viernes, 27 de octubre de 2023

Xandoain toponimoak

 Xandoain behin baino gehiagotan agertzen da Nafarroan, Xandoain herri hustua Artaxon dago eta oso lekukotza zaharra du, XI. menderainokoa:

iaundoain (1098)
yandoayn (1268)
iadoayn (1280)
[...]
sandoáin (1992-1999)
sandoáin (1992-1999)

Bilakaera ez da handia izan azken milurte honetan, aldaketak hasierako silaban gertatu direlako, hasierako fonema aldatu zen eta diptongoa desegin zen.
Beste Xandoain aurkintza bat da, Urbikain herrian.
Toponimoa aztertzeko, osagaiak bereizi beharra dago, izen honetan bi elementu izan daitezke, bukaeran -ain atzizkia eta oinarrian, antroponimo bat, *Jaunto izan daiteke, horzkaria ahostunduko zen sudurkari atzean egoteagatik. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan bada, lekuko toponimikoen bitartez, XVIII. mendekoak, 201. or.:
Jaunto (Jaun-etik. Cf. Jauntxe). Badostaingo (1788, Au.p., 42) eta Aintzioako (1799, Au.p., 42) Jauntorena etxe izenetan aurkitu dut. Ikus Jaunti sarreran diodana.
Dirudienez, ez da lekuko antroponimorik aurkitu, baina antroponimo honen egitura aski argia da, oinarrian jaun izena eta -to atzizkia ondoren duena. Jaun ez da ezezaguna onomastikan, Jaunsuaga toponimoan, esaterako Jaunso antroponimoa izango zen, jaun izenaz gain, -so atzizki hipokoristikoa duela.
Antroponimo askoz ezagunagoa da Jaunti hipokoristikoa, jaun izen arruntaz eta -ti atzizkiaz osatua eta toponimo batuzetan dagoena, Jandisolo toponimoan bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario