sábado, 8 de mayo de 2021

Intxorta toponimoa

Intxorta mendiak Gipuzkoako tontorrak dira, Elgeta eta Elorrio (Bizkaia) artean kokatutakoak, muga horretatik eta Udalaitz menditik hurbil.
Euskaltzaindiaren EODA datutegian badira Intxorta toponimoaren lekuko zahar batzuk:

ynsorta (1768-1862)
insorta (1780)
[...]
ynchorta - (1862)
ynchorta, porcion de monte (1862)
Bilakaera ikusten da XVIII. mendekoen eta hurrengo mendekoen artean, zaharretan <s> zena, besteetan <ch> da, afrikatua dela adieraziz. Horrela da egun ere, <tx> erabiliz.
Lekuko zaharren web-gune berean analisi etimologiko bat ere bada, XIX. mendearen bigarren erdikoa, Luchaireren Remarques sur les noms de lieux du Pays Basque: Extrait du compte-rendu des travaux du Congrès Scientifique de France (1874) lanean jarria:
2º. Affixes commençant par une consonne [...] II. DENTALES [...] Da, ta. Affixe qui indique comme aga, la quantité, l'abondance et aussi la situation: Inzor-ta (Gip.), montagne "lieu planté de noyers". Cf. les Noyers et les Nogaret ou Nougarède du Nord et du Midi de la France; Elos-ta (Nav.), montagne "lieu abondant en neige". Remarquons ici que devant la dentale, le r d'elur "neige" s'est transformé en s; phénomène qui se reproduit dans Sagas-ta (Bisc.) pr. Sagar-ta "la Pommeraie"; Ur-un-da (Gip.), rivière "lieu de la bonne eau"; Irur-i-ta (Nav.), village du val de Baztan "localité de la vallée" (observer ici l'i épenthétique), etc. Peut-être doit-on considérer da, ta, comme une abréviation de l'affixe de pluralité eta [C'est l'avis de M. Vinson, Cf. Van Eys. Dict. B.-Fr. vº Eta]
Funtsean, arrazoia du, baina bada iruzkintzekorik. Luchairek adierazten duen bezala, intxaur + -eta egitura dago, bi elementuak oso ezagunak dira, baina aldaketak batzuk gertatu dira. Oinarriko diptongoa aldatu da, au > o gertatuz, horixe gertatu zitzaion handik hurbil dagoen Intxuzabal toponimoari, lekuko zaharrenetan Inçorçabal (1541, 1543) bezala dagoena. Beste aldaketa atzizkiaren lehenengo bokalari dagokio, -ta ez litzateke -eta atzizkiaren aldaera, ez behintzat Luchairek aurkezten duen bezala. Dirudienez, toponimoa hasieran *Intsaurreta izan zitekeen, ondoren monoptongazioa gertatu eta *Intsorreta sortuko zen, eta orduan hirugarren silabaren bokala galdu zen, beharbada azentuaren indarragatik. Azentua bigarren silaban izango zen eta horren eraginez hurrengo silabaren bokala galdu zen, baita silaba bera ere.

viernes, 7 de mayo de 2021

Huedenaga toponimoa

 Toponimo honen informazio guztia A. Irigoienen La Colegiata de Cenarruza y sus seles lanetik eskuratu da. Lan horretan 1388. urteko agiri bateko toponimoak aztergai ditu, Ziortza inguruko saroi ugari aipatzen dituena. Hauetako bat Huedenaga zen eta Irigoienek, oin-ohar batean gaineratzen du, 304. or.:

En 1436: Huedenaga; 1549: Huedenaga; 1549-B: Huedenaga; 1703: Huedenaga; A y B: Vedenaga; Iturriza: Vdenaga. Se hizo apeo en 1741.
Lekuko hauek dira 1388. urteko agiri zaharraren kopiaketak eta, aldaera handirik ez dago, gehinetan izen bera dagoelako.
Dirudienez, toponimoa ez zen berriz agertu eta dagoen lekukotza erabili beharra dago. Huedenaga izenean -aga atzizkia dago, baina hasierako hueden- ilunagoa da. Hitz ezaguna ez da, baina izan liteke hitz elkartu bat, u- hasten direnen artean badira ur izenetik sortutakoak, uharka bezala. Huedenaga toponimoan hasierakoa ur bada, zer da tartekoa? Badago aspaldiko hitz zahar bat, batere ezaguna ez dena, eden 'pozoi', lekukotza oso urrikoa. Bi izenak lotuz eta *uheden sortuko zen eta beharbada hasperena gero hasierako lekura mugitu zen. Bide bera egin zuen harea izenak. Hala ere, zalantzazkoa da agiriko <h> islatze fonetikoaz, testuan Holabarriaga eta Herretolaça daude baita Picaaran ere. Hau da, <h> behar ez den hitzetan eta ez haran daukan toponimo batean.
Hori alde batera utzirik, *uheden hitz elkartua erraz ulertzen da, 'ur ez edatekoa' eta toponimo honetan horixe izan zen Huedenaga toponimoan zegoena.

Okeluri toponimoa

 Okeluri toponimoa bi probintziatan aurkitu ahal da. Bizkaiko Orozkoko herrian, auzo baten izena da. Araban bi baserri izenetan dago, Amurrion eta Laudion. Aipatutako hiru herriak oso hurbil daude, esaterako, Laudio eta Orozko mugakideak dira. Beraz, oso eremu zehatzeko toponimoa da.
Okeluriren lekuko zahar batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan, XVIII. mendekoak:

Oqueluri [N, NO]
Oqueluri (administrador don) (Manuel de) [Correo Videbarrieta (sigue el cantton que
attraviesa desde hasta)], Bilbao, a.1796, FogVizcayaMs.
Oqueluri (administrador don) (Manuel de) [Vrasurrutia Allende_el_Puentte Bilbao la Vieja (varrio de)], Bilbao, a.1796, FogVizcayaMs.
Oqueluri (administrador don) (Manuel de) [Santta_Maria hasta Carniceria (desde la calle de)], Bilbao, a.1796, FogVizcayaMs.
Oqueluri (don) (Manuel de) [Bidebarrieta (calle de)], Bilbao, a.1796, FogVizcayaMs.
Oqueluri (don) (Manuel de) [Calzadas (varrio de las)]|, Begoña (Santa_Maria de), a.1796, FogVizcayaMs.
Oqueluri (don) (Manuel de) [Correo (calle del)], Bilbao, a.1796, FogVizcayaMs.
Oqueluri (ynquilino) (Vizente de) [Villa y Rabales (casco de la y sus)], Miraballes, a.1745, FogVizcayaMs.
Oqueluri vecino de Bilbao (administrador de Josef_Maria de Allende) (Manuel de), Zamudio, a.1796, FogVizcayaMs.

Toponimoak bi elementu ditu, okelu 'ikuilu' eta huri, hiri hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Toponimiako huri ez da populazio handiko lekuez ari, gaur egungo kiderik egokiena baserri izan liteke. Okelu ez da hitz ezaguna, mailegu zaharra da, eta erabilera gutxikoa, baina toponimian badira lekuko batzuk, eta hauetako bat Okeluri litzateke.

Eguneraketa (2024-11-29):
Toponimoen etimologia ematerakoan okeluren adiera bat eman genuen, korta hitzarekin berdintzen zuena, baina hitzak beste adiera batzuk baditu eta beharbada egokiagoa izan daiteke Orotariko Euskal Hiztegikoaren lehena:

1. (V-ple-oroz), okellu (A, que cita msOch), okelu (Lcc, H), okoilu (V-ger-ple-oroz-m; -ollu Añ (V)), okolo (V-ger), okolu, okuilu (-ullu Mg PAbVoc, Arch ap. DRA ., H). Ref.: A (ukuillu, okoillu, okolo).
Rincón; rincón oculto, escondrijo. "Rincón" Lcc. "Zurkulluba, okulluba, escondrijo, rincón" Mg PAbVoc.
Semantikaren aldetik ere, egokiagoa dirudi, okelu 'bazter' eta huri lotzea eta ez korta eta huri. Beharbada toponimoen kokapenak argia eman dezake kontu honetan.

martes, 4 de mayo de 2021

Opilluaga toponimoa

 Berangoko toponimoa da Opilluaga, egun bi toponimo eratorriren bitartez ezaguna da, Opilluagabarri eta Opilluagazarra, biak baserriak.
Badira bi lekuko ez oso zahar batzuk, XVIII. mendekoak, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan aurkituak:

Opilluaga [N, TO]
Opilluaga (la casa de), Berango, a.1796, FogVizcayaMs.
Opilluaga (la caseria de), Berango, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimoaren analisia egiteko, banaketa egin beharra dago, hau da, opillu- + -aga, azken hau atzizki ezaguna da. Baina hasierako zatia ezezaguna da, aldaketa bat gertatu zaio eta horrela, zati hori oso ilundu da. Disimilazio bat izan du, albokoena, hain zuzen, l-ll zegoen hasieran eta gero bokal arteko ll baino ez da geratu. Disimilazio hori ez da ohikoa baina ale batzuk badira, esaterako okelu hitzaren jatorriaz Orotariko Euskal Hiztegian jasoa dena:
Etim. De lat. (medieval) locellus (> vasc. okelu).
Beraz, atzeranzko urratsa egin eta *Lopillu izango genuke, antroponimo hipokoristikoa, Lope + -illu atzizkiaz egina, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua, 129. or.:
Lopiello (Lope): Lopieillo de Parra (Cascante, 1353, Ur., 1961: 171).
Lopillu. Elgorriagako Lopilluarena (1558), Lopillurena (1569), Lopillu (1571), Topílluà (egun) oikonimoaren oinarrian dago (Iñigo, 1996: 493). Herri berean Lopillu lurra leku izena ere azaltzen da, 1571n (ibid., 202).
Azken lekuko toponimiko hauetan, hasierako albokoa gorde da, Bizkaiko toponimoan ez bezala.

Zubimusu toponimoak

 Zubimusu toponimoa ugaria da Gipuzkoan, bost dira izen hori duen lekuak: Urretxu-Zumarragan zubia, Gabirian baserria, Zestoan auzoa, Donostian hiri-parkea eta Villabonan aurkintza.
Lekuko zaharrak badira, XVIII. mendearen bigarren erditik hasita. Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 392. orrialdean:

... Zubimusu chiqui [...] Zubimusu...
Badago lekuko bat zaharragoa dena Donostiako toponimia izeneko lanean:
*ZUBIMUSU: Zubimusu (1773, D.U.A.-D-16-1990-1), Zurimusu (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Simusu (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Zubimusu (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Zubi-músu (16) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Zubimusú (1864, Casa de labor, N.P.G., 70 orr.), Zubi-mushu (1933, casa, E.B.S.S., 25 orr.); Zubimusu, Zubimuxu (1989, D.U.T.B.). 64-5-6, M.
Subimusu-menor (1842, casa, O.P.A., H-574, nº 633).
Azken lekuko hau, Subimusu-menor, 1775. urte inguruko Zubimusu chiqui izenaren itzulpena izan liteke.
Toponimo hauetan diren elementuak bi dira, aski ezagunak, zubi eta musu, eta biak elkarturik zubi-musu sortuko zen, Orotariko Euskal Hiztegian jasoa dena:
ZUBI-MUSU (Lar, s.v. punta, extremo). Extremo de un puente.
Aipatutako iturria Larramendiren hiztegikoa da, 1745. urtean. Donostiako toponimoaren lehenengoa 1773. urtekoa da, ia garaikideak dira eta lekuko toponimiko hauek erakusten dute zubi-musu hitza ezaguna eta erabilia zela Gipuzkoan, gutxienez bost toponimo sortzeko.

sábado, 1 de mayo de 2021

Nekazariarena toponimoa

Donostiako toponimo honen ezagutza lekuko bakar baten bitartez heldu zaigu. Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 392. orrialdean:

partido de Lugariz: [...] Necazariarena.

Toponimoak ez du zailtasunik, nekazari izen arrunta eta etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a. Orotariko Euskal Hiztegian nekazari hitzaren lehenengo lekukoa Larramendiren hiztegian dago, 1745. urtean. Eta euskal testuetan egilearen beraren Corografía de Guipuzcoa liburuan:

Arzen badet jorrai txiki bat, bigarren zotalean agertuko dizuet, ez tratalari ezen, ez nekazari ezen, baita argin, arotz [...]. Lar Cor 152.
Lekuko hau, beraz, oso hurbil dago nekazari hitzaren lehenengo agerpenetatik eta, beharbada, hitz honen lehenengo lekuko toponimikoa izan daiteke.

Gañaga toponimoa

Gañaga da Gernika-Lumoko tontor baten izena eta baita Zalduan bazen izen bereko etxe bat ere. Azken honen lekuko zahar batzuk daude, XVIII. mendekoak, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Gaiñaga [N, TO]
Gaiñaga (la caseria de), Zaldua, a.1745, FogVizcayaMs.

Gaiñaga [N, NO]
Gaiñaga (Domingo de) [Eyzaga_Goicoechea (la caseria de)], Zaldua, a.1745,
FogVizcayaMs.
Gaiñaga (Juan de) [Gazaga_Goitia (la caseria de)], Zaldua, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimoa, tontor bat izanik, ez da analizatzeko zaila, gain + -a. Kasu honetan, gainera, izena eta izana loturik daude etimologia oso garbia eskainiz. Baina gain izenaren sartaldeko aldaera gan(e) da. Horrek esan nahiko luke toponimoa eratu zenean aldaketa gertatu gabe zegoela eta gero, toponimoa finkaturik zegoela eta aldatu gabe geratu zela. Zoritxarrez, ez dago gain > gan aldaketaren datarik, baina Gañaga toponimoa egoera zaharraren lekukoa litzateke.