sábado, 27 de julio de 2019

El Ospinete toponimoa

El Ospinete toponimoa nafarra da, Fitero herrikoa. Lekuko zaharrenak XIX. mendekoak dira eta mende horretan bi dira agertzen diren aldaerak, Espinete eta Ospinete, ahaztu gabe 1855. urteko Balde Cospinete, ziurrenik akatsa toponimoaren hasierako belarea, beste inon agertzen ez dena.
Esan bezala, bi aldaera horietatik gero XX. mendean bakarra geratu da, Ospinete, eta azken urteotan gaztelaniazko artikulua ezarri diote eta orain toponimoa El Ospinete da.
Lekuko zaharrak kontuan izanik, bi aldaeren artean aukeratu beharra dago, Espinete ala Ospinete, XIX. mendeak biak lehian izan zirelako. Espinete aukeratuz gero, espina 'arantza' edo espino 'elorri' gaztelaniazko hitz(ar)en eratorria litzateke, gero, arrazoi ezezagun batengatik Ospinete bihurtua, eta azkenean bera izan zen garaile gertatu zena. Baina beste aldaera jatortzat hartuz gero, nola azaldu? Ezaguna da ozpin izen arrunta elementu antroponimikoa ere bazela, Ozpindegi toponimoak erakutsiko luteen bezala. Baina blog honetan emandako etimologia zuzena ez balitz ere, sarrera honen barruan badira Ospina antroponimoaren lekuko batzuk eta hauek ziurrak dira, ez dira inongo interpretazioren menpeko. Beraz, oinarria Ospin(a) antroponimoa bazen, atzizki bat jasoko zuen, -et(e), erdal jatorrikoa, baina euskal lurretako antroponimian bere lekua izan zuena. Beharbada hipokoristiko honen sorrera erdaraz gauzatuko zen, Ospin(a) euskaratik mailegatuz gero.
Orain arte hausnartutako azalpena zuzena bada, Ospin(a) antroponimotik *Ospinete antroponimo hipokoristikoa sortuko zen eta, agirietan aztarrenik utzi ez badu ere, toponimo bat sortuko zen, Ospinete. Gero, toponimoaren jatorria ahaztu eta Espinete, gaztelaniazko herri etimologiaz sortutako aldaera jaio zen eta biak lehian izan ziren, Ospinete garailea izan arte. Aipagarria da herri etimologiak sortutako Espinete ez gailentzea.
Beste azalpena, jatorrian Espinete izan eta gero Ospinete bihurtu, zalantza bat utziko luke, zergatik aldaketa hori, azken batean gaztelaniazko hiztun batentzat Espinete aldaerak lokarri onak baditu, espina/espino eta -ete atzizkia, baina Ospinete izenak ez zuen horrelako loturarik izango.

No hay comentarios:

Publicar un comentario