Errioxako herrixken artean bada Amunartia izenekoa. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoak zaharra izan behar du, euskaraz sortua delako eta, beraz, milurtea izatetik ez litzateke oso urrun egongo. Badago azalpen etimologiko bat Pilar García Mouton-en Toponimia riojana medieval izenburuko lanean:
"Nombres de propietarios hay que verlos también en [...] Amunartia, del vasco amuna = abuela y Artia apellido derivado de artz = oso o quizá de arto = encina."
Toponimoaren elementuak, gutxi gora behera, identifikatu ditu, baina badira egin beharreko zehaztasunak. Horrela, hasierako elementua Amuna antroponimoa litzateke, ziurrenik. Antroponimo honen hainbat lekuko aztertuak izan dira blog honetan, hala nola, Amunaga, Amuña eta Torremuña toponimoak.
Toponimoan Amuna agertzeak eta ez Amuña, Torremuña izenean bezala, azalpen bat merezi du. Uste izatekoa da Amunartia toponimoan Amuna, palatalizaziorik gabe agertu zela, euskal aldaera zelako, Amunaga izenean bezala. Azken zatia zailagoa izan liteke, arte izena dagoelako. Baina, zuhaitz izena ala distantziak markatzekoa? Oso gutxi dira horrelako egitura duten toponimoak. Baina badago baten bat, Galindarte toponimoa bezala, blog honetan aztertua. Zaila da bi aukeren artean bat hartzea, bietan zailtasunen bat dagoelako.
Aipatzekoa da toponimoak disimilazio bat duela, *Amunartea zaharretik Amunartia ezagun den aldaera arte, ezaguna da disimilazio hori, baina euskal toponimoetan ez da ohikoa Erdi Aroan, baina Amunartia 1500. urtean baino lehenago sortua izango zen. Zaila da erdaldunak eragindako aldaketatzat hartzea, beraz, disimilazio hori oso zaharra omen da. Toponimo honen lekuko zaharrak izanez gero, usteak sendotuko lirateke, edo ezereztuko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario