viernes, 16 de noviembre de 2018

Martikotene toponimoa

Martikotene eta Martikotenea berri toponimoak Donostiakoak baziren. Bietarako erabilitako informazioa Donostiako toponimia, 1995. urteko lanetikoa da.
Martikotene toponimoaren informazioa hauxe litzateke:
"Marticoténe (29) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Marticotene (1864, Casa de labor, N.P.G., 68 orr.)."
Martikotenea berri toponimoarena:
"*MARTIKOTENEA BERRI: Martikotene berri, Martintxone berri, Setien, Xexenania, Rekondo (1989, D.U.T.B.). 64-5-5, m."
Beste toponimo asko bezala oinarria antroponimoa litzateke eta ondoren -(r)en + -a. Hala ere, lekuko gehienetan -a artikulurik ez dago.
Antroponimoa Martikot litzateke, Marti(n) antroponimoa eta -ko eta -ot atzizki hipokoristikoak dituena. Erdi Aroan ezaguna, batez ere Gipuzkoako sortaldean eta mugako inguruetan. P. Salaberrik bere Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatu zuen, 158. or.:
"Martikot (Marti): Marticot de Beroui (Esterenzubi, 1358, Goih., 1966: 133), Marticot de Callao, Marticot de Yhercoa, Marticot Dubnuguer (Pasaia, 1457, Elortegi, 1992: 165), Marticot de Garayburu (Oiar.al., 1478, C. & C. & G., 1997, 69, 56. or. = Martico de Garayburu, ibid., 72, 73. or.), Marticot de Aguirre (Erre., 1490, ibid., 80, 98. or.), Marticot de Liçarrague (Oiar.al., ibid., 81, 99. or.), Marticot de Larreguy (Biarritz, 1498, Goih., 1966: 20). Iglesiasek Biarrizko Marticot etxe izena biltzen du eta dio Marti okzitaniar aldaeran oinarriturik dagoela (2000: 118, 264-265). Ditugun testigantzak ikusirik badirudi biarriztar ikertzailearen usteak funtsa baduela; zernahi gisaz, Marti aldaera ezaguna zen gure artean ere, Martie, Martin eta besterekin batean."
Martin antroponimoak uzta ugari utzi zuen euskal lurretan, eta bere eratorriak ere ugariak izan dira mendeetan zehar, Martikotene toponimoa beste ale bat gehiago litzateke, Martiotegi toponimoa bezala, mende luzeetan iraun duena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario