martes, 31 de octubre de 2023

Orkaiztegi toponimoa

 Orkaiztegi da Gaintzako baserri bat. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

ORKAIZTEGI (3 viv.) (col.)
Aldaketarik ez dago bi lekukoen artean, urte asko ere ez dira igaro bien artean, baina Erdi Aroko bi lekuko daude, eta bietan Orkaiztegi ere bada, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519)
liburuaren 46. agirian 1504. urtean Martín de Orcaiztegui dago eta 47. agirian 1504. Juan de Orcaiztegui.
Toponimoa, beraz, ez da aldatu azken 500 urtetan eta azaltzeko izena bakarra dago, Orkaiztegi. Bukaera aldean -tegi atzizki ezaguna dago eta oinarrian orkatz izena, orkaitz aldaeran:
1 orkatz.
1. (AN, Sal, S, R; Lar, Aq 1141, H; -kh- SP, VocBN, Gèze, Dv, H), orkaitz (-kh- Urt III 268, H), orkatx (AN-burg, Ae, Sal). Ref.: VocPir 413; A; Mdg 144; EAEL 90 .
Corzo; aplicado tbn. a otros animales como rebeco, ciervo o gamo. "Chevreuil" SP, VocBN y Gèze. "Cabra montés" Lar. "Chamois, isard; cerf (Gy)" Dv. "Gamuza, corzo" A. "Corzo [...] si es macho basaintz, y si es hembra orkatz " Mdg 144. Cf. Andre Orqhaxa en una carta de 1626 (TAV 3. 2. 8, 157), alusión a una tal madame de Chevreuse.
Toponimo hau, beraz, orkatz hitzaren lehenengo lekukoa litzateke, orkaitz aldaera duela. Orotariko Euskal Hiztegian dagoena Etxeberri Ziburukoarena da, 1627. urtekoa:
Hala nola mendietan orkhatz lasterlaria / [...] ioaten baita aitziña. EZ Man I 74.

Fandoain toponimoa

 Fandoain da Orotz-Beteluko aurkintza bat. Lekuko zaharrena XVIII. mende bukaerakoa da. Ezberdintasun gehienak hasierako fonemari dagozkio, baita ere hurrengo silabako bokalari:

fanduain (1779)
janduain (1892)
sanduain (1892)
jandoain (1892)
[...]
fandoáin (1992-1999)
fanduáin (1992-1999)
Azken bi lekukoak ahozko izenak dira, hasierako kontsonantea finkaturik dago, baina bokala ez. Beste lekuko bat dago, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian ez dagoena, José María Jimeno Jurioren Topónimos navarros con sufijo -ain lanekoa:
184. JANDOAIN. Tér. en Oroz-Betelu (Mer. de Sangüesa).
Jandoain (1919, EIA. 1).
Hasierako kontsonantea, jatorriz /j/ izango zen, baina aldatu zen eta nabarmena da /f/ bihurtzeko aldaketa ohikoa ez dela, baina ez da hau izen bakana, ezaguna da fan 'joan' bezalako aldaera inguru horretan. Jatorrizko izena Jandoain izango zen, eta hau ere beste toponimo zaharrago baten aldaera litzateke. Hemen proposatuko dugu bukaeran -ain atzizkia zegoela eta oinarrian *Jaunto antroponimoa. Xandoain toponimoen sarreran informazio gehiago antroponimo berreraiki horretaz.

viernes, 27 de octubre de 2023

Xandoain toponimoak

 Xandoain behin baino gehiagotan agertzen da Nafarroan, Xandoain herri hustua Artaxon dago eta oso lekukotza zaharra du, XI. menderainokoa:

iaundoain (1098)
yandoayn (1268)
iadoayn (1280)
[...]
sandoáin (1992-1999)
sandoáin (1992-1999)

Bilakaera ez da handia izan azken milurte honetan, aldaketak hasierako silaban gertatu direlako, hasierako fonema aldatu zen eta diptongoa desegin zen.
Beste Xandoain aurkintza bat da, Urbikain herrian.
Toponimoa aztertzeko, osagaiak bereizi beharra dago, izen honetan bi elementu izan daitezke, bukaeran -ain atzizkia eta oinarrian, antroponimo bat, *Jaunto izan daiteke, horzkaria ahostunduko zen sudurkari atzean egoteagatik. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan bada, lekuko toponimikoen bitartez, XVIII. mendekoak, 201. or.:
Jaunto (Jaun-etik. Cf. Jauntxe). Badostaingo (1788, Au.p., 42) eta Aintzioako (1799, Au.p., 42) Jauntorena etxe izenetan aurkitu dut. Ikus Jaunti sarreran diodana.
Dirudienez, ez da lekuko antroponimorik aurkitu, baina antroponimo honen egitura aski argia da, oinarrian jaun izena eta -to atzizkia ondoren duena. Jaun ez da ezezaguna onomastikan, Jaunsuaga toponimoan, esaterako Jaunso antroponimoa izango zen, jaun izenaz gain, -so atzizki hipokoristikoa duela.
Antroponimo askoz ezagunagoa da Jaunti hipokoristikoa, jaun izen arruntaz eta -ti atzizkiaz osatua eta toponimo batuzetan dagoena, Jandisolo toponimoan bezala.

Txipilanda toponimoa

 Txipilanda Aiarako bizkarra, hegia da. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoaren elementuak aski agerikoak dira. Toponimoak bi elementu lituzke, biak aski ezagunak, txipi eta landa. Egun txipi izenak ez du bizitasun handirik, txiki-k hartu du leku hori.
Ordenagatik jakin dezakegu landaren txikitasuna aipagai ez zela. Ziurrenik, txipi izengoitia zuen baten landa da toponimoaren interpretazio zuzena. Erabilera horren lekukotza aski zaharra da, Erdi Arokoa eta A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan lekuko bat dago:

3.92. CHIPI: Chipi de Labastida, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 567 orr.), Bera-n. Euskal hitza da txipi.
Txipi eta txiki hitzen arteko hurrenkera kronologikoaz badago toponimo bat bilakaera horren erakusle, Larretxipitxiki toponimoa, hain zuzen.

miércoles, 25 de octubre de 2023

Bragoilaiz, Bragoloiz patronimikoak

 Bragoilaiz, Bragoloiz patronimikoen hiru lekuko ezagutzen dira, Bragoilaiz behin jasoa da eta Bragoloiz bi aldiz agertzen da P. Salaberriren Euskal deiturategia. Patronimia liburuan:

*Bragoil-, *Bragol- (Aragoin. Cf. Drago izena: Drago Garçia de Ezquay, Drago de Garinoayn, Erriberri, 1325, Bar., 1997, 16. Ez Viejok [1998] ez Boullónek [1999) ez dute honelakorik aurkitu Asturias-Galizietan).
— Bragoilaiz: Quinera Bragoylayz (1065, Leire, 75).
— Bragoloiz: Anaia Bragoloyz de Sancta Maria, Didaco Bragoloyz (1065, Leire, 75).
Salaberrik aipatu bezala, ez dago *Bragoil-, *Bragol- antroponimorik, baina badago oso antzekoa den bat, Braulio, egun ere ezezaguna ez dena. Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) tesian antroponimoa ere badago, beraz, Erdi Aroan ere ezaguna zen, s.v. Braulius:

Lekuko gehienetan Braolio agertzen bada ere, Brauliorekin lotzea normala da, bi bokalak hurbilak direlako baina zailagoa da azaltzea patronimikoen bokalarteko /g/ hori, beharbada diptongoa ez sortzeko tartekatua. Bide batez, Aragoiko San Juan de la Peñako kartularioan Bragulio agertzen da, 123. agirian, Garsea Bragulio. Azken lekuko honek erakutsiko luke Nafarroako eta Aragoiko lurretan Bragulio bezalako antroponimo bat bazela eta horren patronimikoak izan daitezke Bragoilaiz eta Bragoloiz. Lehenengoa da gehien urruntzen dena, baina beharbada arazo bat izan da testuarekin, izen osoa Quinera Bragoylayz da eta Quinera hori ziurrenik Kimera antroponimo germanikoa da. Beraz, ezin ziur izan Bragoylayz izenaren fidagarritasunaz.

Askasubi toponimoa

 Askasubi da Oñatiko bi baserriren izena. Lekuko zaharrak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen erdialdetik lekukoak daude:

Lekuko zaharrenak aurreko mendekoak dira, Colección Documental del Archivo Municipal de Oñati (1149-1492) liburuan daude, 34. agirian, 1489. urtean:
Juan de Ascasuby, treynta maravedis.
[...]
Sancho de Ascasuby, dies maravedis.
Toponimoa, beraz, oso zaharra du eta lekuko zaharrenetan egun duen izena du, aldatu gabea delako. Hori kontuan hartuz, toponimoa azaltzeko gakoa txistukariak izan daitezke, biak berdinak direlako, baina ziurrenik, bigarren elementua zubi hitza da. Askasubi azaltzeko, uste badugu bukaeran zubi dagoela bi azalbide daude, baten asimilazioa gertatu da, lehenengo txistukariak asimilatu du bigarrena: s-z > s-s. Egia da joera dagoela hitz bateko txistukariak berdintzeko, horrelakoak dira sasoi eta sinetsi bezalakoak. Hala ere, beste bide bat dago, batzuetan rz > s gertatzen delako, horrelakoa da uso izena sortaldean urzo delako, edo Elosu toponimoa, *Elorzu zaharrago batetik sortu zena. Hala bazen, *Askarzubi bat izan zitekeen, azkar eta zubi hitzen elkarturik. Azkar zuhaitz izena izan liteke. Toponimo antzeko bat
Askasibar da, Askasubitik ez urrun. Azken honetan rz > s bilakaera askoz errazago antzematen da eta litekeena da Askasubi toponimoaren sorrera berdintsua izan, baina hori ez da ziurra.

lunes, 23 de octubre de 2023

Eskerika toponimoa

 Eskerika da Morgako biztanle-entitate bat. Gainera bi baserrik izen bera dute eta beste batek Eskerikabarrena izena du. Azkenik, Eskerikartekoerrekea ere bada.
Toponimo honetaz azterketa etimologikoa dago P. Salaberriren Sobre el sufijo occidental –ika y otras cuestiones de toponimia vasca lanean, 153. or.:

6.10. Eskerika (barrio de Morga, B)
No conozco documentación del topónimo, y por ello lo que digo aquí debe ser tomado como puramente hipotético. Podríamos partir de Esperius (Solin & Salomies, 1994: 75), de *(terra, villa) esperica de donde por asimilación de consonantes tendríamos Eskerika. Otra posibilidad es considerar que en la base tenemos Ascarius (ibíd., 23), pero de este nombre obtendríamos *Askarika, no Eskerika. En ambos casos tendríamos,el problema del grupo –sk-, que no parece insalvable.

Hemen egingo den hurbilketa beste bide batetik doa, -ika atzizkia dagoela onarturik, baina antroponimoa bestelakoa da, Asterius proposatuko dugulako. Hala izan bazen, *Azterika sortuko zen, txistukaria euskarara egokitua. Ondoren, paperean jarri baino lehenagoko tarte luzean aldaketa batzuk izan ziren, batetik txistukaria aldatu zen, agian neutralizazioagatik, lurralde honetan hasi zelako. Bestela, herskari aurrean errazago izan da aldaketa, estrata hitza bezala. Beste aldaketa bat hasierako bokalari dagokio, asimilatu zen hurrengo silabakoarekin, a-e > e-e. Bilakaera bera antroponimo berarekin gertatu omen zen beste bi toponimotan, blog honetan aztertuak, Esterain eta Ezterenzubi toponimoetan, hain zuzen.
Azken aldaketa herskariei dagokie, lehenengoa aldatu zelako, asimilazioz, t-k > k-k. Nabarmena da toponimo berean bi asimilazio gertatzea, jakina, behin toponimoaren esanahia galdu zenean, izena aldatzen hasi zen eta berandu arte idatzi ez zenez, aukera gehiago izan ziren aldaketak gertatzeko.

Eguneraketa (2024-02-05):
Aipatutako Izendegi Geografiko Ofizialeko Eskerikabarrena toponimoak badu lekuko zahar bat, Esquerica, 1778. urtekoa eta hurrengo mendeko beste bat dago, Esquericas (1860). Azken honek baserri multzoa adieraziko luke, horregatik bukaera, gaztelaniaz. Lekuko hauen antzinatasuna ez da handia baina erakusten dute duela 250 urte inguru toponimoak izen bera zuela. Etimologiari dagokionez, datu hauek ez dute ezertan aldatzen proposatutako etimologia. hipotesizatzen diren aldaketak askoz lehenagoak izango zirelako.