Arrataka da Andoaingo bide baten izena. Amezketan, Gipuzkoan ere, bada Arratakaenea izeneko etxea. Bien arteko toponimo hauetan ez dago loturarik, Andoain eta Amezketa urrunduak direlako.
Arrataka, deitura bezala, XVI. mendetik ezaguna da, Dokuklik web-gunean lekuko batzuk badira, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, lekuko zaharrenak Oiartzungoak dira, geroagokoetan Amezketakoak dira asko:
Toponimoak bi elementu lituzke, harrate izena eta -ka atzizki txikigarria. Eratorpena egiteko, oinarriaren azken bokala /a/ bihurtu zen, ohi den bezala. Bestela, asimilazioa ere erraz gerta ziteken, a-a-e-a > a-a-a-a, lau bokalak berdinduz.
Hemen aurkeztutako analisia zuzena bada, harrate izenaren lehenengo lekukoa 1586. urteko Thomas Albistur Arrataça izan daiteke. Arazo bat dago grafiarekin, <ç> hori nekez ulertzen da, nashasketa normalean beste aldetik etortzen delako, <ç> egon behar den lekuan <c> agertzea, eskribauari ahaztu zaiolako letra osoa egitea. Gainera, toponimoa *Arrataza izatea ez litzateke ohiz kanpoko izena, azken elementua -tza atzizki ezaguna litzatekeelako. Edonola ere, toponimo hori litzateke harrate izenaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegikoa baino 200 urte lehenagokoa.
Oiartzunen hitza ezaguna zen eta toponimian erabilia, Oiartzungo toponimia = Toponimia de Oiartzun liburuan harrate izenarekin sortutako toponimoak daudelako, 89. or.:
Arraketa. Parajea.Arrate, Arrategaña eta Arrateta azaltzeko errazak dira, baina Arraketa zailxeagoa da. Azalbide bat herskari disimilazioa izan daiteke, *Arrateta > Arraketa, t-t > k-t aldaketarekin. Hala ere, herrian bertan Arrateta bada, aldatu gabe. Beste azalbide bat izan liteke herskari metatesiarena, t-k > k-t. Horrek esan nahiko luke toponimoa hasieran *Arrateka zela, aztergai den Arrataka izenetik oso hurbil. Zoritxarrez, azken toponimo hauen lekuko zaharrik ez dago eta horrek oztopatzen du hipotesiak egitearena.
Tomolan kokatua, ez da Kausuako Arratetarekin nahastu behar, oso antzeko forma den arren.
[...]
Arrate eta Arrategaña. Parajea, bizkarra, ibaiartea.
Gurutze auzoan. Arrategaña ere Azerigorrigaña izenez ezagutzen da.
Arrateta.
Arrateta hegia eta Arratetagaña Uzpuru eta Bianditz inguruan.
Bukaerarako -ka atzizkia geratu da, txikigarria litzateke, -ko bezala. Atzizki horren lekuko bat Urrekazulo toponimoa izan daiteke, barruan *Urreka edo Urraka antroponimoak izango lirateke. Kasu honetan azken bokala emakumezkoak direla adierazteko erabili da, toponimoaren kasuan ez litzateke beharrezkoa. Horrela, ilun geratzen da -ka atzizkia erabiltzearen arrazoia. Beharbada antroponimiatik hedatu zen beste esparru batzuetara.
No hay comentarios:
Publicar un comentario