miércoles, 25 de octubre de 2023

Bragoilaiz, Bragoloiz patronimikoak

 Bragoilaiz, Bragoloiz patronimikoen hiru lekuko ezagutzen dira, Bragoilaiz behin jasoa da eta Bragoloiz bi aldiz agertzen da P. Salaberriren Euskal deiturategia. Patronimia liburuan:

*Bragoil-, *Bragol- (Aragoin. Cf. Drago izena: Drago Garçia de Ezquay, Drago de Garinoayn, Erriberri, 1325, Bar., 1997, 16. Ez Viejok [1998] ez Boullónek [1999) ez dute honelakorik aurkitu Asturias-Galizietan).
— Bragoilaiz: Quinera Bragoylayz (1065, Leire, 75).
— Bragoloiz: Anaia Bragoloyz de Sancta Maria, Didaco Bragoloyz (1065, Leire, 75).
Salaberrik aipatu bezala, ez dago *Bragoil-, *Bragol- antroponimorik, baina badago oso antzekoa den bat, Braulio, egun ere ezezaguna ez dena. Ana Isabel Boullónen Antroponimia medieval galega (ss. VIII-XII) tesian antroponimoa ere badago, beraz, Erdi Aroan ere ezaguna zen, s.v. Braulius:

Lekuko gehienetan Braolio agertzen bada ere, Brauliorekin lotzea normala da, bi bokalak hurbilak direlako baina zailagoa da azaltzea patronimikoen bokalarteko /g/ hori, beharbada diptongoa ez sortzeko tartekatua. Bide batez, Aragoiko San Juan de la Peñako kartularioan Bragulio agertzen da, 123. agirian, Garsea Bragulio. Azken lekuko honek erakutsiko luke Nafarroako eta Aragoiko lurretan Bragulio bezalako antroponimo bat bazela eta horren patronimikoak izan daitezke Bragoilaiz eta Bragoloiz. Lehenengoa da gehien urruntzen dena, baina beharbada arazo bat izan da testuarekin, izen osoa Quinera Bragoylayz da eta Quinera hori ziurrenik Kimera antroponimo germanikoa da. Beraz, ezin ziur izan Bragoylayz izenaren fidagarritasunaz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario