Agaratxonea toponimoa Errenteriakoa zen. Bi lekuko ezagutzen zaizkio, biak XVIII. mendearen bukaerakoak, Agarachonea (1793) eta Agarachonea (1794). Bi lekukoek ez dute ezberdintasunik erakutsi eta, beraz, analisiak hortik hasi behar du.
Etxe izena zenez, eta bukaera aldean -(r)en + -a zuenez, normalena litzateke oinarrian antroponimo bat izatea, hau da, *Agaratxo. Izen hori ezezaguna da, baina analisia eginez gero, -txo atzizkia badela edonork pentsa dezake.
Toponimoa iluna izan daiteke, baina ezagutzen dena kendu eta *Agara- bezalakoa geratuko litzateke. Hau ezezaguna da, baina bada izen nahiko antzekoa dena, Ageda. Garai zahar batean -txo atzizkia erantsi eta *Agedatxo hipokoristikoa sortuko zen. Gero, litekeena da toponimoa sortu eta aldaketak gertatu, izen zaharraren ezagutza galdu ondoren. Horrela, r/d nahasketa gertatu zen, inguru horretan ezaguna dena, cf. aide 'aire'. Beste aldaketa bokal asimilazioa izan zen, a-e-a > a-a-a.
Beraz, toponimo honen bitartez beste hipokoristiko zahar baten ezagutza badugu, *Agedatxo (edo *Agaratxo), eta horrela Errenteriako izen zahar honek azalpena ere aurkitu du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario