Baranbio toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XX. mendearen bukaerakoa. Federico de Barrenengoaren Onomástica de la Tierra de Ayala liburuan agertua:
JUANDALAPERIToponimoaren beraren azalpenean badago bere etimologia, agerikoa dena, Juandalaperi = San Pedro. Hiru elementu lituzke, Jaun + done + Peri, baina aldaketa batzuk jasoko zituen sortuko zen garaitik. Hasierako diptongoan metatesia izan da: au > ua. Gainera, done hitzaren hiru fonematan aldaketa izan da, aldatu ez den bakarra /d/ herskaria izan da. Bokaletan, ziurrenik asimilazioak eragina izan du: a-o-e > a-a-a, beharbada tarteko urrats baten beharra izan da. Azkenik, sudurkaria ere aldatu da, eta honetan disimilazioa izan da aldatzeko indarra: n-n > n-l, bilakaera bera gertatuko zitzaion Muliate toponimoari.
JUANDALAPERI. —Cerca y al NF. de Pozueta, junto al mismo San Pedro. Baranbio.
Bizkaian badago toponimo bat elementu berberak dituena eta ahozko aldaeran ere hainbat aldaketa jaso zituena, Jandoneperi (Jalanpi) toponimoa, Arrigorriagakoa eta kilometro askotara ez dago. Honetan ere sudurkarien dismilazioa izan da, baina aldaketa lehenengo sudurkariari gertatu zaio: n-n > l-n. Bokaletan ere asimilazioa izan da, ahaztu gabe lehenengo silabaren diptongoa desagertu dela. Bietan aldaketa nabarmenak gertatu dira eta neurri batean, berdintsuak izan dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario