Mostrando entradas con la etiqueta Otxanda. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Otxanda. Mostrar todas las entradas

miércoles, 30 de abril de 2025

Osandategi toponimoa

 Bizkaiko toponimo zahar hau hiru aldiz agertzen da XVI. mende hasierako agiri batean, Arbatzegiko elizateko etxe zerrendatze batean, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 11. agirian, 1510. urte inguruan:

Las casas de San Juan de Aransolo e Ynigo de Olaechea, por las heredades de Osandategui e Araondo, honze marauidis biejos e vna blanca.
[...]
La mesma, por el parral de Osandategui que huvo de Domingo de Albiz, seis marauidis biejos e medio.
[...]
La casa del cordelero de Monditibar, por la pieça de Osandategui, quatro marauidis biejos e vna blanca.
Toponimoak ez du zailtasun handirik, bukaeran -tegi atzizkia dago, ohikoa etxe izenetan eta oinarrian Otxanda antroponimo emakumezkoa, Otxanda toponimoan dagoena. Interesgarria da txistukariaren islapen grafikoa <s> jarria delako. Beraz, antroponimoa ziurrenik Otsanda izango zen eta ez Otxanda, hala balitz <Ochandategui> idatziko zutelako.
Otxanda izenari buruz, hona Mitxelenak Apellidos vascos liburuan idatzia:
510. —Otxanda fem. de Otxoa: Doxandabaratz (Usandevaras, Usandivaraz), Ochandategui, Oxandaberro. El suf. -(a)nda es el mismo de oillanda «polla», de oillo. Una forma masc. en -o, debida sin duda a influencia románica, en Ochando: Oggando de Villa Porchera (CSM 174, 1055), etc.

miércoles, 16 de abril de 2025

Otxandasoloeta toponimoa

 Arabako toponimo honek lekuko bakarra du, baina nahiko zaharra da, XVI. mendekoa eta Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua da:

OCHANDASOLOETA, 1537, labrantío de Garayo.
Toponimoa oso argia da eta hiru elementu izango zituen, bukaeran -eta atzizkia, aurrerago solo izena, soro hedatuagoaren aldaera eta oinarrian Otxanda antroponimo emakumezkoa. Izen honek arrakasta izan zuen eta toponimiara ere igaro zen, Otxandaetxea eta Otxandaperra toponimoek erakusten duten bezala. Gaztelaniaz ere erabili zen eta horren erakusgarria da Peñaochanda toponimoa, Nafarroakoa.

sábado, 10 de agosto de 2019

Otxandaetxea toponimoa

Toponimo hau behin lekukotzen da, 1406. urtean, Leintz eta Aramaioko mugen arteko eremuan. Amojonamiento del Valle de Léniz izenburuko agirian badago aipatutako lekuko bakarra:
E del dicho lugar fueron delante al lugar que dijeron "Ochanda-echea", la que está sobre el lugar que llamaban "Barrungoarroa" pusieron allí una piedra por mojón con su testigo.
Lekuko bakarra bada ere, azterketa gardena bada, eta gainera toponimoaren sorrera data ez zen askoz lehenagokoa izango; hori dela eta, analisiaren ziurtasun osorik ez badago ere, proposatutako etimologia guztiz egokitzen denez, zuzentzat har liteke. Toponimoak bi zati lituzke, alde batetik Otxanda antroponimoa eta bestetik etxe izena, -a artikulua zenbatu gabe.
Otxanda izena behin baino gehiagotan agertu da blog honetan, Otxanda, Donostiako toponimoa; Otsandagorta, Zeanuriko toponimoa; Otxandarri, Villaverdeko toponimoa; Otxandaperra toponimo arabarra eta Peñaochanda toponimo nafarra.
Horiek guztiek erakusten dute Otxanda antroponimoaren bizitasuna, gaztelaniaz ere erabilia izan bazen, azken toponimoak argi uzten duen bezala.
Toponimoaren bigarren elementua etxe izan zen, ez da ohikoa antroponimoekin baina badira adibide gutxi batzuk, blog honetako Jakobetxe eta Otsoetxe toponimoak bezala. Azken honen oinarria Otsoa antroponimoa izango zen, Otxanda bere eratorrietako bat izango zena.

jueves, 18 de octubre de 2018

Peñaochanda toponimoa

Peñaochanda Nafarroako toponimoa da, Cabredo herrikoa, hain zuen. Lekuko zaharrenak duela urte gutxikoak dira: Peña Ochanda (1981, 1986).
Blog honetan aztertutako Otxoa antroponimoaren eratorri toponimikoak euskarazkoak dira, baina hau erdaraz sortua da, batetik izena, peña 'harri, haitz' eta bestetik ordena, euskararen alderantzizkoa.
Toponimo honek erakusten du Otxanda erdaraz ere ez zela ezezaguna, ahaztu gabe toponimoa nafarra dela, euskal lurraldetik ez urrun.
Otxanda antroponimoa aztertua izan da blog honetan eta bizitza luzea izan bazuen ere, behitzat Otxando-rena baino luzeagoa, aspaldian hil zen. Beraz, toponimo honek mende batzuk izan behar ditu, baina oraingoz ezin zehaztu zenbat, Otxanda izenaren galera data ezezaguna delako.
Aipatzekoa da kilometro gutxira, Araban, Otxandarri toponimoa badela. Azken hau euskarazkoa da eta elementuak Peñaochanda-renak dira, baina azken honetakoak erdaraz. Beraz, bitxia da tarte txiki batean bi toponimo izatea, bata euskarazkoa, bestea erdarazkoa, baina elementu berdinak bi hizkuntzetan.

Otsandilibar toponimoa

Otsandilibar toponimoa Nafarroakoa da, Zirauki herrikoa. Hainbat aldaera baditu: Ollandilibar (1709), Osandelibat (1666, 1723), Osandilbar (1705, 1708, 1732), eta beste batzuk gehiago, baina interes handiena lehenengo lekukoak badu: Ochandiriuarr (1283). Lekuko honetan hiru elementu aurki daitezke, Otxand- PI + -iri + ibar. Lehenengoa Otxando edo Otxanda antroponimoak izan daitezke, dirudienez toponimoa sortu eta gero antroponimoaren azken bokala galdu zen. Ondoko elementuak -iri hurbiltasun atzizkia eta ibar izena lirateke. Nahiz eta jatorri bera izan ahal, ez da nahasi behar -iri atzizkia eta hiri izena. Ezaguna da hiri izenaren aldaera erabilia izan zela toponimoak sortzeko, aurrean antroponimo bat zutela, hala nola Enekuri, Obekuri eta beste hainbat. Hala ere, ez da erabilera horren lekukorik aurkitu hiri aldaerarekin. Beraz, toponimo honetan tarteko -iri hurbiltasun atzizkitzat hartu beharra dago.
Toponimo honetan bi aldaketa fonetiko gertatu ziren, antroponimoaren azken fonemaren galera eta r-r > l-r disimilazioa, nahiko goiz gertatua, lehenengo lekukoa 1320. urteko Ossandillivarr litzateke.
Bukatu baino lehen, zehaztasun bat, zoritxarrez erabat ziurra ez dena, gehitu liteke. Toponimoaren lekuko ia guztietan <s> jarrita dago txistukari afrikatua adierazteko. Beharbada hori argudio bat litzateke Otxando antroponimoaren alde egiteko, lekuko zahar batzuetan txistukaria jartzeko <s> erabiltzen zutelako, Otsandola edo Otsondoa toponimoetan bezala. Otxanda-ren lekukoetan ohikoena <ch> jartzea da, egun <tx> jarriko genukeen bezala, adibidez Otxanda toponimoan.

martes, 16 de octubre de 2018

Otxandaperra toponimoa

Toponimo hau, Otxandarri bezala, arabarra da eta lekuko bakarra G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa da:
"OCHANDAPERRA, 1759, monte común de Antoñana-Oteo-Sabando."
Toponimoa bi elementuz osaturik dago, lehenengoa Otxanda antroponimoa litzateke eta bigarrena *perra hitza, jatorria latineko ferraginis izenean izango zuen, Henrike Knörr-ek adierazi zuen bezala. J. Corominas eta J. A. Pascual-en Diccionario critico etimologico castellano e hispanico ospetsuan, gaztelaniazko herrén hitzaren sarreran informazio gehiago eman zuten, latin arrunteko ferrago, -aginis izenetik sortu ziren gaztelaniazko herrén, baita bere Errioxako aldaera herrán, Arabako *perra izenetik hurbilago dagoena. Aldaketa zenbait jaso zituen hitz hau ez omen da ageri euskal testuetan, ez da Orotariko Euskal Hiztegian agertzen, nahiz eta argi dago euskal hitza zela, Otxandaperra toponimoan eta beste toponimo askotan ikus daitekeen bezala.

martes, 4 de septiembre de 2018

Otxandarri toponimoa

Toponimo hau arabarra da, Villaverde herrikoa, Lagrán-etik hurbil. Lekuko bakarra dago, G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan jasoa:
"OCHANDARRI, 1770, labrantío de Villaverde."
Toponimoa dagoen bezala, Otxanda + harri bezalako egitura izan lezake. Hala ere, Otxandibar toponimoan ikusi bezala, antroponimoaren azken bokala galdu zen eta ez dago erabateko ziurtasunik
antroponimoa Otxando edo Otxanda izateko. Gainera, toponimoaren lekuko bakarra nahiko berankorra da, eta herri hartan euskara aspaldi galdua izango zen.
Otxando eta Otxanda antroponimoen lekuko zuzenak kontuan hartuz, badirudi emakumezko izenak bizitza luzeagoa izan zuela, Erdi Aroa bukatu ondoren ere erabilia izan zen. Beraz, Otxanda izenak aukera gehiago izango zituen toponimo honetako oinarria izateko. Dena den, ziurtasun maila handiagoa izateko, lekuko gehiago eta zaharragoak beharrezkoak lirateke.

Otsandagorta toponimoa

Otsandagorta Zeanuriko baso baten izena da. Toponimo honetan afrikatu jatorrizkoa agertzen da, eta gauzak zuzen eginez gero, badirudi aspaldiko ahoskapena gorde dela. Ohar hau egin beharrekoa da, izan ere, Otxanda bezalako toponimoaren afrikatua <tx> da, eta Otxanda antroponimoaren lekuko ia guztietan <ch> bezala transkribaturik daude; beraz, egun <tx> idatzi beharko litzateke.
Bigarren elementua gorta da, eta korta hitz ezagunagoaren aldaera litzateke. Egun korta 'ikuilu' bada ere, lehenago 'saroi' bezala ezaguna izan zen, eta hori izango zen Otsandagorta toponimoan ere.

martes, 28 de agosto de 2018

Otxanda toponimoa

Donostiako toponimoa izan da hainbat mendetan. Lehenengo lekukoa 1775. urtekoa litzateke, eta agerpen hori Ochanda bezala idatzia izan zen Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 392. or.
Geroko informazioaren iturria Donostiako toponimia, 1995. urteko lana izan da, dirudienez garai hartan oraindik bazela Otxanda izeneko etxea
"*OTXANDA: Ochanda (1814-1851, O.P.A., H-622, 47 r.), Ochanda (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Ochanda (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Ochánda (20) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Ochanda (1864, Casa de labor, N.P.G., 68 orr.); Otxanda (1989, D.U.T.B.). 64-13-3, m".
Etxe izena izanik, normalean antroponimo bat zuten eta gehienetan atzizki bat, -(r)en + -a, hainbat aldaeratan aldatua. Toponimo honetan, baina, ez dago holakorik eta antroponimo hutsa da toponimo bihurtutakoa, blog honetan behin eta berriz agertutakoak, Liketi eta Gendul bezala.
Otxanda izenari buruz, hona Mitxelenak Apellidos vascos liburuan idatzia:
"510. —Otxanda fem. de Otxoa: Doxandabaratz (Usandevaras, Usandivaraz), Ochandategui, Oxandaberro. El suf. -(a)nda es el mismo de oillanda «polla», de oillo. Una forma masc. en -o, debida sin duda a influencia románica, en Ochando: Oggando de Villa Porchera (CSM 174, 1055), etc.".
Blog honetako iritzia bestelakoa da, baliteke garai batean Otxanda izatea Otxoa-ren kidea emakumeak izendatzeko, baina ziurrenik lehenagoko bikotea Otxando-Otxanda izango zen. Baina Otxando-ren lekuko ez oso ugariek (guztira hamaika baino ez dira) erakutsiko lukete bazela alde batetik Otxoa, gizonezkoa eta bestetik Otxanda, emakumezkoa, biak estuki loturik eta azkenean Otxoa-Otxanda bikotea finkatu zen. Gero, biak itzali ziren, Otxando itzali zen bezala.