martes, 1 de abril de 2025

Txupitalarra eta Txupitazpi toponimoak

 Txupitalarra da Dimako tontor bat:

Txupitazpi da Mañariko erreka, baita hegala, mazela ere. Izendegi ofizialeko lekukoak nahiko berriak dira, txupitazpi (1986). Bizkaiko diputazioaren web gunean Txupitazpi ere agertzen da, informazio bera duela:
Bi toponimo hauek Bizkaikoak dira eta bien artean 10 kilometro baino gutxiago daude.
Toponimoen etimologiari dagokionez, hasiera bera dute, txupita- eta bukaeran ezagunak diren elementuak daude, larra, larreren sartaldeko aldaera eta azpi. Txupita, hala ere, iluna da baina bada blog onetan aztertutako toponimo bat, homonimia ia erabatekoa duena, Lupita toponimoa. Ezberdintasun bakarra, hasierako kontsonantea, batean albokoa da, bestean txistukari afrikatua. Txandaketa hau ezaguna da euskal lexikoan, antroponimian batez ere ezaguna zaigu, Txomingo antroponimo hipokoristikoaren sorburua Domingo antroponimoa da eta Txopillo antroponimoaren jatorria Txope izan zitekeen edo *Lopillo, Lopiello eta Lopillu lekukotzen direlako. Beraz, azken kasu honetan l- : tx- txandakatzea izango genuke, Lupita : *Txupita toponimoetan bezala. Hala izan bazen, Lope antroponimoaren aldaera batetik Lupita sortuko zen eta hortik *Txupita antroponimo hipokoristikoa sortuko zen. Zoritxarrez, izen hauek ez zuten hedapen handirik izan eta egun geratzen dira toponimo gutxi batzuk, lehenagoko egoeraren ispilu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario