martes, 4 de agosto de 2020

Atxumaitz toponimoa

Atxumaitz tontorra Donostian dago. Lekuko zaharrenak XIX. mende erdikoak dira, Donostiako toponimia (1995) izeneko lanean ikus daitekeenez bezala:
Achumazcogana , M. de (1860, D.U.A.-D-7-1-P.) 
ATXUMAITZ: Achumascogaña (1861, monte, T.M., 446 orr.), Ac(h)umaizco gaña (1889, Punto de, D.U.A.-C-5-I-1691-1369), Achimoscogaiñeticichasaldea (1939, paraje, A.I., 24 orr.), Achimoscogaiñeticirugarren (1939, paraje, A.I., 24 orr.), Achimoscogaiñeticlaugarren (1939, paraje, A.I., 24 orr.), Achimoscogaña (1939,
paraje, A.I., 21 orr.); Atximas-gaña (1989, D.U.T.B.). 64-6-3, M. I-1.
Lekukoetan aldaera ugari badira, toponimoaren luzeak lagunduko zuen. Izan ere, lekuko guztietan gain hitza ere bada, egungo aldaera ofizialean ez bezala.
Lehenengo lekukoak fidagarrienak izan ohi dira eta hauetan aipagarria da bi hitz ia sinonimoak direnak batu direla: haitz eta gain. Toponimoa zatitzekotan hauxe izango genuke: atxum- + haitz + gain (+ -a). Lehenengo zati hori iluna da, baina hitz ezagun baten aldaera baino ez da, hain zuzen, aitona hitzarena. Orotariko Euskal Hiztegiaren aitona-ren sarreran aldaera hauek zerrendatuak dira:
1. (G, AN; Lar, Añ (G), Dv (G), H (V, G); attona G-goi-azp-bet, AN-gip-larr-5vill, L-sar), aiton (G; atton G-to, AN-gip-larr-5vill), aituna (G-nav; VocB ; a(i)ttune AN-araq-ulz), aitun (AN-ulz, B; aittun AN-araq; attun G-nav, AN-larr-5vill-araq-ulz, B), aitxona (G-azp), aitxuna (aitxune G-nav), atxona (AN-gip; H (V)), atxuna (AN-erro; Aq 65 (AN); atxune AN-ulz-gulina). Ref.: A (aitaita, aituna, atton); A Apend (aitun); EI 351; Iz To, Als (attuna); Etxba Eib ; Izeta BHizt2 (attun).

Hiru aldaketa gertatu zaizkio aitona-ri, it > tt, on > un eta un > um. Lehenengo biak agertzen dira aitona-ren aldaeren artean. Azkena, aldiz, ez dago baina toponimian ezaguna da, Gazume toponimoan bezala, adibidez.
Lekukoak kontuan izanik, aldaketak horiek guztiak, XIX. mende erdirako beteak zeuden, hemen eman den etimologia zuzena izanez gero.

Eguneraketa (2025-06-13):
Beharbada sarreran proposatutako etimologiak aldaketa gehiegi behar ditu eta beste bat izan liteke analisi zuzena. Donostiako toponimia lanean bada oso lotura handia izan dezakeen toponimo bat:

ANTXUME: Anchume (1803, casa, N.D.L., 25 orr.), Anchume (1814-1851, O.P.A., H-622, z/g), Anchume (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Anchume (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Anch me (84) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Anch me   Ancho ne (16) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Anchume (1864, Casa de labor, N.P.G., 63 orr.); Antxume, Auchianenia (1989, D.U.T.B.). 64-14-7, m. I-4.
ANTXUMEKO GAINA: Antxumeko gaina (1989, D.U.T.B.). 64-22-2, M. H-5.
Hemen aurkeztuko den etimologian antxume hitza oinarria litzateke eta ondoren haitz hitza izango zen. Orduan, beharreko aldaketa bakarra sudurkarien disimilazioa litzateke: antxume + haitz  > *Antxumaitz > Atxumaitz. Goiko Antxumeko gaina toponimoaren sinonimoa litzateke. Elementu berdinekin sortutako toponimo bat aztertua izan da blog honetan, Antxumaitz toponimoa, Oñatikoa. Azken honetan ez zen disimilaziorik gertatu eta dauden bi elementuak aldatu gabe geratu dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario