miércoles, 30 de abril de 2025

Uralde hitza eta toponimoa

 Uralde da Arabako toponimo batzuen oinarria. Uralde da Legutioko baso bat baita Trebiñuko aurkintza bat ere. Uraldea da Gasteizko aurkintza bat.
Legutioko Uralderen lekuko zaharrenek bestelakoa adierazten dute, Olaaldea (1780), Olaldea (1796). Uralderen lehenengo lekukoa XIX. mende bukaerakoa da, Uralde (1897).
Baina Uralde benetakoak badira eta ugariak dira Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuaren arabera:

URALDE, muy abundante en montes, términos y labrantíos.
URALDEA, como anterior.
URALDEUQUELUA, 1723, labrantío de Contrasta.
URALDEZABALA, 1617, labrantío en Oreitia.
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendetik lekukoak badira, deitura bihurtua:

Legutioko Uralderen kasuan, Arabakoen ugaritasunak eragina izango zuen jatorrizko Olaaldea aldarazteraino.
Toponimoetan hitz elkartu bat dago, uhalde, edo, hobe esanda, uralde aldaera. Horixe dago Landucciren hiztegian, Gasteizen egina eta baita ere Lazarraga arabarraren testuetan. Hitzak bi elementu ditu, ur eta alde eta interesgarria da oinarriko elementuak aldaketarik jaso ez duela, ezagunak direlako Uhalde, Ugarte bezalako toponimoak, baina Araban Uralderen nagusitasuna agerikoa da.

Osandategi toponimoa

 Bizkaiko toponimo zahar hau hiru aldiz agertzen da XVI. mende hasierako agiri batean, Arbatzegiko elizateko etxe zerrendatze batean, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 11. agirian, 1510. urte inguruan:

Las casas de San Juan de Aransolo e Ynigo de Olaechea, por las heredades de Osandategui e Araondo, honze marauidis biejos e vna blanca.
[...]
La mesma, por el parral de Osandategui que huvo de Domingo de Albiz, seis marauidis biejos e medio.
[...]
La casa del cordelero de Monditibar, por la pieça de Osandategui, quatro marauidis biejos e vna blanca.
Toponimoak ez du zailtasun handirik, bukaeran -tegi atzizkia dago, ohikoa etxe izenetan eta oinarrian Otxanda antroponimo emakumezkoa, Otxanda toponimoan dagoena. Interesgarria da txistukariaren islapen grafikoa <s> jarria delako. Beraz, antroponimoa ziurrenik Otsanda izango zen eta ez Otxanda, hala balitz <Ochandategui> idatziko zutelako.
Otxanda izenari buruz, hona Mitxelenak Apellidos vascos liburuan idatzia:
510. —Otxanda fem. de Otxoa: Doxandabaratz (Usandevaras, Usandivaraz), Ochandategui, Oxandaberro. El suf. -(a)nda es el mismo de oillanda «polla», de oillo. Una forma masc. en -o, debida sin duda a influencia románica, en Ochando: Oggando de Villa Porchera (CSM 174, 1055), etc.

viernes, 25 de abril de 2025

Otsaobieta toponimoa

 Otsaobieta da Leintz-Gatzagako kortabaso bat. Toponimoak ez du lekuko zaharrik eta jasotakoetan aldaera batzuk daude, aipatu beharrekoak: Otsobideta, Otsobidieta, Osavideta. Horrelako lekukoak aurrean izanik, otso- (edo otsa-) + bide + -eta egitura argia genuke, "otsoen bideak" bezala ulertuko litzateke. Baina Otsaobieta lehenetsi dutenez, lekuko zaharragoetan horrelako izena izango zuten, nahiz eta gero ez zerrendatu bildutako lekukoetan. Izen hori jatorragoa bada, analisia hortik hasiko da eta beste etimologiatik aldatzen den bakarra erdiko elementua litzateke, bide izan beharrean hobi delako. Beraz, otsa- 'otso' + hobi + -eta, "otsoen hobiak" esanahiarekin. Izena entzun eta susmatzen da otsoak harrapatzeko eta hiltzeko lekua zela.

miércoles, 23 de abril de 2025

Uerraga toponimoa

Uerraga da Ataun aldeko bi toponimoren oinarria:

Uerragarrigaña
Uarri gañe: (= el termino superior de Uerraga, el jaro).
    Izaera: gaina
    Kokalekua: Aralar
    Erreferentzia: 25. karp. 320. zk. 10269 erreg.

Uerragarrigañeko saroia
Uarri gañeko saroia: (= el sel del término superior del jaro). 1410, el sel “Uerraga el de encima”. Esta abandonado desde fines del siglo XVIII.
    Izaera: saroia
    Kokalekua: Aralar
    Erreferentzia: 25. karp. 321. zk. 10270 erreg.
Lekuko zaharrena XV. mende hasierakoa da eta horrek oso zahar egiten du. Analisia, beraz, Uerraga izenetik hasiko da, ondoren erantsitako beste elementuak aski argiak dira, saroi, gain eta harri. Oinarriko toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran -aga atzizkia, normalean ugaritasun adierazlea eta oinarrian uher izenondoa, hainbat adiera dituena:
1. Turbio; gris; pardo, marrón.
2. Amargo.
3. Malvado, malintencionado, maligno.
4. 4. Áspero, no pulido.
Normalean adiera nagusia lehena da eta toponimoan garai batean zegoena nabarmenduko zen uher jasotzeko, baina ez dago zeri erreferentzia egiten zionik. Gainera, toponimoa sortu zenean 600 urte baino gehiago joan dira eta ziurrenik hor zegoena aspaldian galdu zen.

Urkuola toponimoak

 Urkuola da Ataungo hamabi toponimotako oinarria:

Urkuola
Urkuola: (= Abedules). 1507 “Urquyela”. 1549 “Urquiela”. 1617 “casa de Urquiola”. 1695 “Casa Urquola”. 1709 “casa de Urcuela”.
    Izaera: etxea
    Kokalekua: Otamendi
    Erreferentzia: 01. karp. 079. zk. 87 erreg.

Urkuolaberriko iturria
Urkuolaberriko iturrie: (= la fuente de la nueva Urkuola): Es agua ferruginosa.
    Izaera: iturria
    Kokalekua: Otamendi
    Erreferentzia: 01. karp. 092. zk. 101 erreg.
[...]
Toponimoaren lekuko zaharrenak, biak XVI. mendekoak, bat datoz izena islatzerakoan, Urkiela. Hurrengo mendeetan aldaerak agertzen dira, Urkiola, Urkola, Urkuela. Beharbada toponimoa jatorrian Urkiola zen eta gero aldatu zen, baina bitxia da aldaketa jakinik ola hitza toponimian oso ugaria dela. Urkiola > Urkiela gertatu bazen, badirudi bokal asimilazioa gertatu zela, io > ie, baina bilakaera hori ez da batere ohikoa eta horrek zalantza pizten du. Hala ere, beste analisi posible bat ez da erraz ikusten.

miércoles, 16 de abril de 2025

Otxandasoloeta toponimoa

 Arabako toponimo honek lekuko bakarra du, baina nahiko zaharra da, XVI. mendekoa eta Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua da:

OCHANDASOLOETA, 1537, labrantío de Garayo.
Toponimoa oso argia da eta hiru elementu izango zituen, bukaeran -eta atzizkia, aurrerago solo izena, soro hedatuagoaren aldaera eta oinarrian Otxanda antroponimo emakumezkoa. Izen honek arrakasta izan zuen eta toponimiara ere igaro zen, Otxandaetxea eta Otxandaperra toponimoek erakusten duten bezala. Gaztelaniaz ere erabili zen eta horren erakusgarria da Peñaochanda toponimoa, Nafarroakoa.

Kukusolo toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

CUCUSOLO, 1671, labrantío de Lagrán.
Toponimoak bi elementu izango zituen, azkena solo hitza da, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera, baina oinarrikoa zailagoa da, aukera bat baino gehiago daudelako. Ziurrenik kuku hitza dago, hegazti izena edo, beharbada, norbaiten izengoitia. Hitz homonimo bat dago eta adiera nagusia egokia litzateke soro bat izendatzeko, kuku hitza:
1. (BN-ciz, Sal ap. A ).
"Espantajo de pájaros" A. v. 5 kuka (2).
Frantzian berean gobernioa bethi kordokatua, landako kukua iduri, haize kolpe guziek harat-hunat dariotela. Herr 3-11-1955 (ap. DRA ).
2. (S ap. Lrq ; Lecl, H), kuko (H).
"2. charançon, cosson, calandre. 3. ver, insecte qui pique les fruits, grains, feuilles et s'y loge" H. v. 1 koko, 5 kuka.
Udare ondoak lehertzen zaizku [...]. Etsai bat badute izigarria. Udare-kukoa, erdaraz 'l'anthonome du Poirier'. GAlm 1959, 66. Sagarrondoari atakatzen den kukoak primaderan erruten du. Ib. 66.
"(Sal), pulgas y piojos (voc. puer.)" A.
3. "(Sal), máscara, enmascarado" A. v. 1 koko (5).
Hala ere hitza sortaldekoa zen, Lagranetik urrun. Ezinezkoa ez da, baina oinarrian kuku hitza bazen, lehen kuku izango zen.
Beste aukera bat dago, azkena, eta horrek haplologia izeneko aldaketa bat beharko zuen, kukuso izena oinarrian, baina bere erabil-eremua erdiko eta sortaldekoan dago, sartaldeko euskaran arkakuso hitz elkartua ohikoa da eta Bizkaia gehienean ardi erabiltzen da. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) izenekoan bada orri bat ardi, arkakuso eta kukuso hitzen banaketa geografikoaz eta kukuso hitzaren erabilera eremua aski urrun geratzen da.
Beraz, kukuso + solo egitura ez da Arabako lurraldean agertuko zena eta sarrera honetan egindako lehenengo analisia hobetsiko genuke.