martes, 29 de octubre de 2019

Ochando toponimoa

Toponimo hau nahiko urrun dago, izan ere, Ochando Segoviako herri izena da, Espainiako Gaztelan.
Lekuko zaharrik ez dago baina, hala ere, aldaketa larririk gertatu ez bada, euskal antroponimiaren ezagutza apur bat izanez, toponimoa erabat gardena da. Otxando antroponimoa litzateke, beste ezer erantsi gabe. Blog honetan behin baino gehiagotan aipatuak izan dira izen honekin sortutako toponimoak: Otsandola, Otsondoa, Otxandibar, Uxando, gutxienez. Otxando antroponimo hipokoristikoa litzateke, Otxo(a) antroponimoa eta -ndo atzizkia gehitua.
Otxando antroponimoak ez zuen oso lekukotza handirik utzi, lekuko antroponimikoak gutxi dira, hamar bat inguru, baina lekukotza toponimikoa kontuan hartuz, bere garaian inportantea izan zen.
Segoviako toponimoaz, nahiz eta euskal jatorrikoa izan, ezaguna da euskal antroponimia bere hizkuntzatik kanpora hedatu zela eta, beraz, Otxando ez zen izango ezezaguna inguruko lurraldeetan, batez ere Errioxan. Hori guztia jakinik, Ochando toponimoaren sortzailea, ez zen nahi ta nahi ez euskalduna izan beharko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario