viernes, 19 de febrero de 2021

Aiastia toponimoa

 Aiastia Elgoibarko toponimoa da, baserria eta biztanle-entitatea. Bi toponimo eratorri badira, herri berean, Aiastierreka eta Aiastitxiki baserria.
Toponimoak ez du lekuko zaharrik eskura baina, dagoen bezala, analizatu daiteke. Hiru elementu lituzke, artikulua zenbatu gabe. Oinarrian aiher hitza, ondoren -tza eta -di atzizkiak izango lirateke, baina biak batu dira eta ondorioz, toponimoaren azken zatia ilundurik geratu da. Bilakaera berdintsua Intxausti toponimo ezagunagoak izan zuen: intxaur + -tza + -di > Intxausti. Batetik -tza atzizkiak bokala galduko zuen, horrek elkartuko zituen txistukaria eta herskari ahostuna: z-d > z-t. Ondoren rz > s gertatuko zen, bilakaera berdina hainbat hitzetan dago: uso/urzo, bost/bortz. Ziurrenik lehenago /e/ bokala aldatuko zen, /a/ bihurtuz. Beharbada bokal asimilazioaz: a-i-e > a-i-a, edo aiher hitzaren aldaera bat *aihar izan zen, ezezaguna baina izan zitekeena, eR > aR bilakaeragatik, ohikoa sartaldeko hainbat hitzetan: garri 'gerri', txarri 'txerri', e. a.
Dirudienez, garai batean aiher 'leku aldapatsu' bezala uler zitekeen, nahiz eta euskal testuetan esanahi hori ez izan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario