martes, 23 de julio de 2019

Nagiorbe toponimoa

Nagiorbe toponimoa Eibarren dago. Egun bi baserriren izenetan dago: Nagiorbebekoa eta Nagiorbegoikoa.
Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan toponimoa aipatzen da baina aldaketa txiki batekin:
NAYORBE (prop.), Gorosta auzoa, Eibar
Eta beste baserri bat aipatzen du, Eibarkoa baina beste auzo batekoa:
NAIORBE TXIKI (prop.), Mandiola auzoa, Eibar
XIX. mendeko lekukorik ere bada, Juan San Martinen Eibar eta Elgetako toponomastika = Toponomástica de Eibar y Elgeta liburuan Nagiorbe bada, 65. or.:
NAIORBE
Naguiorbe 1857 Nomenclátor.
Lekuko zaharrenean Nagiorbe bezala agertzen zen, badirudi gerora Naiorbe aldaera nagusitu zela eta, egun, aldaera arautua Nagiorbe da berriz.
Toponimoak bi elementu lituzke, nagi izenlaguna, Nagiibarra toponimoan ere badena. Nagiorbe toponimoan nagi izango zen norbaiten izengoitia, eta bigarren elementua *orbe litzateke, Orotariko Euskal Hiztegian ez dagoena, baina bai hitz honen aldaera zaharragoa izan daitekeena, orube "Solar, terreno edificable o edificado; solar, superficie de un territorio". Aldaera ugari baditu hitz honek: orube, oru, erube, orubee, orobe, oroi, orue, oruba, urube, urue eta urua. Horiei beste bat gehitzekoa liteke, *orbe, toponimo honen bitartez ezagutzera emana. Bilakaera hauxe litzateke, orube > orue > *orbe, guztiak aldaketa ezagunak. Lehenik bokalarteko /b/ galduko zen eta gero /u/ > /b/ bilakaera emango zen, Mutilba Nafarroako herri izenean bezala, Mutilua zaharrago batetik, eta hau Mutiloa zaharrago batetik.
Zalantza bat geratzen da, *orbe izan zen inoiz ala toponimo honetan, sortu zenetik jasotako aldaketen artean *orbe bezala geratu zena? Toponimo hasieran *Nagiorube izan zitekeen, esaterako. Horrek esan nahiko luke *orbe ez dela inoiz izan, toponimo honen bilakaeraren ondorioz hala geratuko zen bigarren elementua baizik.
Beste aldetik, Nagiorbe > Naiorbe aldaketaren prozesuaren lekukoak baditugu, eta XIX. menderaino badirudi nagi gordetzen zela, baina gero galduko zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario