martes, 2 de abril de 2019

Margaritosin toponimoa

Erdi Aroan baino ez den agertzen toponimoa hau zaila da kokatzeko baina Gipuzkoan edo Nafarroan izango zen, ziurrenik.
Bi lekukoren bitartez ezaguna da, Los señores de la guerra y de la tierra: nuevos textos para el estudio de los Parientes Mayores guipuzcoanos (1265-1548) liburuan agertzen dira, 85. agirian 1364. urtekoan, Sancho Yuaynes de Margaritossin eta
Martin Ochoa de Margaritossuyn.
Nahiz eta <ss> idatzi, badirudi egun <s> idatziko zela, agiri berean daude Beassayn, Barassoayn, Liçassoayn, egun <s> bakar batez idatziak.
Toponimoa bi elementuz osatuta izango zen, Margarita antroponimoaz eta osin izen ezagunaz.
Margarita izenaz, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburukoa:
"1.112. MARGARITA, emakume-izena: latinez margarita, -ae, perla bat da, pitxia, [...]. Antiokhia-n birjina eta martiri izanikoaren izena da, 275 urte inguruan. Arana Goiri-k Margaritta gizonezkoentzat ipintzen du, eta Margaritte emakumezkoentzat, eta hori anakhronismo bat besterik ez da (167). Ez dirudi beste hizkuntzetan normalki maskulinorik duenik.
Santa Margarita birjina martin bilakatu zen Antiokhian (Pisidia) 275 urte inguruan, Larousse hiztegiaren araura.
[...] Ikus XIV menderako MARGARITA Nafarroan: Margarita, (1366, PN-XIV, F.Sang., 488 orr.), Roncessuailles-en.
Katalunian, ordea, Margarida agertzen da berrogei aldiz 1553 urteko dokumentazioan, eta hiru aldiz Ourense-n 1454-koan, Kremer-en araura (168), vokal arteko oklusivo gorra ozendurik duela.
XII mendean Nafarroa-ko erregina ere hala deitzen zen: Ego Garsias Dei gratia rex, una cum coniuge mea regina dompna Margarita, (1136, Doc. Artajoneses, dok. 81); eta XIII menderako bada MARCHARITA ere, agian hypokoristikoa: domna Maria Marcharita / Domicu Marcharita, (1213, El gran Pr. Nav., dok. 150).
————————
167 Obr. Compl., ‘Lenengo egutegi bizkattarra 1898’, 1635 orr."
Bigarren elementua lehenago aipatutako osin litzateke, toponimoaren lekukoetan ossin eta ossuyn bezala agertzen dena. Orotariko Euskal Hiztegian ez dago osuin aldaerarik. Beharbada kakografia zen, baina ezin da alde batera utzi *osuin aldaera inoiz izan zela, eta gerora osun bezala iraun zuela, azken aldaera hau bada.
Laburtzeko, Margarita emakumezko antroponimoa eta osin izena batuz sortuko zen Margaritosin toponimoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario