martes, 9 de marzo de 2021

Intxuzabal toponimoa

 Intxuzabal Bergarako Basalgo auzoko baserria da. Toponimo honen informazio ugari Bergarako baserriak - Caseríos de Bergara webgunean, Intxuzabal sarreran. Lekuko zaharrenak XVI. mende erdialdekoak dira, Inçorçabal (1541, 1543), Ynçorçabal (1569), Ynsorcaval (1589)... Hurrengo mendeetako aldaera nagusiak dira Insorzabal eta Insurzabal, inoiz Ynsaurçabal bezalakorik agertzen bada ere. XIX. mende bukaeran dardarkari gabeko aldaera bada, Ynchuzabal (1875) eta geroztik hori da nagusitutako aldaera.
Aldaera horietatik osoena Insaurzabal litzateke, lekukoetako /o/, au > o bilakaeraren ondorengoa da. Gero, dirudienez, /u/ bokalera aldatuko zen, asimilazioaren indarrez, i-o > i-u. Azkenik, dardakaria galdu zen, baina azken hau ez da aldaketa ohikoa. Lekukoek, dena den, argi utzi dute gertatutako bilakaera azken mendeetan.
Toponimoak bi elementu lituzke, intxaur eta zabal, biak aski ezagunak baina zabal izan liteke izenlaguna edo izena, "leku zabala". Beraz, toponimoak intxaur baten zabalera aipagai zuen edo intxaur honen inguruan zegoen lekuaren zabaltasuna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario