martes, 7 de agosto de 2018

Otxoamendiko buarra toponimoa

Aguraingo agiri zaharren artean bada bat, bi toponimo aipatzen dituena, Otxoamendi eta Otxoamendiko buarra. Archivo Municipal de Salvatierra-Agurain. Tomo III (1451-1500) liburuko 89. agiria, 1488. urtekoan bi toponimoak agertzen dira, Ochoa Mendicobuarra, 278. orrialdean eta hurrengoan Ochoamendi. Toponimoak Agurain eta Alaitza inguruan izan ziren eta dirudienez, biak galduak dira.
Analisia egiteko orduan, biak aski errazak dira, Otxoa antroponimoa, mendi izena eta buar 'bular' izena. Otsoa animalia izan balitz, *Otsomendi edo izango zen. Beraz, beste toponimo bat Otxoa antroponimoa duena. Baina bada toponimo eratorrian izen bat, buar, nahiko interesgarria. Azalpena, Mitxelenaren "Sobre la lengua vasca en Álava durante la Edad Media", Palabras y textos liburuan, 172-173. or.:
"Con todo, los topónimos no son tan estériles como podrían parecer, al menos si son tratados con algún atrevimiento, no exento de riesgos. En efecto, no solamente nos permiten establecer, aunque de manera bastante grosera, distintas áreas (cf. solo / soro, por ejemplo) en variantes de una misma forma: así buar en Iturbuar, 8615, Alegría, 1737, Iturbuarra, 8616, Musitu, en 1732, documentan indirectamente un buar «pecho», forma que se espera encontrar en zonas donde se dice berar «hierba» (cf. 12893 Ocallaberar, Maeztu, 1762), erur «nieve» o sus continuadores, en vez del general bul(h)ar, que va desde el oeste de Vizcaya hasta Roncal y Soule. Cf., aquí mismo, 5894 s. Eribabular(ra), en Eribe, 1719 y 1839".
Otxoamendiko buarra toponimoa 1488. urtekoa da, hau da, Mitxelenak aipatzen dituenak baino 200 urte zaharragoa, Erdi Arokoa. Beste aldetik, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, bular hitzaren lehenengo aipua Leizarragarena da, beraz, Aguraingo toponimo hau litzateke bular izenaren lehenengo lekukoa, Leizarraga baino ia mende bat lehenago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario