..."
Hurrengo paragrafoan:
"Ytten, enzima de Vertutesoro otro pedazo de tierra e xara que sollían tener e poseer el dicho Ochoa de Ayastia..."
Azken lekukoak 29. orrialdean:
"... una costanera el arroyo de Vertutesoro, e por la otra el manzanal de Lope de Aizpuru."
Hurrengo paragrafoan:
"... e por la otra el arroyo de Bertutesoro e tierras e roveldades de Pero Pérez de Basarte e de su hermandad."
Toponimoak ez du inolako aldaketarik erakutsi, beharbada egituraren gardentasunagatik. Izan ere, toponimo hau oso erraza da analizatzeko, bi zati lituzke, biak izenak, bertute eta soro. Alde horretatik ez da nabarmentzeko ezer. Hala ere, toponimo honen bitartez badugu bertute izenaren lekuko zaharrena. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, birt(h)ute lehenengo aldiz Etxepareren liburuan agertzen da, eta bertute, Leizarragaren lanetan. Beraz, mende bat aurreratu litzateke hitz honen lekukotasuna, XVI. mende erdialdetik, XV. mende erdialdera. Orotarikoaren arabera, "Bert(h)ute es la forma propia de la tradición septentrional, y birtute la de la meridional. Se encuentra, sin embargo, bertute (alternando con bir-) en Lizarraga de Elcano, Añibarro, Moguel, Lardizabal (3), Arana (SIgn 6), Arrue, Arrese Beitia (AmaE 102) y Villasante (Jaink 84), y, como forma única, en Ubillos, Soroa, Mocoroa y Txillardegi.". Beraz, Hego Euskal Herriko bertute aldaeraren bizitasuna nabarmenduko litzateke eta uste izatekoa da toponimoa aldatu ez bada Elgoibarren bertute aldaera erabiliko zutelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario