viernes, 12 de marzo de 2021

Beraskarro toponimoa

 Arabako Kontrastako herriko toponimoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan lekukoak badira, zahar eta berriak:

BERRASCARRO, término de Contrasta.
BERASCARRO, 1808, término de Contrasta.
BERAZCARRO, 1749, término de Contrasta.
BERASCARROA, 1647, término de Contrasta.
Bi toponimo eratorriak ere badira, Beraskarrogaina eta Beraskarroostea:
BERASCARROGAINA, 1636, labrantío de Contrasta.
BERASCARROOSTEA, 1786, labrantío de Contrasta.
Toponimo hauetan gain eta oste hitzak badira, aipagarria da gain aldaera aurkitzea, sudurkaria sabaikaritu gabe eta bestean, toponimoaren azken bokala eta oste hitzaren lehenengoa batu gabe izkribatu zirela.
Beraskarro toponimoak bi elementu baditu, Berasko antroponimoa eta ondoren arro izena. Belakarro toponimoak egitura bera izango luke, baina antroponimoa Belako izango zen.
Badago beste aukera bat, oinarrian Belasko izatea, orduan l-rr > r-rr asimilazioa gertatuko zen,
Belaskoperraia toponimoan bezala. Hala ere, ez dago *Belaskarro ustezkoaren lekukorik eta horrela, hipotesien munduan geratu behar du.

Baraskaldo toponimoa

 Baraskaldo Mendatako baserria da eta Baraskaldogana, Mendatako tontorra.
Toponimoak XVIII. mendeko lekuko batzuk baditu, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Barascaldo [N, TO]
Barascaldo (la casa de), Mendata, a.1796, FogVizcayaMs.
Barascaldo (la caseria de), Mendata, a.1745, FogVizcayaMs.
Barascaldo (la cassa de), Mendata, a.1704, FogVizcayaMs.
Azken hirurehun urtez toponimoa ez da aldatu, baina horrek ez du esan nahi toponimoa sortu zenetik aldaketarik gertatu ez denik.
Toponimoak bi elementu lituzke, Berasko antroponimoa eta *aldo hitz ezezaguna. Biak batzerakoan *Beraskaldo sortuko zen eta ondoren, bokal asimilazioaz, Baraskaldo bihurtu eta horrela iraun du, azken mendeetan.
Toponimoak oso antz handia du Bizkaiko bi herriren izenekin, Barakaldo eta Arakaldo izenekin, hain zuzen. Biek hiz bera omen dute bukaera aldean, *aldo ezezaguna. Izan liteke hitz hori alto gaztelaniazkoaren mailegua? Baraskaldogana toponimoan gain izenak garaiera adierazten du, beharbada Baraskaldo izenean ere adiera hori bazen, Atxumaitz toponimoren lekuko ugaritan Atxumaizkogaña aldaera dago, haitz eta gain elementuek garaiera adieraziko lukete.

martes, 9 de marzo de 2021

Intxuzabal toponimoa

 Intxuzabal Bergarako Basalgo auzoko baserria da. Toponimo honen informazio ugari Bergarako baserriak - Caseríos de Bergara webgunean, Intxuzabal sarreran. Lekuko zaharrenak XVI. mende erdialdekoak dira, Inçorçabal (1541, 1543), Ynçorçabal (1569), Ynsorcaval (1589)... Hurrengo mendeetako aldaera nagusiak dira Insorzabal eta Insurzabal, inoiz Ynsaurçabal bezalakorik agertzen bada ere. XIX. mende bukaeran dardarkari gabeko aldaera bada, Ynchuzabal (1875) eta geroztik hori da nagusitutako aldaera.
Aldaera horietatik osoena Insaurzabal litzateke, lekukoetako /o/, au > o bilakaeraren ondorengoa da. Gero, dirudienez, /u/ bokalera aldatuko zen, asimilazioaren indarrez, i-o > i-u. Azkenik, dardakaria galdu zen, baina azken hau ez da aldaketa ohikoa. Lekukoek, dena den, argi utzi dute gertatutako bilakaera azken mendeetan.
Toponimoak bi elementu lituzke, intxaur eta zabal, biak aski ezagunak baina zabal izan liteke izenlaguna edo izena, "leku zabala". Beraz, toponimoak intxaur baten zabalera aipagai zuen edo intxaur honen inguruan zegoen lekuaren zabaltasuna.

Berasarrate toponimoa

 Arabako toponimo hori Barrundian dago, Larrintzarretik hurbil. Arabadoc webgunearen arabera, Berasarrate toponimoaren lekuko zaharrenak XIX. mende erdialdekoak dira, 1865. urtekoa da zaharrena. Badira 1877. eta 1880. urteetako lekukoak ere, hiruren artean ez dago ezberdintasunik.
Toponimoak bi elementu lituzke, Beraxa antroponimoa eta harrate izena, mendi arteko igarobidea. Testuetan gutxi erabilia izan da baina toponimian nahiko zabaldua izan zen.
Beraxa antroponimoak ez du lekuko antroponimiko askorik, baina toponimian utzitako aztarrenak erakusten du izena erabilia izan zela Erdi aroko agirietan agertzen dena baino askoz gehiago.

sábado, 6 de marzo de 2021

Berasagasti toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Erdi Arokoa. Ziurrenik Zegama ingurukoa zen, beraz, Gipuzkoako leku izena izango zen.
Documentación Medieval del Archivo Municipal de Segura. Tomo III (1450-1521) liburuan dago aipatutako lekuko bakar hori, 231. agirian, 1470. urtean, Joan de Berasagasti.
Toponimoaren banaketa egin eta Beraxa antroponimoa eta sagasti izena antzemango genituzke. Bi elementuak batzerakoan haplologia gertatu zen, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak direnean batzen dira, bat bakarra geratuz: Beraxa + sagasti > *Beraxasagasti > Berasagasti.
Beraxa antroponimoa euskal jatorrikoa da, Erdi Aroan bizi zena eta hainbat lekuko utzitakoa, antroponimiko zein toponimiko. Azken multzokoa litzateke Berasagasti, blog honetan aztertutako Jaunberasa, Jaunberaskorta eta Beretxaga toponimoak bezala. Lehenengo bien sarreran antroponimoaren informazio gehiago badago, Mitxelenaren eskutik.

Belaskoperraia toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan agertua:

BELASCOPERRAYA, 1735, labrantío de Junguitu.
Nahiz eta lekuko bakarra izan, nahiko zaharra da. Bi elementu ditu, Belasko antroponimoa eta perra izenaren aldaera bat, perrai(a). Ziurrenik azken hau arkaismoa da, hitza mailegatua da eta perrai(a) aldaera hurbilago dago latineko hitzetik. Hitz honetaz informazio gehiago Otxandaperra toponimoaren sarreran.
Gorago adierazi bezala, antroponimoa Belasko litzateke, baina bada aukera Berasko izateko eta ondoren r-rr > l-rr bilakaera gerta zitekeen. Dena den, Belasko ere euskal lurraldean ezaguna eta erabilia izan da.

viernes, 5 de marzo de 2021

Belasquillo toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan dagoena:

BELASQUILLO, 1562, labrantío en Pobes.
Lekukoa oso zaharra da eta antroponimo hipokoristiko batez osaturik dago, Belasquillo, hain zuzen. Erdaraz sortutako izena da, oinarrian Velasco antroponimoa eta -illo atzizki hipokoristikoa edo txikigarria.