Momategi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Momategi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019(e)ko ekainaren 1(a), larunbata

Momategi toponimoa

Momategi izeneko baserriak badira Mungian eta Lemoizen. Azken herri honetan Momategierrekea toponimo eratorria ere bada.
Lekuko zaharrenak XVIII. mende bukaerakoak dira, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburukoak, Mungiako baserriaz, hain zuzen:
"Momategui [N, TO]
Momategui (la casa en Saraquecho+), Munguia (villa de), a.1799, FogVizcayaMs.
Momattegui (la casa de) [Saraquechos (varrio de)] [Lemoniz (casas avecindadas a)], Munguia (anteiglesia de), a.1796, FogVizcayaMs."
Zahartasun handirik ez badu ere, Momategi analizatzea ez litzateke zaila, euskal antroponimia zaharraren ezagutza izanik. Toponimoak bi elementu lituzke, *Moma antroponimoa eta -tegi atzizkia. Momiola eta Momotegi toponimoen oinarrietan Mome/Momo antroponimoa bazen, gizonezkoa. *Moma, aldiz, emakumezko izena izango zen. Erdi Aroko lekukoetan Momadonna (Momadonna, Donemiliagako kartularioa, 2. agiria, 800) eta Mumadonna (Mumadonna, Donemiliagako kartularioa, 1. agiria, 759) bezalako izenak badira, eta atzean dute donna < lat. domina (cf. andre euskarazko erabilera berean).
Toponimoa, ziurrenik, Erdi Aroan sortuko zen eta oinarrian *Moma izango zen, nahiz eta bilatutako testuetan behin ere ez agertu izen hori bakarrik.