jueves, 7 de noviembre de 2019

Matxitxenborda toponimoa

Toponimo hau Irungoa da, Meaka auzokoa. Lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira, eta Matxitxenborda izenaz gain badira beste bi aldaera:

Machichemborda, 1780
Machichamborda, 1790-1812, 1837, 1845, 1877, 1883, 1901, 1956
Machichanborda, 1797, 1818, 1845-62, 1899, 1940 Matxintxar Borda, 1974, 1986
Zaharrena Matxitxenborda bada ere, Matxitxanborda-ren lekukoak askoz gehiago dira eta nahiko zaharrak. Matxintxar Borda, aldiz, nahiko berria da eta ez du ikerketa etimologikoan aurreratzeko ekarpenik egingo.
Bi aldaeraren artean aukera egin beharra dago, nahiz eta ezberdintasuna oso txikia da, a/e bokalen aldea, besterik ez.
Toponimoak bi elementu lituzke, *Matxitxan edo *Matxitxen, biak ezezagunak, eta borda izen arrunta. Antroponimo horretan oinarria *Matxi 'Martin' izango zen eta atzekoa atzizki hipokoristikoa litzateke. Atzizkia zein zen erabakitzeko P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan begiratu eta, -txan atzizkirik ez badago ere, badira hiru izen -txen dutenak, 212. or.: Joantxen, Juantxen eta Katalintxen. Salaberriren arabera atzizki hori konplexua litzateke eta beste bi atzizkiz osaturik izango zen, -txe, xe / -x, -tx + -en.
Beharbada ez da beharrezkoa -txen atzizkian bi atzizki izatea, -en ustezko atzizkiaren lekuko oso gutxi daude eta azalpenik ez du. Beharbada, aipatu beharko litzateke -txe atzizkiak baduela -txen aldaera, izan ere badira hementxen eta oraintxen, hementxe eta oraintxe ezagunen aldaerak. Beharbada aldaera hori onomastikara ere igaro zen eta *Matxitxen hipokoristikoa sortu zen eta hortik Matxitxenborda toponimoa osatu zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario