Mostrando entradas con la etiqueta Kardel. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Kardel. Mostrar todas las entradas

viernes, 15 de marzo de 2024

Kardelmendi toponimoa

Erdi Aroko toponimo honen lekuko bakarra aurkitu da, Donemiliaga Kukulako Becerro galicano delakoan, XI. mendeko agiri batean:

una vinea in Barbarien; alia vinea, iuxta molino de Ocogen; alias decem viniolas in vineas de Urbe, ubi dicunt Oriveta; alias duas vineas in Cardelmendi; alias sex viniolas in vineas de Ciroqui, super molinos; alias quinque viniolas in vineas de Ligorrita; alias quinque vineas in Nabiens, et una deserta.
Aipatzen den Ciroqui hori Zirauki dela interpretatzen da, beraz, toponimoa nafarra izan zen, aspaldian galdua, dirudienez.
Lekuko bakarra bada ere, oso argia da, jakinik Erdi Aroan Kardel antroponimoa izan zela, euskal lurretan hainbat lekuko toponimiko utzi dituena, Kardel, Kardelarreta eta Kardelene toponimoak bezala. Kardel toponimoaren sarreran informazio gehiago antroponimo horretaz.
Beste elementua mendi izena da, ikus daitekeenez, ez da batere aldatu azken mila urteetan, beste euskal hitz asko bezala. Ziurrenik hau da Kardel antroponimoaz sortutako lehenengo toponimoa, antroponimoa erabili zeneko garaikoa delako.

jueves, 14 de marzo de 2024

Kardelarreta toponimoa

 Errenteriako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Kardelarreta:

Kardelarreta
Mota: Etxea
Ahozkoa: X
Kokatua: Ez
historikoa
URTEA     ERA     AZALPENA     ITURRIA
                Cardelarreta/Kardelarreta           BOZ
Toponimoa ez da erabat argia, atzean -eta atzizkia ziurra da, baina aurrekoa ez hainbeste. Hala ere, beste bi elementu antzeman daitezke, tartekoa larre izena izan daiteke eta hasierakoa Gardele antroponimoa:
Erdi Aroko izena, Arabako Gardelegi eta Nafarroako Gardelain toponimoen oinarrian dagoena. Otsagabian (Nafarroa) 1072an Gardele Acenarz genuen eta Orontzen (Nafarroa), urte berean, don Gardele. Erromantzeko aldaera Cardiel da (Kardiel Belasconis, Uskartze, N, XI. m.).
Blog honetan beste toponimoetan bezala, Kardel(e) aldaera erabiliko zen, Kardel edo Kardelene toponimoak bezala. Azken hau Oiartzungoa da, Errenteriaren herri mugakidea. Hori dela eta, beharbada bi toponimo horiek loturik daude, Kardelen beraren jabetzak adierazteko.
Toponimoan gertatutako aldaketa bakarra izan da antroponimoaren azken fonema eta larre izenaren lehena batu ziren, alboko bat geratuz: Kardel + larre + -eta > Kardelarreta.

lunes, 20 de noviembre de 2023

Kardelu toponimoa

 Kardelu da Amezketako iturburu bat, beraz, Gipuzkoako toponimoa da. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoak oso antz handia du Gipuzkoako beste toponimo batzuekin, Kardel edo Kardelene toponimoarekin. Azken hauetan Gardele antroponimoa dago, Kardel aldaerarekin. Arazoa bukaeran dago, baina irtenbidea bada, Kardel toponimoen sarreran aipatu zen Gardele edo Kardel izenaz gain, beste aldaera batzuk bazirela, tartean Kardellu, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan Cardellus antroponimoa aipatzen du:

262. — *Gardele (Kardelli) n. pr.: Gardelaynn (1330), Gardelegui (top. Gardellihi, Al., 1025); Cardellus abba (a. 981, Bec. gót. de Cardeña, CXXXI, 145), ap. Cardel (Lesaca, Nav.). V. Menendez Pidal, Oríg. 147 y 150."
Aragoiko San Juan de la Peña monasterioko kartularioan badira gutxienez beste bi lekuko, 44. agirian Kardellu Ennecones dago eta 49. agirian Kardellu de Bassobauzo. Beraz, Gardele antroponimoaren aldaeren artean bat izan zen Kardelu toponimoaren sortzailea. Aldaketa bakarra, bokalarteko albokoa, euskararen egokitzapena jaso zuelako, mailegu zaharrak bezala.

lunes, 13 de noviembre de 2023

Kardelegi toponimoa

 Nafarroako aurkintza hau bi herritan hedatzen da, Estenotz herriko Kardelegi eta Muzki herriko Kardelegi. Estenozko toponimoaren lekuko zaharrena XVII. mende bukaerakoa da, cardelegui (1694), geroztik ez da aldatu. Muzkikoaren lekuko zaharrena urte gutxi batzuk geroagokoa da, gardelegui (1708). Geroko lekukoetan Kardelegi (1995, 2019). Baina joan den mendearen bukaeran jaso ziren ahozko izenak eta Gardelegi zein Kardelegi izan ziren.
Toponimoak oso antz handia du Arabako Gardelegi toponimoarekin. Honek gogorarazten du Gardele antroponimoa. Dirudienez, Julio Caro Baroja izan zen lehena lotura hori egitean bere Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina liburuan, 71. or.:

«Gardalain»: lugar del municipio de Ezprogui, valle de Aibar, con 21 casas (Altadill); 7 en 1802. En 1471 estaba despoblado. En los documentos medioevales aparece la grafía «Gardelaynn». El abandono por parte de los pecheros data de 1334. Puede compararse el nombre con «Gardelegui» en Alava; «Gardel» parece, pues, el nombre básico.
Nafarroako toponimoan Gardele izan beharrean Kardel izan zitekeen, aurrekoaren aldaera eta beste toponimo batzuetan dagoena, Gipuzkoako Kardel toponimoetan edo Kardelene toponimoan, hau ere gipuzkoarra.

lunes, 6 de noviembre de 2023

Kardelene toponimoa

 Kardelene da Oiartzungo etxe bat. Oiartzungo toponimia = Toponimia de Oiartzun liburuan aipatzen dute, baina informazio gehiago gaineratu gabe, 173. or.:

Kardelene. Etxea.
Pierresenea izenez ere ezagutzen dena.
XX. mendeko bigarren erdialdean agertzen da Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:
KARDELENE (prop.) Iturriotz ballara, Oiartzun
Lekuko zaharragorik ez da lortu, baina dagoenarekin nahikoa da analisi etimologikoa egiteko, jakinik izena ez dela askorik aldatu. Bukaeran jabetza adieraztekoa dago eta hori ohikoa da etxe izenetan. Oinarrian antroponimo bat izan ohi da eta hala gertatu da toponimo honekin, Gardele antroponimoa dagoelako, Kardel aldaerarekin. Kardel toponimoen oinarrietan dagoen bera. Azken sarrera horretan informazio gehiago Erdi Aroko antroponimo honetaz. Gainera, izen horren lekukoak oso zaharrak dira, milurte ingurukoak eta, beraz, Oiartzungo toponimoaren sorrera data garai hartakoa izan liteke.

lunes, 9 de octubre de 2023

Kardel toponimoak

 Gipuzkoa zaharrean bi dira Kardel toponimoa dutenak, bata Zestoa inguruko saroi baten izena izan zen Erdi Aroan eta Archivo Municipal de Zestoa (1338-1520) liburuan daude hemen aztertuko diren lekukoak. Guztira lau dira, agiri berekoak, 36. agirikoak, 1479. urtekoak. Lehenengo biak 110. orrialdekoak dira:

sel llamado Cardel [...] el dicho sel de Cardel
Hurrengoa 117. orrialdekoa da:
la parte de Cardel
Azkena 147. orrialdean dago:
la parte de Cardel
Toponimo guztiak berdinak dira, aldaerarik ez dago eta horrek izen bakarra uzten du analizatzeko, Kardel.
Beste toponimoa Berastegikoa zen, hala agertzen baita Lope de Isastiren Compendio de la historia de Guipuzcoa liburuan, 1625. urte ingurukoan, Berastegiko mendiez ari denean, 231. or.:
[...] Iporino, Valerdi, Cardel, Artobi en la jurisdiccion de Verastegui. Lanuce en lo alto de Bedayo á la parte de Aralar.
Berastegiko toponimo honetan, Zestoa ingurukoan bezala, izen bakarra dago, nahiz eta lekuko bakarra izan, Kardel. Analisi etimologikoari dagokionez, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian bada oso antzeko antroponimo bat, Gardele:
Erdi Aroko izena, Arabako Gardelegi eta Nafarroako Gardelain toponimoen oinarrian dagoena. Otsagabian (Nafarroa) 1072an Gardele Acenarz genuen eta Orontzen (Nafarroa), urte berean, don Gardele. Erromantzeko aldaera Cardiel da (Kardiel Belasconis, Uskartze, N, XI. m.).
Antroponimoa ez da berdina, baina nabarmena da jatorri berekoak dira. Ezberdintasunak azalekoak dira, hasierako herskaria ahoskabea da bukaerako bokala galdua du edo, beharbada, Gardele izenean bokal hori erantsi zen, Nabaskoze eta antzeko toponimoetan gertatu zen bezala. Erdi Aroko antroponimian aldaera batzuk agertzen dira: Cardel, Cardello, Cardelle, Cardelo eta Kardellu, Gardele ahaztu gabe.

viernes, 15 de septiembre de 2023

Villacardel toponimoa

 Villacardel da Arabako bi herritan dagoen toponimoa. Laguardian bizkarra, hegia eta erreka da. Lezan, aldiz, aurkintza bat da.
Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoa nahiko gardena da, Erdi Aroko euskal antroponimia ezaguturik.
Toponimoa erdaraz osaturik dago eta bi elementu daude, villa erromantzezko izena, Villafrade eta Villacobe toponimoetan dagoena eta Kardel, Erdi Aroan antroponimoa izandakoa, Gardele aldaera euskaraz erabili zen, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiaren web orrian adierazten den bezala:

Erdi Aroko izena, Arabako Gardelegi eta Nafarroako Gardelain toponimoen oinarrian dagoena. Otsagabian (Nafarroa) 1072an Gardele Acenarz genuen eta Orontzen (Nafarroa), urte berean, don Gardele. Erromantzeko aldaera Cardiel da (Kardiel Belasconis, Uskartze, N, XI. m.).