lunes, 7 de abril de 2025

Inbutegigoikoa eta Inbutegiborda toponimoak

 Inbutegigoikoa da Urnietako baserri bat, lekuko zaharrena XX. mendearen bukaerakoa da, Enbutegi (1992). Enbotegi eta Enbotodi aldaerak ere badira, Inbutei goikua (1993) ahaztu gabe.
Inbutegiborda da Villabonako baserri bat. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrak XX. mende bukaerakoak dira eta oso izen ezberdinak ditu: Perrilla (1992), Pirrillaga (1992). Inbutegi eta Inbutegiborda ere agertzen dira, eta baita ere Embutegui aldaera, data gabe. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:
Villabona, Amasa ballaran:

ENBUTEGI BORDA (PIRRILLA) (prop.)
Luis Mari Zalduaren Urumeako zilegimendietako toponimia ikerlanean toponimo hori aipagaia da, lekuko zaharrenak eskaintzeaz gain, azterketa etimologikoa ere badu, 428. or.:

Datuek erakusten dute bukaeran aldaketa izan zela eta Zalduak adierazten duen bezala, bigarren elementua hodi izan liteke baina oinarrikoa ez du zehazten eta, gure ustez, hori inbutu hitza izan daiteke, Enuto toponimoan bezala. Beraz, enbutu + hodi > Enbutodi > Enbutegi. Enbotodi aldaera bokal asimilazioaren ondorioa litzateke. Gero beste aldaketa bat izan zen, hasierako bokala aldatu zuena, asimilazioaz. Berdintsua gertatu zen euskal hitz zahar batzuekin, ekusi > ikusi, ebili > ibili.

viernes, 4 de abril de 2025

Olalkiaga toponimoa

 Olalkiaga da Gabiriako baserri bat eta toponimo eratorri bat du, Olalkiagazpi, hau ere baserria. Azken honen lekuko zaharrenean aldaera bat dago, Oalquiaga (1857). XX. mende bukaerako lekukoetan ere aldaerak daude, oolkiaga azpi (1993) eta Oalkiaga Azpi (1993). Aldaera hauek azaltzen errazak dira jakinik izen jatorrena Olalkiaga dela. Batetik alboko disimilazioa gertatu zen, lehenengoa galduz. Bestean bokal asimilazioa izan zen: o-a > o-o.
Zorionez, toponimoa deitura ere izan zen eta lekuko zaharrak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen erdialdetik lekukoak badira, deitura bihurtua:

Segura da Gabiriatik kilometro gutxira dagoen herria eta horregatik, ziurrena da toponimo bera izatea. Lekuko horiei esker ia 500 urteko lekukotza dago eta argi dago aztertzeko izena Olalkiaga dela. Toponimoak hiru elementu izango zituen, bukaeran dago -aga atzizkia eta hasiera bi elementuak ola izen arrunta da eta ilki aditza, laburketa jasan zuena. Beraz, ola + ilki + -aga > *Olailkiaga > Olalkiaga. Beharbada elki aldaera erabili zen, Zubielki toponimoan bezala eta Mitxelenak azaldu zuena bere Apellidos vascos liburuan:
Toponimoaren analisia zuzena bada, ilki aditzaren erabilera eremua Gipuzkoaren erdialdera ere hedatuko zen, ziurrenik arkaismo bihurtua.

Uban eta Ubandur toponimoak

 Uban da Andoaingo eta Urnietako erreka bat. Ubandur da Debako erreka bat. Lekuko zaharrik ez da eskuratu eta horrek esan nahi du azterketa etimologikoa egin dela ezagutzen diren lekukoetatik, hots, egungo aldaeretatik. Aldaketa batzuk aurreikusiko dira baina gerta liteke beste batzuk izatea. Hala bada, sarrera honetan egingo den azterketa okerra izan daiteke, baina oraingoz, dagoen informazioarekin azterketa egingo da.
Bi toponimoek hasiera bera dute eta, beharbada, uh- zaharrago baten ondorengoak dira. beste elementuak ezberdinak dira bi toponimo hauetan, Uban toponimoan haran izan zitekeen eta Ubandur toponimoan andur, hau aldatu gabea. Laburtuz, uh- 'ur' + haran > *Ubaran > Uban eta uh- 'ur' + andur > Ubandur. Azken toponimoaren andur erabiliko zen uraren urritasuna aipatzeko, Lasiar toponimoan bezalatsu. Ur hitzaren ub- aldaera Ubakelua toponimoan ere izango zen, bere elementuak ur eta okelu direlako.

miércoles, 2 de abril de 2025

Polpol toponimoak

Polpol da Bizkaian zein Gipuzkoan dagoen toponimoa. Bizkaiko Atxondoko udalerrian Polpol iturburua dago eta Gipuzkoako Bergaran Polpol iturburua dago eta izen bera duen hegala, mazela dago. Lekuko zaharrenak XX. mendekoak dira eta egungoak bezalakoak dira. Hala ere, toponimoek ez dute analisia egiteko oztopo handirik jartzen, pol-pol onomatopeia delako:

pol-pol.
1. (V-ger-gip ap. A ), poll-poll.
Onomat. de borboteo. "Onomat. de ruidosa ebullición" A. Cf. Etxba Eib: "Pol-pol, topon. manantial de Elosu. Elosun pol pol etorren itturri ugarixari, ala jarri zetsen izena".
Mamu onek egindako zauria, odola pol-pol dariola bait-zeukat. Berron Kijote 187. Ur ozkirria pol-pol boteaz / enparantzan iturria. AZink 152.
2. (Sust.).Murmullo (de un arroyo).
Txori kantari askoren txiotxo alaia, errekastoen poll-polla, zugatz ostroen pir-pir biguna. Ag G 3.
Toponimian batzuetan onomatopeiak ere badira, nahiz eta askotan ez izan, blog honetan badago beste bat, Bilinbalan toponimoa.

Urdandegieta toponimoak

 Urdandegieta da Ataungo lau toponimoren oinarria:

Urdandegieta
Urdandeieta o Urdanguruzeta: (= el sitio de campo acuoso). (= el crucero de campo acuoso). 1789 “Urdancuceta”.
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Aiesu
    Erreferentzia: 18. karp. 213. zk. 7621 erreg.

Urdandegietako saroi-oroia
Urdandegietako saroi oroia: (= el solar del redil de Urdandegieta). Fue abandonado hacia el año 1877.
    Izaera: orubea
    Kokalekua: Aiesu
    Erreferentzia: 18. karp. 215. zk. 7624 erreg.

Urdandegietako siatsa
Urdandeietako siatsa: (= el manantial lodazal de Urdin. aran-degi-eta, el sitio de campo acuoso).
    Izaera: siratsa
    Kokalekua: Aiesu
    Erreferentzia: 18. karp. 212. zk. 7620 erreg.

Urdandegietako zelaia

Urdandeitako zelaye: (= la planicie de Urdandegieta). 1789 “Urdandeguitaco Celaya”.
    Izaera: zelaia
    Kokalekua: Aiesu
    Erreferentzia: 18. karp. 214. zk. 7623 erreg.
Toponimoek ez dute interpretatzeko arazorik, urdandegi hitz elkartua izango zelako. Hitzak bi elementu ditu, urdain 'txerrizain', urdan- eratorpen aldaerarekin eta -tegi atzizkia. Baina Joan Arinek, Ataungo toponimia bildumaren biltzaileak, beste interpretazio bat eman zuen, urdandegi "campo acuoso" bezala azalduz. Horrek adieraziko luke bere garaian urdandegi hitza galdua zela bere ingurunean eta beharbada urdain bera ere.

martes, 1 de abril de 2025

Txupitalarra eta Txupitazpi toponimoak

 Txupitalarra da Dimako tontor bat:

Txupitazpi da Mañariko erreka, baita hegala, mazela ere. Izendegi ofizialeko lekukoak nahiko berriak dira, txupitazpi (1986). Bizkaiko diputazioaren web gunean Txupitazpi ere agertzen da, informazio bera duela:
Bi toponimo hauek Bizkaikoak dira eta bien artean 10 kilometro baino gutxiago daude.
Toponimoen etimologiari dagokionez, hasiera bera dute, txupita- eta bukaeran ezagunak diren elementuak daude, larra, larreren sartaldeko aldaera eta azpi. Txupita, hala ere, iluna da baina bada blog onetan aztertutako toponimo bat, homonimia ia erabatekoa duena, Lupita toponimoa. Ezberdintasun bakarra, hasierako kontsonantea, batean albokoa da, bestean txistukari afrikatua. Txandaketa hau ezaguna da euskal lexikoan, antroponimian batez ere ezaguna zaigu, Txomingo antroponimo hipokoristikoaren sorburua Domingo antroponimoa da eta Txopillo antroponimoaren jatorria Txope izan zitekeen edo *Lopillo, Lopiello eta Lopillu lekukotzen direlako. Beraz, azken kasu honetan l- : tx- txandakatzea izango genuke, Lupita : *Txupita toponimoetan bezala. Hala izan bazen, Lope antroponimoaren aldaera batetik Lupita sortuko zen eta hortik *Txupita antroponimo hipokoristikoa sortuko zen. Zoritxarrez, izen hauek ez zuten hedapen handirik izan eta egun geratzen dira toponimo gutxi batzuk, lehenagoko egoeraren ispilu.

Otxanduri toponimoa

 Otxanduri da Arrankudiagako auzo bat. XVIII. mendeko lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Ocanduri [N, TO]
Ocanduri (barrio de), Arrancudiaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Osanduri (la caseria de), Arrancudiaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Ozanduri (barrio de), Arrancudiaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Osanduri_Veazcoa (la caseria de), Arrancudiaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Ozanduri_Goicoa (la casa de) [Ozanduri (barrio de)], Arrancudiaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Ozanduribecoa (la casa de) [Ozanduri (barrio de)], Arrancudiaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendetik lekukoak badira, deitura bihurtua:

Deiturak ez du aldaerarik baina XVIII. mendeko lekuko batzuetan txistukarian ezberdintasunak daude, neutralizazioaren aztarrenak izan daitezkeenak.
Toponimoaren etimologiari dagokionez, adierazi behar da Errioxan badela izen bereko herri izena, Otxanduri, gaztelaniaz Ochánduri. Wikipediako gaztelaniazko web orrian etimologia ematen dute, ez erabat zuzen, uste dutelako oinarriko antroponimoa Otxanda dela, baina ziurrenik bere gizonezko aldaera litzateke, Otxando. Bide batez, han jarritako gehienak zuzenketa behar du:
Su topónimo es de origen euskérico y se traduciría como 'villa de Ochanda' (antropónimo bien documentado; véase: torre de doña Ochanda en Vitoria y Ochandiano en Vizcaya). La composición del nombre vendría de dada por otcho (otso en vascuence), andi (handia que significa gran) y por último uri (forma antigua para sitio/ ciudad). Por lo tanto podría traducirse a ciudad del gran lobo.
Toponimoak bi elementu izango zituen, Otxando antroponimoa eta huri, hiri hitzaren sartaldeko aldaera. Otxando da Otxoa antroponimoaren hipokoristiko bat eta -ndo atzizki txikigarria du bukaeran.