Mantxosanze toponimoa nafarra da, Izaba herrikoa. Aldaera ugari baditu ere, lekuko zaharren bitartez ziurtasun handia izan dezakegu, toponimo hau analizatzerakoan. Izan ere, 1571. urtean Manchosanz ageri da, eta berdin hurrengo lekukoan, 1602. urtean. Gerora, ez da asko aldatu, baina bada aldaera bat nabarmentzen dena, Machosanz(e), horrelakoa baita bildutako azken lekukoa, gaur egunekotzat har dezakeguna.
Bi dira agertzen diren aldaketak. Batetik bukaerako -e bokalaren gehiketa, nahiko arrunta leku izenetan, deklinazioaren bitartez askotan tarteko -e- jarri beharrak azkenean izenari erantsia geratzen da: Mantxosanz-e-n, Mantxosanz-e-ra, Mantxosanz-e-tik... Horrela, Mantxosanz zena Mantxosanze bihurtuko zen
Bestea, lehenengo silabako sudurkariaren galera, XIX. mendeko lekuko gehienetan gertatzen dena eta egungo ahoskeran ere hala bada. Azalpena ere erraza da, sudurkarien disimilazioa gertatu da eta, ondorioz, lehenengoa galdu da: Mantxosanze > Matxosanze. Fenomeno hau ere ezaguna da, sudurkariekin gertatzen da, baita txistukariekin ere, eta herskariekin ere ez da ezezaguna.
Analisi etimologikoa ez da zaila, jakinik bi elementu antroponimiko dituela, Mantxo antroponimoa eta Sanz(e) patronimikoa. Horrelako egitura duten toponimoak ez dira ugariak, baina badira ale batzuk, adibidez, blog honetan aztertutako Domikusantz toponimoa, hau ere nafarra.
Antroponimoa behin baino gehiagotan agertu da blog honetan eta informazio gehiago nahi duenak Mantxote toponimoari buruzko sarreran aurki dezake.
No hay comentarios:
Publicar un comentario