viernes, 26 de agosto de 2022

Txomin toponimoa

Txomin da Artziniegako toponimo bat, baserri bat, erreka-zulo bat eta putzu bat izendatzeko. XX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

CHOMIN, caserío de Arceniega.
Toponimoak ez du zailtasunik, dirudiena bada, behintzat. Txomin antroponimo hipokoristikoa ezaguna da eta egun ere erabilia. Bere jatorria Domingo antroponimoan dago, eta hasierako herskaria aldatu zen ezaugarri txikigarria emateko, baita azken silaba galdu, baina hau ez da oso ohikoa.
Txomin izenak aztarrena utzi du toponimian, horrela, blog honetan aztertutako Txominurtzillo toponimoa dago, Bizkaian. Txomingotegi toponimoa, aldiz, ezberdina da, itxuraz, *Txomingo antroponimoa dago oinarrian, beste inon jaso ez dena, itxuraz.
Azken ohar bat toponimoaz, ikus daitekeenez, ez du beste ezer erantsirik, ez izenik, ez atzizkirik. Beharbada, jakinik Artziniegan erdara aspaldikoa dela, toponimoa erdaraz sortu zen.

miércoles, 17 de agosto de 2022

Zarkumendegi toponimoa

 Zarkumendegi Astigarragako basoa da.
Errenteriako udalaren web-gunean Zarkumindegi ere aipatua da, bi lekuko eskainiz:

Carquimindigui 1495
Zarcamundegui 1945
Antzinako lekukotza nagusia Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuan dago, bertako agiri batean toponimoa lau aldiz aipatzen dute, 50. agirian, 1495. urtean:
... los quales dichos mojones están debaxo de vn espino, e del dicho mojón de Mocorregui a otro mojón que se llama Cabeça de Mocorregui, e d’este dicho mojón a otro que se llama Olla de Oro, el qual está a cabeça de Çarquimindegui, donde está vn sennalamiento
de sepultura antigua, e vn grande morcuero de piedras, e dende a otro mojón qu’está ay çerca, el qual asimismo Çarquimindegui al camino, e desde el dicho mojón a otro que está en vn rrecuesto, que asimismo se llama Çarquimindegui e debaxo del dicho rrecuesto ay çerca otro mojón, el qual está en el mismo término de Çarquimindegui, çerca del camino que ba a Armanan...
Bilakaera, orduan izango zen Zarkimindegi > Zarkumindegi > Zarkumendegi. Azken aldaketa bokal asimilazioa izango zen, i-e > e-e. Aurreko aldaketan aldaketaren norabidea alderantzizkoa izan zen, disimilazio bat gertatu zelako, i-i > u-i. Azaltzeko geratzen da Zarkimindegi izena. Bukaerako mindegi izan liteke, azarorik gabe, baina hasierakoak azalpen luzeagoa merezi du, zarkin hitza izan daitekela, izengoiti bezala erabilia. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua da, 141. orrialdean:
Zarkin, Zarkina (Zar): Sanso Zarquina (Art., c. 1158, 123), «Pascoal, fijo de Lope Çarrguin» (sic) (Oteitza Iguzkitzaibar, 1330, LPN, 289). Bigarrena zalantzazkoa da, izengoiti itxura handia izateaz landara, <g>-z idatzirik baitago (cf. Andergina). Zernahi dela, oinarrian zahar izenondoa dugu, bi lekukotasunetan.
Izengoiti hori ziurrenik ere badago blog honetan aztertutako Zarkindegi toponimoan, baina honetan ez zen aldaketarik izan. Zarkimindegi aldaera zaharrean aldaketa txiki bat izan zen, sudurkari fusio bat, Zarkin + mindegi batzerakoan nm > m gertatu zelako.

viernes, 12 de agosto de 2022

Elespurillo toponimoa

 Elespurillo da Elciegoko aurkintza baten izena.
Izena nahiko iluna da, baina bukaeran -illo erdal atzizkia omen dago. Hala bada, hasierako zatia azaltzeko geratzen da. Hau, ziurrenik, Elespuru toponimoa da. Hau Araban zein Bizkaian dago, Bernedoko herrian irtengunea, hegala eta alorra da, Gazteizen aurkintza bat da et Bizkaiko Maruri-Jataben baserri bat. Izena erraz analizatzen da, eliza + buru delako. Jakina, sartaldeko aldaera erabilia izan da, elexa, eratorpenenan elex- aldaera dago. Azkenik, herskari aurreko txistukaria neutralizatu da, <s> geratuz. Elexpuru ere ezaguna da eta honetan txistukaria gorde egin da.
Beraz, Elespuru + -illo > Elespurillo. Ezin jakin izendapenaren arrazoia, Beharbada Elespuru toponimoa bazen eta haren zati bati izen hori eman zioten. Edo, bazen Elespuru deitura zuena eta izengoiti bezala Elespurillo izan zuen. Edonola ere, izenaren elementuak argiak dira.

viernes, 5 de agosto de 2022

Zabalobaso toponimoa

 Zabalobaso da Zumarragako aurkintza bat.
Toponimoak aldaketa ezezagunik jaso ez badu analisi erraza luke, bi elementuz osaturik dagoelako. Azkena baso izen arrunta da eta hasierakoa Zabalo izengoitia, zabal izenondotik sortua. Izengoiti honetaz informazio gehiago Zabaloenea eta Zabalonea toponimoen sarreran.

miércoles, 3 de agosto de 2022

Antxumaitz toponimoa

Antxumaitz da Oñatiko irtenbide bat.
Lekuko zaharrik ez da eskuratu, baina toponimoan aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, erraz analizatzekoa da. Toponimoak bi elementu lituzke, antxume eta haitz.
Antxumea da ahuntzaren kumea. Hitzean aldaketa batzuk gertatu dira, hasierako diptongoa soildu da eta afrikatua aldatu da, beharbada esanahiari txikigarritasuna eransteko.
Hala izan bada, geratzen da jakiteko izendapenaren arrazoia, eta horretan, beharbada, oñatiarrek ideiaren bat izan dezakete, nahiz eta batzuetan egun dauden interpretazioak ez diren nahita nahi ez aspaldian izena eman ziotenenekin bat etorri behar.

lunes, 1 de agosto de 2022

Kiruri toponimoa

Kiruri izeneko etxea eta jatetxea daude Azpeitian.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, baina honetan Azkoitiko baserri bat litzateke:

KIRURI (transf. en viv.), Izarraitz ballara
Toponimoen oinarrian kiru izena dago, zuhaixka bat izendatzeko:
kiru.
(V-m-gip, G-azp), kiro (V-gip; A Apend). Ref.: A; Garate Cont RIEV 1933, 99; Iz UrrAnz, ArOñ; Elexp Berg.
"Cierta retama cuyas ramas son buenos combustibles" A. "Planta parecida a la retama" A Apend. "Kiro, un arbusto inútil, en Elgóibar" Garate Cont RIEV 1933, 99. "La retama" Iz UrrAnz. "Kiruak udaberrixan loria ori-orixa etaratzen dau" Elexp Berg.
KIRU-LUR. "Lo que llamamos kiru lurra es una tierra que produce de suyo la planta que conocemos de kiruba" Ensayo 27.
Oinarria kiru da, Kirua eta Kirueta toponimoetan dagoen bera, baina bukaerakoa iluna da, Kiruri izena aldaketa baten ondorioa delako. Euskararen eremu batzuetan, batez ere Gipuzkoako batzuetan, bokal arteko r/d nahasketa gertatu ohi da, horrela, aide 'aire' ez da ezezaguna eta zenbaitean alderantzizkoa gertatu ohi da, VdV > VrV, Kiruri toponimoan bezala, beste adibide bat Agaratxonea toponimoa litzateke, jatorrizkoaren oinarrian *Agedatxo izango zelako. Atzeranzko urratsa eginez, *Kirudi berreskuratuko genuke, hau da, kiru + -di. Atzizki hau oso zabaldurik dago toponimian: Sagasti, Urkidi... bezalako izenetan.

Gonbizenea toponimoa

 Lesakako etxe izen honen lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegitik Gonbizenea sarreratik eskuratuak:

gonbicenia (1795)
gombicenea (1833)
gonbicenea (1894)
gonbizenea (1960)
gonbizenea (1997)
gombizénia (1992-1999)
gonbízinia (1992-1999)
Toponimoaren bukaeran -(r)en + -a daude, ohikoak etxe izenetan, baina interesgarriena oinarrikoa da, Gomitz antroponimoa dagoelako. Aldaketa ezohiko bat gertatua da, m > nb, ziurrenik hiperzuzenketaz. Euskararen bilakaera ezaguna da nb > m, oso aspalditik. Horrela, Akitaniako inskripzioetako SEMBE- aldatu zen seme bihurtuz. Geroagoko hitza da komentu, beste batzuen artean. Ziurrenik hiperzuzenketa gertatu zen, hiztunek pentsatuko zuten nb > m aldaketa gertatua zela eta jatorrizko izena berreskuratu zuten, inoiz izan ez dena.
Toponimo paraleloa Gomizenea litzateke, aldaketarik gabea. Gomitz antroponimoaz informazio gehiago Komistain toponimoaren sarreran.